Kolore morez margotu dut urteko lehen hilabetea, sormena, irudimena, jakintza eta espiritualitatearen kolorez.
Egun hotz eta izoztuetan, eguzki izpiek on egiten digute. Energiaz betetzen gaituzte: indartu eta osatzen gaituzte. Intxaurrondoari eguzki orduek, ferekatzen dutenean, hilik ez dagoela jakinarazten diote. Iluntasunari, hezetasunari, hotzari, bakardadeari aurre egitea ez da erraza, negua luze doa eta intxaurrondoak barruko lanetan jarraitzen du, lotan atseden hartzen.
Argitasuna gure barneko erlojuarekin, erritmo zirkadianoarekin bat doa. Argitasunak, elikadurak eta jateko momentuak erlazio zuzena dute gure osasunean, prozesu fisiologiko ugari arautzen dituzte: besteak beste, eragina dute loa eta esna-aldiaren zikloan, gorputzaren tenperaturaren erregulazioan, funtzio hormonaletan, metabolismoan eta digestioan. Gauean oso berandu jateak erritmo zirkadianoak apurtu ditzake. Ondorioz, estresaren hormona den kortisol mailak igotzen dira eta lo egiten laguntzen duen hormona, melatonina gutxiago ekoiztuko da, eta horrek eragina du lo kalitate eta kantitatean.
Gutxi eta arin afaldu, zopak eta barazki kremak oso egokiak dira. Antolakuntza eta erregulartasuna funtsezkoa da: garaiko jaki egokiak aukeratzea eta otordu-ordutegi sendoak ezartzea eta mantentzea. Fruta eta barazki koloretsuak gehitu, bereziki laranjak, horiak, moreak eta berdeak.
Hazi eta fruitu lehorrekin ez ahaztu.
Ekologikoak diren zitrikoetatik dena erabiltzen dut, azala eta mamia. Hona erabiltzeko modu batzuk:
Azala birrindu dezakegu entsalada baten gainean jartzeko. Azal eta fruta konfitatuekin apaindu edo prestatu ditzakegu postreak. Azala oliotan edo ozpinetan utzi dezakegu aromatizatzeko. Arroz esnea prestatzen dudanean limoi eta laranja azala gehitzen dizkiot esneari, kanela zotzarekin batera.
Zitrikoaren zukuarekin, berriz, entsaladak goxatu ditzakegu. Gelatina egin dezakegu fruta zatiekin edo azalarekin, agar-agarrarekin nahastuta.Haragi batzuekin laranja zukua gehitzen dut saltsa egiteko.
Tipula eta berakatzarekin batera, beti dut limoia inguruan. Zelulak eta ehunak babesten dituzten substantziatan aberatsak dira.
Limoi zukua ongi dator tentsio altuari eta arazo kardiobaskularrei aurre egiteko, estresari eta nekeari aurre egiteko edo organismoaren defentsak indartzeko. Ura eta eztiarekin nahastuta lagungarri da eztarri eta katarrotarako.Garai honetan, gehiegikerien ondoren, gorputza garbitu, alkalinizatu eta hidratatzeko egokia da.
Laranjek eta mandarinek neguan horren beharrezko dugun eguzkia ekartzen digute ahora. Uda garaian zitrikoek eguzki-argia pilatu dute eta orain, neguan, eguzki izpiek indar gutxi dutenean, lurrak eguzkia fruta bihurtuta oparitzen digu.
C bitaminatan aberatsak eta antioxidatzaileak dira: sistema immunologikoa indartzen, infekzioen aurrean babesten, organismoaren defentsak sendotzen eta larruazala osasuntsu mantentzen laguntzen dute. Zelulen zahartzeari aurre egiteko baliagarri dira eta energiaz betetzen gaituzte.
Laranjek zuntz asko dutenez, asetasun-sentsazioa ematen digute, digestioa errazten dute eta hesteetako arazoen arriskua murrizten dute. Idorreria arazoentzat laranja lagun ona izan daiteke.
Kolesterola jaisten laguntzen dute, landare-esterolei esker. Potasio asko dutenez, odol-hodiak erlaxatu egiten dira, eta odola errazago jariatzen da. Hala, arteria-presioa jaisten da. Diuretikoa da.
Azido folikoaren bidez, globulu gorrien ekoizpenean, nerbio-sistemaren garapenean eta antigorputzen sorreran parte hartzen dute. Ezinbestekoa da anemia prebenitzeko, eta onura asko ditu haurdun dauden emakumeentzat.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545