Astelehenero 8:00etan zure epostan
Santa Ageda bezperan ari naiz gaurko artikulua idazten eta koplari buelta bat ematera noakizue. Uste dut nahiko aberats gaudela diruz, nahiz gehiagoko nahia beti hor dugun, eta baita ere aberats gaudela oinetakoz, batzuk beste batzuk baino gehiago; baina ez gabiltzala eztarriz sano, ezin baitugu kantatu nahita ere gogoz.
Sendabelarrek dakitena liburuaren egilea
Eztarriko mina dei dakioke baina espezialistak nahiagoko du faringitisa, laringitisa, afonia, disfonia zein marranta soila den bereizi. Denei egingo die kalte giro lehorrak edo oso hotzak, tabakoak zein keak, alkoholak, likido hotzak edateak, elikagai oso minak jateak ala bihotzerrea sarri izateak. Horiek denak nolabait alda edo hobetu daitezke baina askotan leku zaratatsuetan lan egitea egokitzen zaigu eta hor jai daukagu. Ez dago eztarriari kalterik eragin gabe hiru orduko ikastaroa ematerik. Horregatik, halakoen ondoren ezingo dugu kantatu gogoz, nahita ere.
Nago, hala ere, eztarriak ez digula beste hainbat gorputz atalek sortzen digun kezka bera sortzen. Ez dirudi hain larria denik baina bada. Gutako askok ezinbesteko lan tresna dugu eztarria eta ahotsetik nozitzen hasten bagara erne ibili beharra dago, ez baitira gutxi kirofanotik pasatakoak ere.
Hidratazioa ezinbestekoa da, hizketan edo kantuan ari garenean batez ere. Ura beti aldean eramatea bezalako keinu txiki batek aldea egin dezake. Sendabelarrak ere erabil ditzakegu, muzilagoa dutenak batez ere. Malba (Malva sylvestris), malba edo plantaina arra zein emea (Plantago lanceolata eta major), baita birika-belarra (Pulmonaria officinalis) ere, egokiak dira egunerokoan erabiltzeko.
Ahotsarentzat espezifikoa den sendabelar bat gehitzea gustatzen zait, ahots kordei laguntzeko gai den sendabelar bat: mendaskia (Sisymbrium officinale). Aurretik aipatutako hiruretako bat eta mendaskia, bakoitzetik koilarakada txiki bana irakindako 250 ml uretan ipintzea nahikoa da. Ikastaro, funtzio zein hizketaldiaren aurretik zein ondoren edan daiteke baina onena bitartean edatea da, gehienontzat. Bada kanta-belarra (Raphanus raphanistrum) deituriko sendabelarra ere, Jakoba Errekondok artikulua eskaini ziona, baina heste-aringarri edo libragarria denez, ez diogu gaurko gaiari dagokionez erabilerarik emango.
Aurreko infusioari eztia ipintzekotan oso gutxi ipini. Izan ere, eztia higroskopikoa da eta lehortasuna eragin dezake eztarriko mintzetan, askotan egarria ere bai, eta halakorik ez da komeni lehortasuna etsai den patologietan. Bide beretik, mendazko (Mentha piperita eta spicata) karameluak ere ez dituzte maite foniatrek. Mentolak freskatu eta arnas bideak irekitzeko balio du baina lehortasuna ere badakar atzetik. Eztula edo mukiak baditugu ondo etorriko zaizkigu bai eztidun zein mendazko karameluak baina atzetik ur dezente edatekotan eta beti ere ahotsari nola eragiten dion behatuta.
Azkenik, ahots-atsedena deitzen zaion botika aipatu behar da, hau da, tutik esan gabe ordu (eta egun!) batzuetan egotea. Erremedio honetaz ez du ia inork ezer jakin nahi, politagoa baita Abadiñoko San Blasetatik ekarritako lokarria saman lotzea, baina ez dago tarteka mutu egotea bezalako sendabelarrik.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545