Asteroko buletina
Baratzezaintza terapia baino merkeagoa da, eta tomateak jasoko dituzu!

Ohartarazpenaren artelanak

Koloretsuak, distiratsuak, forma xelebre bezain ederrekoak diren heinean, nudibrankioek beste planeta batetik iritsitako izakiak dirudite. Itsas hondoko izaki biluzi hauek 1980ko hamarkadako gandorretako kolore biziak eta Parisko joskintzako izen handien moda arkitektonikoa dituzte soinean.

Nagore Zaldua
Nagore Zaldua

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2025eko urtarrilaren 06a

Taldeari izena ematen dion ezaugarria beste itsas bareengandik bereizten dituen gorputzaren atzealdean duten mototsa da; hots, brankia biluzia. Mototsa honek ere, taldeak bezala, forma anitzak ditu: adar, luma, pinu itxura, kiribila… Uzkia inguratzen duen lore sorta baten antzekoa izanik, arnasketa funtzioa betetzen du.

Beste itsas izaki askorentzat debekatutako substantziez elikatzeko gaitasuna dute, hala nola, cnidarioez (marmokak, anemonak, polipoak…) nahiz belaki pozoitsuez. Hauek dituzten toxinen eraginarekiko immuneak direnez, haien zelula erresumingarriak arazorik gabe irentsi ditzakete.

Hain eder, hain liluragarri dira, eta era berean, pozoitsu. Izan ere, Barraskiloen eta lapen ahaideak izaki (molusku gasteropodoak), animalia hauek duela milioika urte galdu zuten haien maskorra. Babes modura ordea, larruazal lodi eta urratzaileaz gain, beren burua defendatzeko hutsegiten ez dien pozoia jariatzen dute, azaleko guruinen bidez.

Nudibrankioen gorputz biluzietan ageri diren orbanak, marrak nahiz oihal garestietako pikartadurak ikusiko ditugu, mihise balira bezala. Kolore biziek harrapakariak ohartaraziko dituzte: “Erne! Ez zaik ni irensterik komeni”. Itsas hondoko moda desfilerik dotoreena harrapakariei zuzenduta dago, beraz. Eta ez, ordea, haien artean erakartzeko. Izan ere, nudibrankioak itsuak dira. Haien begi ñimiñoek ozta-ozta bereizten dute argia ilunpetan. Horren ordez, errinoforo izeneko gehigarri sentsorial batzuk dituzte buru gainean: bi adartxo, untxi-belarriak bailiran, zapore eta usainak hautemateko, janaria lortzeko, eta baita ugaltzeko espezie bereko kidea bilatzeko ere (feromonak antzemateko).

Izan ere, hermafroditak diren arren, bi ale elkartu behar dira ernalketa gerta dadin. Bi sexuak gorputz berean izanda ere, nahiago dute binaka, eta ez bakarrik. Errunaldian espezie bakoitzak sortzen duen arrautza-eskultura artistikoa nortasun ikur ere bada.

Gurean, ezagunena Felimare cantabrica dugu; izenak adierazten duen bezala, Kantauri itsasoan ohikoa den espeziea da, eta gure kostaldean urpekaritzan dihardutenen laguna. Hamaika zentimetro izatera heldu daitekeen arren, arruntena 3 eta 5 cm arteko aleak aurkitzea da. Bizkarraldean kolore urdin deigarria du, bi marra hori distiratsurekin: bata errinoforoetan hasi eta gorputzaren erdi-erditik, luzera osoa zeharkatzen duena; bestea aldiz, gorputzaren ertza inguratzen duena. Buru gainean tatuaje modukoa du, bi errinoforoen artean, espeziea bereizteko balio digun aingura edo T formakoa.

Brankiak urdin ilunak dira, haien haritz-hosto formarekin azalera handitu eta, hala, arnasketa funtzioa ezin hobeto betetzeko.

Gure itsas bare txikia inspirazio iturri izango zen Jean Paul Gaultierren pasareletarako. Nondik bestela, bere marinelaren zapi ikonikoa?

 

ITSAS-BARE KANTAURIARRA (Felimare cantabrica)

TALDEA: Moluskua/Gasteropodoa/Nudibrankioa.

NEURRIA: 3-5 cm.

NON BIZI DA? Kantauri itsasoan, sakonera txikiko itsas hondo hondartsuetan eta baita kilometro bateko sakoneran ere.

ZER JATEN DU? Dysidea fragilis belakiaz elikatzen da.

ERNALKETA: Hermafroditak dira baina bikoteka ernaltzen dira. Errunaldia espiralean egiten dute, kolore zuriko zinta batean. Larbak zazpi egunen buruan jaiotzen dira, 22 ºCko tenperaturan.

BABES MAILA: Ez dago babestuta.

 

Zaldun, dantzari edo zaindari; altxor ikusezin, betiere
2024-11-18 | Nagore Zaldua
Antzinako greziar eta erromatarrek izaki mitologikotzat zituzten animalia hauek, itsas hondoan jaio eta hazi ostean, lehorreko zaldien tamainara heltzean, Neptunoren gurditik tiratuko omen zuten. Urrutian... (+)
Adiorik ez, J.
2024-09-23 | Nagore Zaldua
A ze fauna! atalaren lehen denboraldian, olatuz-olatu hainbat  itsas izaki aurkeztu dizkizuet txoko honen traineruko kareletik. Ordea, bigarren denboraldiko nire lehen artikulua lagun bati gorazarre... (+)
Itsas dortokak lozorrotik esnatu ote dira euskal kostaldean?
2024-06-17 | Nagore Zaldua
Udako solstizioa gerturatzen ari den honetan, euskal kostaldean itsas dortokak ikusteko aukerak ugaritu dira. Gure uretan ezagunena Egiazko kareta (Caretta caretta) da. Ale helduen oskolaren... (+)
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle
2024-05-06 | Nagore Zaldua
Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri... (+)
Batzuen aberastasuna, gehiengoaren miseria, biodibertsitatearena barne
"Biodibertsitatearen galera: kausak eta ondorioak" hitzaldia eman zuen Iker Apraizek Azpeitian apirilean, Euskal Herria Bizirik taldeak antolatutako "Lurraren defentsan" egunaren baitan. Nagore Zalduak eta Eneko... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora