Astelehenero 8:00etan zure epostan
30 urte igaro dira rotaflexaren garrasiak gure herria esnatu zuenetik; eta oraindik ere, urtero, apirilaren 6an garrasi horrek esnatzen gaitu. Aurten ere, garrasiak hainbat bailara esnatu ditu, baina herritarrek salbatu nahi izan zituzten herrietara ez da oihurik heldu. Bertako biztanleak beste leku batzuetan esnatu dira; haien etxea izan zena faltan botatzen.
Garrasiak herri horiek aurkitu ez arren, denek dakite non zeuden. Urak zazpi herriak aspaldi irentsi zituen, baina ezin izan zituen bertako oroitzapenak irentsi. Ezin izan zituen haien ahotsak isilarazi eta ezin izan zuen herri oso baten borroka geldiarazi. Urak zazpi herriak desagerrarazi arren, denek gogoratzen dute nolakoak ziren eta nolakoa zen bertako bizitza; guk, ordea, ez dakigu nolakoak ziren. Belaunaldi oso batek ez dugu ezagutu bertan aurkitzen zena, ura ezagutu dugu soilik. Urtegia ezagutu badugu ere, badakigu zer ezkutatzen den uraren azpian eta zer desagerrarazi nahi izan zuten.
Artozkiko etxeetan ez da barrerik entzuten, Ezkaiko belardietan ez da umerik jolasten eta Orbaitzeko etxeetako leihoetatik ezin da ezer ikusi. Bizitza osorako izango den kondena ezarri zieten zazpi herri eta hamaika herritarri, eta han utzi behar izan zuten dena: istorioak, oroitzapenak, haien bizitzaren zati bat.
Urteak pasa dira mapetan jada agertzen ez diren zazpi herritan azkeneko aldiz norbait lokartu zenetik. Bertan lokartzen ziren herritarrek Irati ibaiak dakarren negarrarekin lo hartzen dute gauero; haien herriaren irudiak memorian tinko grabatuta dituztela.
June San Martin
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545