Otsaileko elurrak ongarri hoberena balio du.

Birigarroak zirinetan heriotza

Datozen 100-150 egunak erdi lo negukatzen igaroko dituzte landare askok. Beren jakiak sortzeko nahitaezkoak dituzten hostoak askatu eta aurreko 200-250 egunetan metatutako erreserbei esker biziko dira.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2024ko azaroaren 25a
Karrastarroa (Turdus viscivorus) mihura (viscum album) gainean.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Aurrez hostoetan dagoen energia azken ttanttaraino xurgatzen eta jasotzen saiatuko dira. Horrek dakar urte osoan ezkutuan dauden koloreak bistaratzea. Toki batzuetan, goi mendi hotzetan, dagoeneko hosto gehienak orbelduta daude, eta behe bailaretako babesekoak soiltze bidean dira.

Azal-bizirik geratzen direnean, bat-batean hor azaltzen dira hostailaren itzalean kukulduta egon diren bizilagunak, harro negualdiko eguzki epela hartzera: goroldioak, likenak edo goroldio zuriak, ardagaiak, huntza (Hedera helix), haritz-iratzea (Polypodium interjectum) eta abar. Zuhaitzen gainean bizi diren landareei “epifito” esaten zaie; haritz-iratzea eta goroldio zuria, adibidez. Horiek ez dute inolako trukerik zuhaitz eramailearekin; autotrofoak dira, bere kasa moldatzen dituzte elikagaiak, airetik, euri uretik eta azpian pilatzen duten hauts, lur, orbel edo materia organikoaren usteltzetik.

Zuhaitzek eta arbolek badituzte, baina, bere bizkar bizi diren bizkarroiak edo parasitoak; ezagunena mihura (Viscum album). Ez da mihura erabat bizkarroia; bai, izerdia osten dio zuhaitzari, baina izerdi gordina, sustraietatik hostoetara doana, ez izerdi landua, hostoetatik sustraietara jaisten dena. Mihurak bere sustraiak arbolaren adarretan errotzen ditu eta izerdi gordina lapurtzen du, gero berak landuko duena; berdea da eta fotosintesia egiten du; hortik, parasito ez, “hemiparasito” esaten zaio, erdi parasitoa, sasiparasitoa edo parasito txikia. Mihuraren jokabide horrek bera erroztatu den tokitik aurrerako adar muturra ihartzea dakar, atzo ez bada etzi. Nabarmen ikusgarria da bere eramaile edo ostalarietan.

Santalaceae familiakoa da mihura. Orain arte ezagutzen diren familia horretako 43 generoetan biltzen diren 1.100 espezieak lapurrak dira, parasitoak edo hemiparasitoak. Viscum, bere generoaren izenak, latinez “mihura” esan nahi du baina baita “biska” ere. Bere fruituen likarekin egiten da biska, biska-adarrean edo biska-txotxean jarri eta txoriak harrapatzeko ezagutu duguna. Lika gozoa izango da hori: txoriak erakartzen ditu, alea jan eta haiek hedatuko dute gero barruko hazia zirinetan. Edo mokoarekin, fruitua jan eta likarekin hazia mokoan itsatsita gera daiteke, eta mokoa garbitzeko adarrean igurzteko keinuarekin hazia hantxe, adarrean itsasteko pronto uzten du. Birigarroa ezaguna da langintza horretan, eta latinezko esaera oso zahar eta entzutetsu bat eragin zuen: “Turdus ipse sibi malum cacat”, birigarroak zirinetan arazoak (edo heriotza). Birigarroak mihura hedatuz bera harrapatu eta kazuelarako bidean jarriko duen biska egitea errazten du; birigarroak egin eta adarretan zintzilika geratzen den zirina, gero hegaztiak ehizatzeko prestatzen den biskaren oso tankerakoa da.

Esaerako “Turdus” hori agian ez da birigarroa, karrastarroa baizik, izan ere, bere izen zientifikoa, Turdus viscivorus da eta viscivorus horrek mihurazalea esan nahi du. Itzultzaileentzako lana…
Mihurak bistan dira, dagoeneko zuhaitz eta arboletako adaburu garbalduetan. Fruitu zuriak orain heltzen ditu, ikusteko moduan direnean. Birigarroak ere badabiltza, ehiztari goseen baimenarekin…
“Birigarro” esaten badizute, pieza ederra zarela diote. Birigarroaren astean jaioa buru argiari esaten zaio. Birigarroa gorabehera, guk mihura neguko solstizioarekin lotzen dugu, ate-gainetan zintzilikatuz, eta azpitik igarotzean musu emateko ohitura etorri da; kontuz musua bisketan itsatsi gabe…

Orria egitera
2025-09-08 | Jakoba Errekondo
Orriuldu gabe daude oraindik zuhaitzak eta arbolak. Hostoak ihartu gabe daude, bai. Eta hostoa jasotzeko sasoi aproposa da. Hostoa, batez ere geroago jasotzen da; zuhaitzaren... (+)
Pagatza, bizitza, sutza
2025-09-01 | Jakoba Errekondo
Ez naiz aparretsia, orraztearen aparretsia, ezta gutxiagorik ere. Baina ikasturte berriari ekiteko, zer den ez den, lakarra zuzen-zuzen ederki asko eginda nator zuregana. (+)
Harroputzetik artaputzera
2025-07-28 | Jakoba Errekondo
Gabezia, pobrezia eta erromestasuna orokortu ziren. Euskal Herri atlantikoa harropuzkeriaren ur gaineko bitsetan bizi zen. Itsasoz haraindiko merkataritzak, arrantzak eta estraperloak gure iparralde osoko jendartea... (+)
Sagastien joeraren hipotesia
2025-07-27 | Jakoba Errekondo
Etorri dira herriko jaiak. Gureak sanferminen atarikoak dira, uztailaren abiatzea. Eta aurten berrikuntza bat izan dute. Artisten herria da gurea, eta apain-apain janzten dute jaietarako,... (+)
Sagastien joeraren hipotesia
2025-07-20 | Jakoba Errekondo
Etorri dira herriko jaiak. Gureak sanferminen atarikoak dira, uztailaren abiatzea. Eta aurten berrikuntza bat izan dute. Artisten herria da gurea, eta apain-apain janzten dute jaietarako,... (+)
gora