Asteroko buletina
Apirila fan ta maiatza gero, ganbarein baztarrian agotza bego.

Gintonikaren ezkontza

Bart arratsean izan da. Etxekoak gintonikari zurrupaka. Ni aspaldi dibortziatu nintzen gintonikarekin. Ginak oso gogoko ditut, hortz-haginak ur, baina tonikak ezin edan ditut, gozoegi eta burbuila zakar gehiegi.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2024ko abenduaren 02a

Garrazkizaleak gara eta etxe buelta guztian, katuaren mugarrien barruan, joaten zaren tokira joaten zarela, era guztietako garrazkiak topatuko dituzu. Sukaldean eltzekoa bixitzeko, edozer jaterakoan gordinean txinparta emateko edo gintonikari grazi asprea eransteko beti dago, zein baino zein, fruitu garratz egokiren bat, denak Citrus generokoak: mandarina (Citrus reticulata), laranja (C. sinensis), limoia (C. limon), lima (C. x aurantiifolia), Rangpur lima-tanjerina (C. limonia), buda eskua (C. medica var. sarcodactylis), yuzua (C. junus), pomeloa (C. x paradisi), kabiar zitrikoak (C. australasica), kumkuat obala (C. margarita), lima-kumkuata (C. x floridana)…

Baldin eta ahozuriren batek gin zelebreren bat ekarri eta bestelako ordenarik ematen ez badu, gurean gintonika Rangpur lima-tanjerinarekin egiten da. Etxe kontra bizi da, oraintxe leihotik ikusten dut, fruitu emale oparoa da eta ezin eskuerago dugu. Bere alearen azala bezalakorik ez dut ezagutzen ginaren mikatzarekin baina batez ere tonika gehienen gehiegizko gozoarekin ezkontzeko. Hiruko hirukote aparta.

Bai ba, hor ari ziren bart etxekoak dzanga-dzanga hirukoari tiraka, eta atentzioa eman zidan kopatzarraren ahotik azaltzen zen landare muturrak. Gaur egun badirudi gintonika ez dela gintonika baldin eta ez badago fruitu, petalo, hazi, edo abarrez hornitua. Adibidez, ipuru aleak (Juniperus communis) gina freskotu eta bizitzen du; kardamomo haziak (Elettaria cardamonum) bixi punttua eta dasta exotikoa eransten ditu; zainmin edo jengibre ehoak (Zingiber officinale) freskotasun min bizia ematen du; iltzeak (Syzygium aromatium) arrasto bero mina ematen du. Kanela hautsak edo zotzak (Cinnamomum verum) zura gogorarazten duen gozotasuna damaio; Brasilgo piperbeltz arrosak (Schinus terebinthifolius) bizipoz sotil eta fina; arabisagar xerrak (Citrus x paradisi) mingots eta garratz freskoa; izpilikuak (Lavandula spp) usain loretsu gozoa; albakak (Ocimum basilicum) txinparta berde bizitxoa; arrosa petalo lehorrak (Rosa spp) ttantta fin eta sotil bat.
Kopatan ageri zen landare muturra ez zen horietako inor, erromania, errumania edo erromeroa zen (Rosmarinus officinalis), amonaren baratze bazterreko landareari kendua. Harro ageri zen koparen ertzean zut, bere eliz usain erretxintsuarekin ginebrak berezkoa duen belar usain nahasketa azpian hartuta.

Jaiegun saldoa dator urteko gau luzeenekin neguko solstizioan, eta gintonikari nahasgarri horietakoren bat erantsi nahi badiozu hemen etekin onenerako bidea: hautatu ginaren araberako gehigarriak, zanpatu usainak lokabetzeko motrailuan eta erantsi ginebrari, bertan utzi ordu laurden batez eta iragazi; bota gin hori kopan izotzetara, gehitu tonika ura bere txinparta ez galtzeko eran eta, ezkontza bat da, erabilitako horien aleren batzuekin edertu eta apaindu kopa.

Erromeroa erabili. Aje gogorrenean ere gertatuak gogoratzen lagunduko dizu; izan ere erromeroa usaintzeak memoria pizten du. Beste Europa batzuetan ezkontzetan maitea gogoratzeko eta fideltasunari eusten laguntzeko nobioek adaxkatxoa zeramaten beti eta baita hil ondoren ere gogoratzeko. Dzanga-dzanga.

Elkarren beharra bizitzeko
2025-01-06 | Jakoba Errekondo
Lagun txiletar batek bere herriko istorio bat kontatu dit, eta ahoa bete inplante utzi nau. Han “quintral” esaten dioten landare batena da, Tristerix corimbosus. Txile... (+)
Ilarraren entzumena
2024-12-23 | Jakoba Errekondo
Laster urte guztian izango ditugu malko ilar goxoak (Pisum sativum). Oraindik, ordea, negua eta udaberria dira, ia erabat ilar freskoak jateko sasoia; udaberrian jango ditugun... (+)
Txokolate menpekotasuna negozio
2024-12-16 | Jakoba Errekondo
Txokolatea kakaotik sortzen da. Kakaoak Theobroma cacao du izena; Theobroma hitzak “jainkoen janaria” esan nahi du. Aspaldikoa da txokolatearen gurtza; jainkoena zena azkar asko egin... (+)
Ilarretan dilista nafarra
2024-12-09 | Jakoba Errekondo
Zeruka, zeru bete on dakar zerukak. Zeruka, magitxa, magintxeta, mihauria, magina, baina, ilar-axala, mantxa, teka edo, ezagunena, leka. Lekak barruan dakarren leka-gauza, leka-bihia, lekalea edo... (+)
Birigarroak zirinetan heriotza
2024-11-25 | Jakoba Errekondo
Datozen 100-150 egunak erdi lo negukatzen igaroko dituzte landare askok. Beren jakiak sortzeko nahitaezkoak dituzten hostoak askatu eta aurreko 200-250 egunetan metatutako erreserbei esker biziko... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora