Asteroko buletina
Baratzea da nire irakasle gogokoena

Elkarren beharra bizitzeko

Lagun txiletar batek bere herriko istorio bat kontatu dit, eta ahoa bete inplante utzi nau. Han “quintral” esaten dioten landare batena da, Tristerix corimbosus. Txile eta Argentina hegoaldeko baso epeletan bizi da, eta gure lurralde epeletan hazten den mihuraren (Viscum album) tankerakoa da landarea, oso tankerakoa.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2025eko urtarrilaren 06a
Mihura makaletan.

Biak bizkarroiak edo parasitoak dira, baina tamainan: berde kolorea dute eta horrek adierazten du fotosintesia behinik egiten dutela; landare ostatatzaileari izerdia lapurtzen diote, baina izerdi hori fotosintesiz eraldatu eta izerdi landu elikagarria beraiek bihurtzen dute; horrexegatik “hemiparasito” esaten zaie, erdi-bizkarroi alegia. Biek ostatatzaile baten adarretan bizi beste aukerarik ez dute. Biek koxkor jangarriak dituzte, ez azkurritsuak, baina pozoitsuak behintzat ez. Biak genealogikoki Lorantaceae familiakotzat genituen lehen; kintralak hor jarraitzen du baina orain mihura Santalaceae familiakotzat dugu.

Genetikak nahi duena esango du, baina niretzako herengusuak dira. Bere kastari etorkizuna emateko trikimailu ber-berak darabiltzate. Ale koxkor horiek hegaztiei eskaintzen dizkiete; mami bigun jangarri batean bildutako hazi gogor bat. Ez da mami bereziki gozoa, ez da gerezi (Prunus avium) edo gurbe (Sorbus domestica); ez du energiarik edo azukrerik xahutzen hegaztiak erakartzeko. Nahikoa du hegaztiek beste jaki aukera urria dutenean fruituak ontzea: neguan. Gosearen taktika: kaskarxeagoa ere ona. Neguak, baita ere, bistaratu egiten du; landarez jositako paisaian neguak soiltze ia orokorra dakar geurean eta mihura hor azaltzen da harro punttuarekin, berde distiratsu trinko, urrutitik ikusteko moduan.

Bi landareek alearen mamia likaz janzten dute, hegaztia elikatzera datorrenean alearen bihotzeko hazia mokoan itsatsi dakion eta hura kentzeko ahaleginean adarraren kontra mokoa igurtziz hazia adarrean erantsita gera dadin, gero bertan sustraiak sartu eta itsasteko.

Hegaztiek mihura behar dute, neguko bazka erreserba. Eta mihurak hegaztia behar du, bere hazi banatzaile. Honelako kate txiki osagarriz elikatzen da ekosistema bioanitz aberatsa; bukatzen ez den espiral baten antzera. Bizkarroia dela iruditzen zaigun landareak ere berea ematen dio ekosistemari, beharrezkoa da. Parasitoak, bai, bizkarroiak, ingurukoen bizkar bizi direnak ere beharrezkoak dira ekosistemak behar bezala bizitzea nahi bada. Txilen bada Aramayo, baina gure Aramaiokoa da Markel Arriolabengoa Martiarena baso ingeniaria eta ikaragarrizko bideo ederra egin du naturaren konplexutasunari buruz: “Konplexutasuna”; hura ikusi eta bururatu zait idatzi dudana: mila esker. (jarraian bideoa ikusgai).

Guk elkarbizitza horiek ulertu beharrean nolakotasun adjektibo itsusi ustekoak erabiltzen ditugu landareekin: belar txar, belar gaizto, barrabas, bizkarroi, inbaditzaile eta abar. Eta eman-hartu horretatik at bizi daitekeela pentsatzen duen bizidunak jai dauka. Jai dugu, hemen eta Txilen.

Ikatza erretzeko eta marrazteko
2025-02-03 | Jakoba Errekondo
Agur negu. Negu betea da eta badoa. Mimosak (Acacia dealbata) eta magnoliak (Magnolia soulangeana eta Magnolia stellata) loratu dira, ongi etorri beraz loraldi nagusiei. Baina... (+)
Txerriaren belarrak
2025-01-27 | Jakoba Errekondo
Txerri-hiltze sasoia da negua. Hotzak beroarena errazago kenduko dio. Guri ere txerriez hitz egiten dugunean beroarena behinik kenduko baligute! (+)
Euskal Herria banana errepublika
2025-01-20 | Jakoba Errekondo
Sekula bananarik jan ez duten bi lagun ezagutzen ditut; nerau bat. Bananazalea da, ordea, jendea. Afrika eta Asia aldean sortutako landare generoa da banana (Musa... (+)
Ezin usainik hartu
2025-01-13 | Jakoba Errekondo
Sudurrak egia dio. Zaila da sudurra engainatzea. Usaimena saihestea ezinezkoa da. Sudurretik garunerako lotura bidearen ikerketa zirraragarria, liluragarria, zoragarria da makina bat ikerlarirentzat. Usainaren eta... (+)
Ilarraren entzumena
2024-12-23 | Jakoba Errekondo
Laster urte guztian izango ditugu malko ilar goxoak (Pisum sativum). Oraindik, ordea, negua eta udaberria dira, ia erabat ilar freskoak jateko sasoia; udaberrian jango ditugun... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora