Astelehenero 8:00etan zure epostan
Mila milioika mintzo dira agintariak. CO2 isurketak konpentsatzeko neurri eraginkor gisa aurkeztuta, zuhaitz landaketei buruzko zifra alimaleak entzuten dira azken urteetan. Trantsiziorako bide interesgarria izan zitekeen, orain arteko oihanak zainduta eta bioaniztasuna iparrorratz gisa harturik bideratuak izan balitz. Baina ez doa horrela: oihangintzako lobbyen presioaren pean makurturik, basoen mozketa masiboak bideratzen eta zegoen ekosistema aberats hori monokulturaz ordezkatzen dabiltza.
Europar Batasunak 3.000 milioi arbola landaturik 2030erako, Nazio Batuen Erakundeak ere 120 milioi hektarea oihan landatu nahi ditu ordurako, AEBek beste 1.000 milioi arbola eta Australiak ere beste hainbeste. Kopuru handiak dira, eta mundua hartzera doan norabidea ikusita, helburu anbiziotsu horiek ongi etorriak zaizkigula pentsatu daiteke. Baina oihana estaltzen duen zuhaitzaren gisara, merezi du hurbilagotik begiratzea instituzio boteretsu horien asmoari. Non landatzen dituzte arbolak? Zer nolako espazioa dute okupatzen? Eta zein arbola dute landatzen? Noren interesei erantzuten dabiltza baso-sartze horiekin?
Gure errealitate hurbilari begira jarrita, beste zifra potolo bat dugu mahai gainean: 1.000 milioi arbola landatzeko engaiamendua hartu zuen 2022an Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, ofizialki klima larrialdiaren erronkari aurre egiteko. "Absurdotzat" jo zuen garaian Canopée elkarteko kide Bruno Doucetek. Oihan bizien aldeko lan baliotsua egiten dabilen elkartea da Canopée eta herritarren sostenguan oinarriturik, agintarien eta industriaren lobbyen parean "kontra-boterea" izan nahi du. Ondokoa dio Doucetek: "Zenbaki potoloa da eta inpresionatzen du. Arreta piztea lortu du. Baina, jakin oihan batean ez dela arbolarik landatu beharrik, gizakiak etorri aitzin hor ziren, eta naturalki arraberritzen dira. Bilioi bat arbola landatu nahi izateak argi uzten du oihanaren funtzionamenduaz ez dakiela ezer".
Basogintzako industriari begiratuta hobeki ulertzen da helburua. France relance izena jarrita, entitate publiko zein pribatuei dirulaguntzak bideratzen dabil Frantziako Trantsizio Ekologikoaren ministerioa. Helburua: 2023rako %50 gutitzea berotegi efektuko gasen isurketak. Milioika kontatzen den diru zama horri begira dago oihangintzako industria ere, eta azken hamarkadan zehar lobby lan emankorra eginik, lortu du basoen kudeaketa industrialera bideratzea zatirik handiena.
Sektoreko eragile nagusietarikoa den Alliance Fôrets Bois kooperatibak 2012an plazaratu manifestua dago norabide berri horren oinarrian: oihanak landatzearen aldeko argumentu-sorta zabaldu zuen orduan, araberako politika bat galdetuta gobernukideei. Industriaren mesederako urtero hiru milioi tona egur ekoizten dabilen enpresa boteretsua da Alliance Fôrets Bois, eta bere ondoan ditu beste lau –CFBL, Unisylva, Forêts et Bois de l’Est, Nord-Seine Forêt–. Bosten artean kontrolatzen dute kasik Frantziako
Bost horien interesen alde doan politika marraztu dute Matignoneko bulegoetan: basogintzak energia "berdea" dakar, berotegi efektuko gasen isurketak gutitzeko bidean alternatiba ona da, eta hori bermatu ahal izateko ezinbestekoak diren zuhaitz mozte masiboak ez dira kaltegarriak; eta finean, arbola berrien landaketaz estaliko dituzte husturiko eremuak. Guzia oihana bezain "berde". Laburbide bat badirudi ere, dagoena hori bezain sinplea da. Testuinguru horretan kokatuta bakarrik ulertu dezakegu Macronen arbolak landatzeko bapateko gogoa. Osotasun horretan kokatu behar da ere 2035erako oihan mozketak %70 emendatzeko helburua.
