[Garbiñe Larrea]
Menden familia zabalean bi ale aukeratu ditugu liburu honetarako, bat basatia (txipa-belarra, Mentha aquatica) eta bestea lorontzi, lorategi edo baratzetan eduki dezakegun hauxe. Edari alko-holdunekin batera edo gozogintzan oso erabilia denez bere lurrina ezaguna egiten zaigu. Hortze-tako oreak eta txikleak ere badira mendabeltzaren usain eta zapore atsegina izateaz gain, ahoaren freskagarri.
Spicata izen botanikoak “lantza” esan nahi du eta bere hostoen forma luzexka horri egiten dio aipamen. Mendafinarekin (Mentha piperita) nahasten duenak, honen hosto borobilduei (eta ilunagoei) erreparatu behar die aldea ikusteko.
Printzipio aktibo nagusia mentola da (%50-86 artean eduki dezake) baina mentona, felandrenoa eta limonenoa ere baditu. A bitamina, burdina, magnesioa eta folatoa ere azpimarratzekoak dira. Gaitasun antiandrogenikoa duenez odolean testosterona maila jaisteko gai da; bizarra sortzen zaien emakumeek erabili izan dute.
Digestio arazoetarako erabili izan da; haizeak kanporatzeko eta behazunari xixkua sortzen laguntzeko baina urdailerako da bereziki egokia; honen uzkurdurak baretzeko gai delako. Uzkurdura eta koliko mota oro tratatzeko erabil dezakegu, bera hutsik edo kamamila (Chamaemelum nobile) bezalako beste sendabelar batekin batera. Digestio aparatu osoa erlaxatzen du, urdaila batez ere.
Mentolak eragin freskagarria du eta arnasbideetarako egokia da; arnasa hartzen laguntzen baitu. Katarroak edo sinusitisak sudurrak itxi eta arnasa hartzeko ezinean baldin bagabiltza mendabeltz infusioak on egingo digu. Ahoko hatsa edo halitosia sortzen duten germenak akabatzen ditu; horretan mendabeltz infusioak eta hosto freskoa ahoan ibiltzeak laguntzen du.
Hilekoak sor ditzakeen mina edo dismenorrea arintzeko balio du, gehiegizko odol jarioak ekiditen dituelarik. Hanturaren kontrako lana egiten du, mentolak sortzen duen hotz efektuak hodi-uzkurdura edo basokonstrikzioa egiten duelarik. Hilekoak irauten duen egun guztietan, afalondoren, berbenarekin (Verbena officinalis) batera hartzea gomendatzen dugu.
Oliotan beratuta oleatoa egin dezakegu. Kanpoko erasoen (ziztadak eta erredurak) eta barne beroaren (urtikaria eta histaminosia) aurrean larruazala baretzeko erabil dezakegu. Eguzki erredurentzat batez ere, baina nekatutako giharrak arintzeko ere balio digu. Antioxidatzaile ona denez, azalaren zahartze seinaleei aurre egiteko erabil dezakegu.
Ezpaindunen familiako belar usaintsu hau leku hezeetan topatuko duzu. Loreontzitan, baratzeetan edo lorategietan oso zabaldua. 30 cm arte hazten da eta menda generoko landare guztiek bezala lurrin freskoa du. Hain zuzen ere, gastronomian eta lurringintzan estimatua den usain sendoa.
Lore arrosa edo moreak ematen ditu uda bukaeran eta neguan desagertu egiten da, udaberrian berriz indar handiz jaiotzen delarik.
Te berdearekin (Camellia sinensis) batera hartuta gorputzaren kitzikatzaile eta tonifikatzaile ona dugu, uda partean batez ere. Izotzaren har dezakegu, freskagarri bezala. Mairuen tea bezala da ezaguna baina, ahal bada, azukrerik eta bestelako gozagarririk gabe hartzea gomendatzen dugu; izan ere, gibela eta behazuna garbitzeko lan ona egin dezakete biek, baina beti ere berezko zapore mikatzari eusten bazaio. Arratsaldeko bostetatik aurrera ez litzateke hartu behar, loa galarazi baitezake. Kitzikagarri edo ernagarriekin arazoak dituztenek ezin dute hartu.
