Urtarrila idorte, laboraria dirute

EH Bilduk datu-zentroen hedapena mugatzea eskatu du “industria lehenesteko”, baina bultzatzen jarraitzea erabaki du Legebiltzarrak

Eusko Legebiltzarrean datu zentroei buruzko eztabaida egin dute urriaren 15eko Osoko Bilkuran. EH Bilduk mozio bidez eskatu zuen "hipereskalako" datu zentroen hedapena "mugatzeko", eskura dagoen energia eta sare-ahalmenaren arabera, eta energia berriztagarriaren lehentasuna izatea "euskal industriaren elektrifikazio eta deskarbonizaziora" bideratzea. Baina Legebiltzarrak bozketan berretsi du "Euskadin ezartzen diren datu zentroak bultzatzen jarraitzea (...) Europako subiranotasun digitala indartzeko", horixe dio EAJk eta PSEk elkarrekin aurkeztu duten zuzenketak.


2026ko urriaren 16a
Urriaren 15ean datu zentroei buruz egindako Osoko Bilkura.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Urriaren 15ean Legebiltzarrean egin den datu zentroei buruzko eztabaidak ez du erakunde horren norabide aldaketarik ekarri (hemen daude ikusgai Osoko Bilkuran eztabaidatu diren EH Bilduren mozioa eta EAJ-PSEren zuzenketak; hemen daude ikusgai Osoko Bilduraren bideoak eta hemen deskargatu daiteke transkripzioa). 

EH Bilduk proposatu du "hipereskalako datu-zentroen hedapena mugatzea", eskura dagoen energia eta sare-ahalmena kontuan hartuta. Horretarako eman duen argudio nagusia "euskal industriaren elektrifikazio eta deskarbonizazio beharrei lehentasuna ematea" da, datu zentroen eta industriaren artean argindarra bereganatzeko lehia dagoela iritzita. Hala irakur daiteke Ander Goikoetxea legebiltzarkideak aurkeztu duen mozioan (hemen irakurgai dokumentua). Bertan adierazi du Espainiako Estatuan "energia eskari handiak dituzten datu zentroen inbertsioa erakartzeko lehia" dagoela eta Euskal Herrian Merlin Properties enpresak sustatutako Bilbao-Arasur datu zentroa, 300 MW arteko potentzia kontsumoa duena, "eredu honen parte" dela. Negozio eredu hori "euskal industriaren konexio beharrekin lehian" ikusten du, eta defendatu du "energia berriztagarri berria lehentasunez industria-ehunaren beharrei erantzutera bideratu behar" dela. Energia berriztagarria industriara "lehentasunez" bideratuko dela bermatzeko, estrategia garatzea eskatu du. Eta EAEn kokatzea nahi duten datu-zentro berriei hainbat "baldintza estrategiko" ezartzea ere eskatu du: "euskal industriarekiko eta subiranotasun digitalarekiko ekarpena" egitea, modu hauetan: "euskal enpresa-sarearekiko lotura, I+G eta ezagutza-gaitasunen garapena eta sistema digital aurreratu propioari egindako ekarpena".

"Datu zentroak bultzatzen jarraitzea" erabaki du Legebiltzarrak

EH Bilduren mozioari zuzenketa aurkeztu diote EAJk eta PSEk elkarrekin (hemen irakurgai dokumentua). Bertan berretsi dute "Euskadin ezartzen diren datu zentroak bultzatzen" jarraitzeko borondatea,"Europako subiranotasun digitala indartzeko esparruan". Gehitu dute datu-zentroak ezartzeko beharrezkoak diren azpiegitura elektriko berrien kostuak "etxeei eta industriari ez eragitea" dela helburua. Eztabaidaren tartean, PSEko Itxaso Asensiok industriari lotutako argudioak erabili ditu "kontuan izan behar dugula datuen ekonomiak eta trantsizio digitalak zer paper jokatzea nahi dugun gure industrian eta ehun produktiboan", baita gizarteko eguneroko erabilerari buruzkoak ere: "datu zentroek laguntzen dute administrazio publikoek, enpresek eta herritarrek egunero erabiltzen ditugun zerbitzuei eusten: lainoa, komunikazioak, ikerkuntza eta adimen artifiziala". 

EAJk eta PSEk aurkeztutako zuzenketa testua bi zatitan bozkatu da, EH Bilduk hala eskatuta. Lehen bi puntuak, orain arte azaldu dugun edukia biltzen dutenak, 39 baiezko eta 34 ezezkorekin onartu dira.

