Astelehenero 8:00etan zure epostan
Antonio Turiel fisikari eta CSICeko ikerlariak aspaldiko urteetan ez bezala bete zuen Hernaniko Florida auzoko San Jose Langilearen eliza asteazkenean. Zientoka lagun elkartu ziren Urumeako Mendiak Bizirik taldeak antolatuta Trantsizio energetikoaren mugak izeneko bere hitzaldia entzutera.
Urumera bailaran badugu kezkarik Hernani eta Arano inguruan egin nahi dituzten eolikoen makroproiektuekiko. Baina jakina, apirilaren 28an izandako itzalaldiak are gehiago piztu zuen herritarren jakin-mina: “Eliza nire auzoko apaizak baina gehiago betetzea lortu dut”, esan zuen txantxetan, atzean Vicente Guibertek egindako hormigoizko erretaula zuela, Antonio Turiel fisikariak.
Hitzaldiaren hasieran klima aldaketa eta planetaren mugen inguruan jardun zuen, baita energia iturrien urritzean ere. “Gero aipatuko ditut itzalaldiari buruzkoak”, lasaitu zituen entzuleak. Titularrak bata bestearen atzetik eman zalea da, eta kronika honetan dituzue batzuk.
Planetaren mugak: bederatzitik sei
Stockholmeko Erresilientzia Institutuaren arabera planetak dituen bederatzi mugetatik sei gainditu ditugu jada, eta beste bi gainditzear gara laster: ozeanoen azidifikatzea –itsasoa antzutuko dugu– eta atmosferara isuritako aerosolena. Kurioski, klima aldaketa laugarren postuan dago zerrenda makabro horretan.
Beste datu bat: airearen tenperatura 1,7 gradu zentigradu gainditu dugu jadanik industria-aurreko garaiarekin konparatuta –2015eko Parisko akordioan adostu zen 1,5etik ez pasatzea–. 2 graduren langa igaroz gero, Espainiako Estatuko zenbait tokitan 50 graduraino iritsiko dira udaran tenperaturak, eta “bizi ezin” bihurtuko dira aire giroturik gabe. “Itzalaldiarekin, pentsatu dut zortea izan dugula, ez delako udaran gertatu”, esan du. Hortaz, ez da harritzekoa fisikari kataluniarrak Hernanin gogorarazi duena: madrildar mordoa ari da etxeak erosten Kantauriko kostaldean, hori bezalako hiri batean udaran etorkizunean ezin izango delako bizi. Migrazio klimatikoaren hastapenak dira.
Espainiako Estatuko zenbait tokitan 50 graduraino iritsiko dira udaran tenperaturak, eta “bizi ezin” bihurtuko dira aire giroturik gabe: “Itzalaldiarekin, pentsatu dut zortea izan dugula, ez delako udaran gertatu”
Hitzaldiaren une batean, argazkien bidez, azkenaldian izandako hainbat hondamendi errepasatu ditu: Poloniako uholdeak, Acapulcoko hurakana, Floridako suteak, Valentziako Dana… Eta abisua: Euskal Herrian ez gara salbu. Hemen ere ikusiko ditugu berrikitan Erresuma Batuan eta Irlandan ikusi diren denboraleak. “Esaten denean arazo bat dugula aldaketa klimatikoarekin, egia da, eta esaten dena baino askoz larriagoa da gainera, oso larria da, eta lehentasuna izan beharko litzateke agenda politikoarentzat”.
Bat produzitu, zazpi kontsumitu
Energia iturri fosilez hitz egitean ere ez digu titularrik gabe utzi: petrolioa amaitzen ari da. “Zer gertatu zen 2014ko uztailean?”, jarri gaitu errezeloan. Urte hartan, AEBetako Energia departamentuaren txosten batek agerian utzi zuen petrolio konpainiak dirua gastatzen ari zirela irabazi beharrean: 110.000 milioi dolar urtean. Ordutik Repsol eta enparauak “berde” bihurtzen hasten dira.
“Arazo nahiko larriak gertatzen ari dira munduan, eta pixkanaka hona ere etorriko dira; ez dugu jakingo zergatik, itzalaldia bezala izango da, egun batean joango zarete gasolindegira eta ikusiko duzue ez dagoela dieselik”
Gaur egun, produzitzen dena baino zazpi aldiz petrolio upel gehiago kontsumitzen da munduan –5.000 produzitu eta 36.000 kontsumitu–. Dieselarekin sekulako arazoa datorkizu Turielen esanetan. Gure ekonomiaren odola da: meatzaritzarako, garraiorako eta nekazaritzarako behar dugu. Bolivian, Argentinan eta Afrikako hainbat tokitan nozitzen ari dira diesel falta: “Arazo nahiko larriak gertatzen ari dira munduan, eta pixkanaka hona ere etorriko dira; ez dugu jakingo zergatik, itzalaldia bezala izango da, egun batean joango zarete gasolindegira eta ikusiko duzue ez dagoela dieselik”.
Nuklearrik? Ez, ezinezko
Energia fosilen artean, ikatza eta gasa oraindik gorantz doaz, baina topera iristen ari dira. Eta azkarren agortzen ari dena, zalantzarik gabe, uranioa da: “Ez da egongo nuklearren berzpikunderik”, esan du hizlariak ozen, denek uler dezaten.
Gaur egun erabiltzen den uranioaren %23 desmantelaturiko arma nuklear zaharretatik atera behar dute halabeharrez.
