Baratzea da nire irakasle gogokoena

Gasteizko teilatuetan hiriak kontsumitzen duen argindarraren % 38 lor daiteke

Gasteizko teilatuetan panel fotovoltaikoak jarriz, hiriak kontsumitzen duen elektrizitatearen % 38 lor daitekeela kalkulatu du EHUko Ekopol ikerketa-taldeak. Beraiek garatu duten zehaztasun handiko metodologia batez erabiliz iritsi dira ondorio horretara.


2025eko maiatzaren 21a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Hirietan kontsumitzen da energia gehien eta isurtzen da CO2 gehien. Beraz, deskarbonizaziorako bidean funtsezkoa da haietan energia-berriztagarriak ezartzea. Eremu urbanoetan horretarako oso lur gutxi egon ohi da erabilgarri, ordea. Horregatik, teilatuetan panel fotovoltaikoak kokatzea da aukerarik aproposenetakoa. Ekopol ikerketa-taldeko ikertzaileek (EHU) Gasteizko eraikinek horretarako duten gaitasuna neurtu dute.

Ondorioztatu dute Gasteizko teilatu-azaleraren erdian bideragarria dela panel fotovoltaikoak jartzea eta, azalera hori erabat aprobetxatuz gero, hiriak kontsumitzen duen argindarraren % 38 lortu ahal izango litzatekeela. Horretaz gain, ikerketak berretsi du hiriko zonalde periferikoek potentzial handiagoa dutela eguzki-energia erabiliz argindarra sortzeko. Izan ere, erdialdean, espazio txikiagoan eraikin gehiago pilatzen direnez eta eraikin altuagoak daudenez, zailagoa da eguzkiari etekina atera ahal izatea.

Ikertzaileen esanean, orain arteko estimazioak hobetu ditu azterketa honek. Azaldu dute erabili duten metodologiak tokian tokiko faktore asko hartzen dituela kontuan eta, horri esker, errore gutxiago daukala. Metodologia horrek zehaztasun handiko azterketak egiteko aukera eman die eta panel fotovoltaikoak jartzeko arbuiatu ohi diren teilatu-eremuak egokiak izan litezkeela ikusi dute. Adibidez, mendebalde/ekialdera begira dauden asko eguzki-energia lortzeko aproposak izan daitezke, kalkulatu dutenez.

Metodologia Ekopoleko ikertzaileek garatu dute. Kode irekiko Informazio Geografikoko Sistemak erabiltzen ditu. Hau da, edonorentzat dohainik eskuragarri dauden softwareak, zeinek aukera ematen duten zona jakin baten inguruko datuak gurutzatzeko eta automatikoki ondorioak ateratzeko. Esaterako, kasu honetan, ikertzaileek Gasteizko eraikinen mapak eta altuera-mapak deskargatu dituzte datu-base publikoetatik, eta, informazio hori programa informatikoan sartuz, jakin dute, zehaztasun handiz, hiriko teilatu-azaleraren metro koadro bakoitzak zer orientazio, itzal eta inklinazio duen, zehaztasun handiz.

Bestalde, bideragarritasun energetikoaren muga ere kontuan hartu dute, teilatuen potentziala neurtzeko. Alegia, alderatu dituzte eraikin jakin batean panel fotovoltaikoak martxan jartzeko inbertituko litzatekeen energia eta bertan instalazioak bere bizitza erabilgarrian sor dezakeen energia. Bideragarria ez bada, teilatu hori baztertu egiten dute. Azpimarratu dutenez, alde horretatik berritzalia da ebaluazio-sistema hau; izan ere, gehienetan bideragarritasun ekonomikoari bakarrik erreparatzen zaio eta ez energetikoari.

Gaineratu dute garatutako metodologiaren ekarpena handia dela eta hainbat hiritan halako azterketak modu errazean erreproduzitzeko baliabideak eskaintzen dituela. Baina, aldi berean, ohartarazi nahi izan dituzte aldaketa ezin dela bakarrik energia berriztagarrien bidetik etorri. Izan ere, hiri bateko teilatu bideragarri guztiak estalita ere, ez litzateke nahikoa izango egungo gizartearen energia-eskaerari erantzuteko. Teknologia berriztagarriak erabili bai, baina trantsizio ekosozialaren kontzeptura hurbildu behar dugu, ikertzaileen ustez; kontsumo-ohiturak aldatuz eta energia-kontsumoaren murrizketa lehenetsiz.

Elikagai-sistema osasungarriago eta jasangarriago batek goitik behera aldatuko luke nekazaritza
2050erako mundu mailan dieta osasungarriagoa egingo bagenu, produktibitatea handituko balitz, eta elikagai-xahutzea erdira murriztuko bagenu, nekazaritzaren mundu mailako egitura eraldatuko litzateke. (+)
Amazoniako kultura eta ezagutza murriztuko du klima-aldaketak
Amazoniako oihana ondare biologiko eta kulturalaren gune garrantzitsua da. Munduko biodibertsitatearen % 10 baino gehiago biltzen du eta harengan klima-larrialdiak izan duen eragina ikertu dute. (+)
Aberatsek sortzen duten ingurumen-kaltearen kostu ekonomikoa kalkulatu dute: 1,7 - 5,7 bilioi dolar urtero
Jakina da CO₂ gehien isurtzen duten herrialdeetako biztanlerik aberatsenen %10ak direla klima-aldaketak eragindako kalteen erdiaren erantzule zuzenak. Orain, ordea, gizadiari sortzen dioten ingurumen-kalte horren kostu... (+)
Kokainaren metabolitoak izokinen mugimenduan eragiten du
2026-04-28 | Elhuyar, Ana Galarraga
Kokainak izokinen mugimenduan nola eragiten duen ikertu dute Australian. Griffitheko Unibertsitateak gidatu du ikerketa, eta frogatu dute gizakion kontsumoaren ondorioz habitat naturalera iristen den kokainaren... (+)
Iaz eguzkiak eta haizeak elektrizitate gehiago sortu zuten fosilek baino EBn
2026-01-28 | Ana Galarraga, Elhuyar
Iaz, lehen aldiz, haizeak eta eguzkiak erregai fosilek baino elektrizitate gehiago sortu zuten Europako Batasunean, ENBERen analisiaren arabera. (+)
gora