Hirugarren puntuak EH Bilduko legebiltzarkideen bozkak ere jaso ditu, eta 65 baiezko, 7 ezezko eta abstentzio batekin onartu da. Hirugarren puntu horrek borondatea agertzen du datu zentroek sortzen duten "hondar-beroa" aprobetxatzeko eta horrela "energia efizientzia sustatzeko".

Irailaren 26an, Erriberabeitiako jaietan herritarrek egindako elkarretaratzea. Araba Bizirik
Arasur datu zentroa eta gainerako "makroproiektuak" salatzeko elkarretaratzea egin zuten Erriberabeitiako herritarrek

Iraila bukaeran, Erriberabeitiako jaietan, elkarretaratzea egin zuten herritarrek eta hedabideetara bidal zuten oharrean azaldu zituzten bertan ezarri nahi duten Arasur datu zentroa, eta gainerako "makroproiektuak" zein diren: "Erriberabeitian, AP-1, A-1, AP-68, Arasur, trenbideak eta Ekian planta fotovoltaikoa ditugu. Eta oraindik gehiago badago mahai gainean; Ekieneak 200 hektarea nekazaritza lur hartuko ditu eta bere ebakuazio lineak udalerria zeharkatuko du tentsio altuko 27 dorrerekin. Solaria Zierbena Solar 2 hortxe dago ere mehatxuka. Eta Arasurrek hazten jarraitzen du datu-zentro berriekin eta proiektu logistiko gehiagorekin".

Legebiltzarrean PSEk argudio gisa erabilitako aurrerapenaz, zera diote Erriberabeitiako herritarrek idazkian: "Argi utzi nahi dugu ez gaudela progresuaren aurka. Baina geure buruari galdetu behar diogu zer progresu nahi dugun eta zenbat galtzeko prest gauden bidean. Bizi ahal izateko, gure seme-alabak hazteko eta gure kultura eta ohiturak transmititzeko gai izango diren herriak nahi ditugu".

Eta erakundeei, tartean urriaren 15ean datu zentroei buruzko eztabaida egin duen Legebiltzarrari, mezu hau bidali zieten erriberabeitiatarrek: "Erakundeei eskatzen diegu lurraldeari bere osotasunean begira diezaiotela eta bertan bizi garenon iritzia entzun dezatela. Ez dezatela bulego batean makroproiektu bakoitza bakarra balitz bezala aztertu; hemen ez ditugu bereizitako makroproiektu bezala bizi, pilatu egiten dira eta proiektu uholdeak abiadura handian itotzen gaitu".

Gipuzkoako Ezkeltzu mendian bi haize errota jartzeko baimena eskatu diote Jaurlaritzari, bertan behera geratu zen proiektuaren eremu berean
2026-11-05 | Estitxu Eizagirre
Aia, Usurbil eta Zizurkilgo udalerriei eragingo lieke Alerion Spain SL enpresak "Aitz eta Andatz" izena jarri dion makroproiektuak. Bi haize errota jartzea da haren asmoa,... (+)
Urari buruzko mahai-inguruak, azoka, abereen eta etxaldeko lanen erakusketa... larunbatean Miarritzen
2026-11-02 | Estitxu Eizagirre
Euskal Herriko Laborantza Ganbarak 21. aldiz antolatu du Lurrama, bertako laborantza herrikoiaren festa. Ura du aurtengo gaia eta Frantziako Ardèche da eskualde gonbidatua. Miarritzeko Irati gelan... (+)
Bertako arto barietateei buruzko jardunaldia Donostian
2026-10-26 | Estitxu Eizagirre
Urriaren 29an, 18:00etan Cristina Enean, bertako arto barietateak berreskuratzeari buruzko jardunaldia egingo du Cristina Enea Fundazioaren Haziera hazi artxiboak. Bertan, bi esperientzia ezagutzeko aukera izango... (+)
EH Biziriken hitzaldi bira, "EAEko alderdi politikoek ingurugiroaren suntsiketan duten paper aktiboa" salatzeko
2026-10-26 | Estitxu Eizagirre
Urriaren 28an Amasa-Villabonan (Gipuzkoa) emango dute EH Bizirikeko kideek lehen hitzaldia, eta abenduaren 12an Bilbon bukatuko dute zazpi hitzaldiz osatutako bira. Hitzaldi horietan aztertuko dute... (+)
Ongi-etorri, mantangorri
2026-10-19 | Estitxu Eizagirre
Urriaren 17an Ordiziako (Gipuzkoa) Plaza Nagusian aurkeztu zuen EHKOlektiboak zigilu agroekologikoa: marigorriaren irudia ikus zitekeen Euskal Herri osotik etorritako ekoizleen mahaietan eta elikagaien etiketetan. Goiz... (+)
gora