Berriztagarrien “burbuila”
Orduan, zein da soluzioa? Eskala handiko berriztagarri elektriko industrialetan (BEI) jarri nahi dute herritarren itxaropena agintariek, baina sektore horrek ere muga asko ditu. Turielek horietako batzuk aipatu ditu: material eskasia, ingeniaritza arazoak, erregaiekiko menpekotasuna eta, batez ere, “burbuila” bat sortzen ari dela. “Baina Europak Next Generation funtsak berrarmatze planetara bideratzeko baimena eman duenez geroztik, hori ere bukatzear dago”, esan du.
2008tik Espainiako Estatuan eta Europan elektrizitate kontsumoa gutxitzen ari da desindustrializazioaren ondorioz, eta oraintxe bertan kontsumitzen den energiaren %20 inguru da elektrizitatea. Estatuan 130 GWeko potentzia elektrikoa dago instalaturik, baina batez beste 26,5 GW kontsumitzen dira. Titularra: auto elektrikoak ez dira panazea izango. Beste titular bat: datu zentroak ere ez. “Datu zentroak azpiegiturak dira, ez aktibitate ekonomikoak, eta burbuila mantentzeko baizik ez dute balio”, hiri batean aireportu bat edo AHT bat jartzea bezala da, azpiegitura soilak.
Auto elektrikoak ez dira panazea izango, datu zentroak ere ez: “Datu zentroak azpiegiturak dira, ez aktibitate ekonomikoak, eta burbuila mantentzeko baizik ez dute balio”
Sistema elektrikoak pot egin zuenekoa
Eta orain bai, orain itzalaldiaren gaian sartu da: “Milesker honaino entzuteagatik”, esan du hasi aurretik.
“Zer gertatu zen aurreko egunean?”. Gauza da udaberrian elektrizitate gaindosi bat egoten dela, fotovoltaikoek eguzki asko jasotzen dutelako –udaran, beroagatik, plaken errendimendua jaitsi egiten da–. Produkzio gehiegizko horrek prezioak zeroan jartzen ditu. Egoera horretan, zentralak gelditu egiten dituzte, noski, eta larrialdi mekanismo bat aktibatzen da fabrika handiek euren makinak itzaltzeko, sistema erori ez dadin –iaz bost aldiz jarri zen martxan mekanismo hori–.
Fotovoltaikoetatik doan energiak, sinkronoa denez, desorekak sor ditzake eta uhinen frekuentzia (50 hertz) banatu, “tximista batek joko balu bezala da, oso arriskutsua”, dio. Banaketa hori gertatu zen apirilaren 28an, ez behin, hirutan baizik, hirugarrenean pot egin eta segurtasun-sistema guztiek saltatu zuten arte. Itzalaldi handia.
Telediarioak esango ez dizuna
Eta puntu horretan, arrazoi “humanoak” ere aipatu ditu energian adituak: batez ere prezioak ezartzeko sistema “marginalista”. Merkatu horretan azkena sartzen den energia iturriak erabakitzen du prezioa, izan desorbitatua, nola negatiboa. “Zer zentzu dauka inork elektrizitatea sortzea dirua galtzeko? Hori ez dute telediarioan kontatzen, baina lasai, nik azalduko dizuet”. Fotovoltaikoek eta eolikoek ez dute dirua galtzen, estatuak energia hori sortzeagatik ordaintzen dielako. Duela urte asko hartutako erabakia da, berriztagarriak gutxi zirenean sektorea sustatzeko.
“Zer zentzu dauka inork elektrizitatea sortzea dirua galtzeko? Hori ez dute telediarioan kontatzen, baina lasai, nik azalduko dizuet”
Turielek argi esan du berriztagarrien aldekoa dela, berriztagarriak ez direla arazoa, baizik eta sistema ez desorekatzeko egonkortzaileetan ez inbertitu izana, garestiegiak direlako. Berriztagarrien eraikuntza biderkatu da, baina hala moduz, low cost trantsizioa da.
Naturaren erritmora
“Bilatu daitezke arrazoi teknikoak, baina itzalaldiaren arrazoi nagusia da prezioak ezartzeko sistema perbertso bat daukagula, eta horri gehitu behar diogu egonkortze-sistemetan inbertsio falta handi bat. Badago interes bat eztabaida hau lokazteko, inor ez delako ondo ateratzen: ez Red Eléctrica, ez zentral nuklearrak, ez konpainia elektrikoak, ez Estatua, ezta Europar Batasuna bera ere”, ondorioztatu du fisikariak.
Ez beldurrik izateko esaten amaitu du hitzaldia, denboratxo batean ez delako beste itzalaldirik egongo, “gasa erruz erretzen” ari direlako. Hori bai, prestatzeko argiaren faktura lodiagoetara.
"Badago interes bat eztabaida hau lokazteko, inor ez delako ondo ateratzen: ez Red Eléctrica, ez zentral nuklearrak, ez konpainia elektrikoak, ez Estatua, ezta Europar Batasuna bera ere”
Eta azkenik, horren guztiaren aurrean, beste trantsizio bat posible dela aldarrikatu du gure hizlariak, sistema efizienteagoak erabilita, eskala humanoagoetan egindakoak, “naturaren erritmoekin batera bizitzera behartzen zaituztenak”. Etxera bidean, Floridako San Jose Langilearen elizako gurutzean biraka ikusi ditugu garrasika sorbeltzak. Azken titularra: aurten ere iritsi dira.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545