Mendafin hosto eta loreekin oleatoa egin dezakegu, udan oso erabilgarri egingo zaiguna. Norberari komeni zaion olioa aukera dezake baina arbendol (Prunus dulcis) olioa erabilita oleato fina eta freskagarria egingo dugu. Eguzkitan berrogei egunean edukita egiten da oleato hau, Maria bainuan baino hobea. Behin iragazita, hozkailuan edukitzen da (oliba olioarekin eginez gero ez). Larruazalak udan izan ohi dituen kanpo erasoen (intsektuen ziztadak eta erredurak) eta barne beroaren (urtikaria eta histaminosia) aurrean erabiltzen da, lan baltsamiko eta baregarria egingo digularik. Eguzki erredura edo ziztadaren bat badugu oihal bat olio honekin busti eta azalean ipinita edukiko dugu ordubetean. Hau bera nekatutako giharrak arintzeko ere egiten da. Antioxidatzaile ona denez, azalaren zahartze seinaleei aurre egiteko erabil dezakegu; aurpegian igurtzi eta ondoren ur freskoz aurpegia garbituz.
Urdaileko errefluxu larria dutenei kalte egin ahal die sendabelar honek, infusio edo tinturan.
Mentolari hipersentsibilitatea dion pertsonak ezin du erabili.
Menda tintura bikoitza
Menda familia ugaria eta emankorra da, bakoitzak bere berezitasunak dituelarik. Hemen bi menda batu eta tintura egitea proposatzen dugu, hartara mentola bezalako osgai batzuk bereziki kontzentratuko direlako; horregatik deitu diogu bikoitza. Mendabeltza eta txipa-belarra (Mentha aquatica) ipiniko dizkiogu, baina mendafina (Mentha piperita) edukiz gero hau ere jar dakioke txipa-belarraren ordez. Tinturak ia beti sendabelar lehorrak erabiliz egiten baditugu ere, hemen freskotan daudela egin behar dugu; mentola ahalik ondoen baliatzeko modua delako. Loretan baleude, lore eta guzti.
Beroari aurre egiteko balioko digu, kanpoko zein barruko beroari aurre egiteko. Hau da, udan egun sargori eta erreetan hartzeko ona izango da; beroak eragindako itomena, apetitu falta, zirkulazio geldialdia eta nekea baldin baditugu. Menopausiak eragindako beroaldia, azkurak sortutako barne bero et ezinegona edo sukarrak sortzen duen barne beroa tratatzeko ere balio digu; hauek lirateke barruko beroak.
Digestioa egiteko zailtasunak daudenean, batez ere janaria urdailean ez aurrera eta ez atzera baldin badago, hartzen da. Arnasa hartzeko zailtasunak daudenean tintura honen mentolak oxigenatzen lagunduko digu. Hilekoa dagoenean eta giharrak astun edo gogortuta ditugunean ere bai.
Kasu hauetan denetan, baso erdi ur freskotan koilarakada txiki bat ipini eta otorduen ondoren, egunean hiru aldiz, hartu sintomak baretzen diren arte. Umeek 20 tanta, egunean hiru aldiz. Katilu batean ur freskoa ipini eta bertan bi koilarakada handi tintura ipini, oihal bat busti, eta sukarra dagoenean kopetan jar daiteke; baita erredura izan den edo azkura dagoen tokian ere.
OSAGAIAK litro erdi egiteko
* 700 ml alkohol zuri, vodka edo uxuala
* Mendabeltz hosto freskoak, alkoholaren laurdena
* Txipa-belar (Mentha aquatica) hosto freskoak, alkoholaren laurdena
* Kristalezko ontzi aho-zabala, hermetikoa
* Kristalezko frasko iluna,tantaz tanta isurtzeko xortakaria duena
PROZEDURA
1. Kristalezko ontzi hermetikoan ipiniko ditugu bi mendak eta alkohola, ontziaren erdiraino baina zanpatu gabe. Loretan baleude, loreak ere ipini.
2. 10 egunez edukiko dugu armario barruan, egunez mugitu.
3. Paperezko iragazkia erabiliz ongi iragaziko dugu, landare beratua zanpatuz. Alkohol dezente xurgatuko digu eta ez dugu hasierako kopurua edukiko.
4. Orain, berdezka koloreko vodka honi beste beratze aldi bat emango diogu, beste 10 egunekoa. Lehen puntua errepikatuko dugu, bi mendak freskotan berriro ipiniz. Hau mazerazio motza eta oitza da, gehien interesatzen zaizkigun osagaiak alkoholetara igaro daitezen egiten duguna.
5. Bigarren beratze aldi honen ondoren hirugarren puntuko lanak berriro egin.
6. Etiketa ipini eta kristalezko frasko ilunean jaso.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545