San Jeolimo (irailak 30) haragia piper handixakin jateko

Hendaiar bat ere atxilotu dute Lurraren Altxamenduak kolektiboaren kontrako sarekadan

Iazko abenduan hormigoi ekoizle den Lafarge lantegi batean burutu ekintza ekologistari lotuak dira atxiloketak. Gutienez hamabost lagun atxilotu ditu Poliziak astelehenean, tartean hendaiar bat eta baionar bat. Sarekada salatzeko elkarretaratzea eginen dute asteazken arratsalde honetan 18:30ean Baionako suprefetura aitzinean.


2023ko ekainaren 07a
Hormigoi ekoizle den Lafarge enpresa handiaren kontrako ekintza burutu zuten iazko abenduan. Ekimen horri lotuak dira atxiloketak. Argazkia: Lundimatin
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Baionarraz gain, hendaiar bat ere bada ekainaren 5 goizean Frantziako Poliziak atxilotutakoen artean. Tolosa (Okzitania) hirian bizi da eta atxilotuen hurbilekoek zehaztu diotenez ARGIAri, gazte hori ere dauka Poliziak atxiloturik. Lurraren Altxamenduak mugimenduaren aurkako sarekadaren barnean kokatzen dira, eta guzira hamabost bat lagun atxilotu dituzte zortzi herritan –Baionaz gain, Marseilla, Montreuil, Dijon, Lyon, Tolosa hirietan eta Tarn-eta-Garona eskualdeko Caylus eta Verfeil-sur-Seye herri ttipietan–. "Talde antolatuan egin suntsiketak" eta "gaizkile taldeko kide" izatea leporatzen diete. 2022ko abenduaren 10ean, Frantziako Bouc-Bel-Air herriko Lafarge lantegian burutu desobedientzia eta sabotaje ekintzari lotuak da Polizia operazioa.

Astearte honetan Tolosan (Okzitania) atxiloturik segitzen dute Baionako eta Hendaiako gazteek eta osteguna arte iraun dezakete atxiloaldiak. Ostia kolektiboak deiturik, sarekada hori salatzeko elkarretaratzea egin dute Baionako herriko etxe aitzinean astelehen arratsaldean. Gaur ere eginen dute elkarretaratzea 18:30ean Baionako suprefetura aitzinean.

Baionako gaztearekin elkartasunez eta atxiloketak salatzeko elkarretaratzea ekainaren 5ean Baionan. Argazkia: Euskal Irratiak

Hain zuzen, ekintzen bidez egoera salatzeko deia zabaldu du Lurraren Altxamenduak ere: Lafargen enpresen eta prefekturen aitzinean jarri dute hitzordua asteazken gauerako.

Repoterre komunikabide independenteak ohartaratzen duenez, sarekadari buruzko informazio guti zabaldu dute Poliziak eta Frantziako Gobernuak: astelehen honetan 06:00etan atxilotu arren 21:00etan ez zuen oraindik ezer komunikatu gobernuak. Atxilotuen hurbilekoek jakin ahal izan dutenez, Lafargen enpresan izandako ekintzaz haratago doaz galdeketak: Sainte Soline herrian laborantza industrialaren mesedetara eraikitzekoa duten uraska erraldoiaren aurkako manifestazioaz, beraien irakurketez – Andreas Malmen Comment saboter un pipeline (La Fabrique, 2020) liburuari begira duten interesez– ala beren hausnarketa politikoez.

Abenduaren 10ean 200 bat ekintzaile sartu ziren Lafargen lantegi batera, ekintza zuzenaren bidez enpresaren kalte ekologikoak salatzeko

Iazko abenduaren 10ean 200 bat ekintzaile sartu ziren Lafargen Bouc-Bel-Air herriko lantegira, ekintza zuzena erabiliz arma gisa. Zementu zakuak hustuz, paretak pintadez estaliz, makinak suntsituz eta bulegoak fundituz, enpresak eragin kalte ekologikoak salatu nahi izan zituzten enpresa bera zuzenean kaltetuz. Lafargen zuzendaritzaren arabera, lau milioi euroko kostuak eragin zituen ekintzak. Ondoko irakurketa zabaldu zuen Lurraren Altxamenduak-ek: "Beren kalteez hondatutako munduan etorkizunik gabe uzten dituzten belaunaldien haserreaz ez dute ezer entzuten Lafargek eta bere konplizeek. Hiltzen gaituzten armak dira haien makinak, siloak eta nahasgailuak. Haien baitarik ez dira geldituko, geldituko dira horretara behartuz gero. Beraz, hondamendi-azpiegitura hauek desegiten jarraituko dugu. Hormigoia okupatzeko, blokeatzeko eta armagabetzeko deia egiten diegu Lurraren alde altxatzen diren guztiei".

Lafarge enpresak eragin kalte ekologikoei erantzuteko kaltetu zuten enpresa bera, tartean makinak suntsituz. Argazkia: Lundimatin
Frantziako Gobernuak desegin nahi duen mugimendua

Borroka-bide eraginkorrak asmatzen dabilen "lurraren altxamenduak" hats gabe utzi nahi luke Frantziako Estatuak titularra jarri genion mugimendu horri begira Frantziako Estatuak bideratu jarrera aztertzen duen erreportajeari. Hain zuzen, izan Sainte-Solineko errepresio basatia –200 lagun kolpaturik, 40 larriki eta horietarik bi koman aste luzez– ala Lurraren Altxamenduak sarea ilegalizatzeko nahia –martxoaren 28an jakinarazi zuen Barne ministro Gerard Darmaninek taldea desegiteko xedea–, mugimendu ekologista berritzaile horri bidea moztu nahi dio gobernuak. Funtsean, helburu horren baitan kokatu behar dira ekainaren 5eko atxiloketak.

 

Kanboko Marieneko lurrak irauli dituzte ELB, Lurzaindia eta Ostia sareak
Maiatzaren 17an bertaratu eta barazkiak landatzeko hitzordua jarri diete herritarrei. Karia horretara egun osoko egitaraua osatu dute, Marieneako lurrak laborantzarako atxikiak izatearen alde. (+)
Herritarren kexuaren gainetik pasaz, aitzina doa Gatika-Cubnezais itsas azpiko kable elektrikoaren eraikuntza
Obrak "abiadura handian" doazela deitoratzen dute makroproiektuaren kontrako kolektiboek. Landetako THT Ez taldeak hitzaldia antolatu du apirilaren 27rako, ozeanoei buruzko nazioarteko hainbat aditurekin, tartean, Paul... (+)
AHTren atzerapena gaitzesteko gutuna bidali diote Europako Batzordeko Garraio Komisarioari Pradalesek eta Roussetek
EAE, Akitania Berria eta Nafarroak osatutako euroeskualdearen batzarra egin dute Iruñean martxoaren 25ean. AHT izan dute topaketaren ondoko agerraldiko aipagai nagusien artean eta Akitania Berriko... (+)
Zuhaitz landaketa: mozketa masiboak egin ahal izateko jukutria "berdea"
Mila milioika mintzo dira agintariak. CO2 isurketak konpentsatzeko neurri eraginkor gisa aurkeztuta, zuhaitz landaketei buruzko zifra alimaleak entzuten dira azken urteetan. Trantsiziorako bide interesgarria izan... (+)
EH ez da salgai, legedia ere ez
Lurraren alde borrokan dabilen orok begi onez hartu du Frantziako Legebiltzarrak laborantza lurren babesteko lege-proposamenaren alde bozkatu izana. Peio Dufau diputatu abertzaleak aurkezturiko testua da,... (+)
gora