Frantziako Gobernuak diru publikoz lagunduriko landaketen %85 egin da osoki mozturiko eta desagerrarazitako oihan baten eremuan
Hori horrela, diru publikoz sustaturiko landaketei begira jarri gaitezen: diruztaturiko proiektuen %85 oihanaren mozketa masibo baten ondotik egin da. Trantsizio Ekologikoaren ministerioak finkatu irizpideak malguegiak direlako: baso bateko zuhaitzen %20 iharturik edota ahuldurik denean, orduan, guzia errotik kendu daiteke. Hori horrela, osasun onean ziren behar baino oihan gehiago dituzte desagerrarazi. Begibistakoa da azken urteetan Frantziako Estatuan bideraturiko oihan bizien desagerpena.
Ondotik datozen birlandatzeak ez dira baitezpada emankorrak, lurzoru biluzian landaturik, beroari eta egarriari aurre egiteko zailtasunak dituztelako landatu berriek. Pentsa, 2022an Frantziako Estatuan landaturiko oihanen %38 hil ziren. Oihan zaharrek eta naturalek hori dakarte: tamaina eta barietate aniztasunari esker, elkar-babesten dira zuhaitzak eta oro har, ekosistema horretako bizidun guziak. Oreka hori ordezka-ezina da, batez ere barietate bakarrarekin bagabiltza.
Canopée elkartearen lanari esker dakigu arbola landaketen %83 monokulturan bideratu dutela, eta gehienetan Douglas izeia (Pseudotsuga menziesii) sustraituta gainera. Alta, zuhaitz hau ez da bereziki egokiena klima larrialdiari aurre egiteko. Baina, sektore industrialak ezinbestekoa duen produktibitateari erantzuteko materia ona da: berez AEBetakoa zena, modu intentsiboan kokatua da Atlantikoaren alde honetan ere, finean, laster hazten delako eta gainera, kalitatezko zura dakarrelako. Zeozer dakigu logika horretaz euskaldunok ere, pinuz eta eukaliptoz inguraturikook.
Oihan zaharrak monokulturarekin ordezkatzearen larrialdiaz ohartarazteko iritzi artikulu bat plazaratu zuten 600 ikerlari, hautetsi eta oihangintzako eragilek 2022ko urrian. Bertan ondokoa irakurri zitekeen: "Benetan emankorra eta eraginkorra den estrategia zuhaitz-populazioen laguntzean eta hobetzean datza". Diruz, kostu anitzez gutiagoko estrategia litzateke gainera.
Guzia dute beraien alde industrialek, finean zuhaitz aldaxken merkatuko eragile nagusienetarikoak ere direlako. Sal-erositako aldaxken herenaren ekoizlea da, demagun, Alliance Fôrets Bois. Nola ez, Trantsizio Ekologikoaren ministerioak 2018an sorturiko "Karbono apala" deitu labela jasota dute enpresa handien egitasmo anitzek. Azken honek "oihangintzaren alde" dabiltzan proiektuak ziurtatzeko balio du. Alta, hainbat kritika egin dizkiote ekologistek: oihanen mozketa masiboak dituelako nagusiki babesten, eta bioaniztasuna bermatzearen baldintza bigarren mailan kokatzen duelako.
Jakina da karbono dioxidoa xurgatzeko ezinbesteko ekosistema dela basoa, ozeanoekin batera. Baina arazoa da mozketa masibo horien bitartez lurzorua ere higatzen dutela, bertan metaturiko gasak askatuta atmosferara. Hori horrela, Fôret.nature egiturak dio: Frantziako Estatuko oihanek 2008an xurgaturiko CO2 kantitatearen erdia xurgatu zuten 2020an. Bistan da, hor dira ere eritasunak, suteak ala idorteak, baina, arrazoi nagusien artean ditugu mozketa masiboak ere.
Hori guzia jakinda, are galdekagarriagoa da oihangintzatik datorren energiari –biomasari– lotzen dioten "energia berdearen" izendapena. Geroz eta zientzialari gehiagok dute alarma gorria piztuta: ez dezagun aterabide gisa har oihanen biomasa, kutsakorra delako izugarri, erreportajean aipaturiko arrazoi guziengatik, baita kontsumitzerakoan gas kutsagarriak aireratzen dituelako ere.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545