Astelehenero 8:00etan zure epostan
Lehen sektoreari buruz, beharbada, gero eta gutxiago hitz egiten da gaur egun. Sektorean inpaktu aktibo gutxiago dagoelako izango da arrazoietako bat, nire ustez. Gizartea gero eta kaletarragoa da edo nekazaritzarekiko gertutasuna galtzen doa behintzat. Indar gabezia handia daukagu gure barrenean sektore bezala, salbuespen bat edo beste kenduaz, agian.
Duela lau hamarkada, esango nuke, gure garai modernoko unerik ederrena geneukala sektore barrenean: Europako merkatuaren sorrera, teknologiaren integrazioa, oso sektore gaztetua, lana egin eta borrokatzekoa. Kausarengatik, bola handi eder bat zen.
Instituzioetatik bazegoen baserri eredu handi baten alde apustu egiteko helburua, kondizionatuz eta presionatuz. Alde batera uzten ziren baserri bakoitzean orografiak sortzen zituen ezaugarri, oztopo eta bertuteak. Baserri bakoitzean lantzen ziren ezaugarri horien alde on eta txarrak eta ez guztietan puzzle berdina sortu. Berezko sormenak, pertsona baserritarra eta baserria handituko ditu beti.
Lau hamarkada hauetan gauza askori buruz, toki askotan, asko hitz egin da: baserriak bertako lurrarekin lotura izan behar duela, argi geratuz, baserri bolumen egokiak izan behar dutela, orekatuak, alegia, inbertsioak ere bakoitzak behar beharrezkoak soilik egin behar dituela… Eta gero Europako hainbat tokitan ikusia dugun moduan, euskal Iparraldeko adibide ezinhobea daukagu, elkar lagunduz, bai lanean eta batez ere makina lanak elkarren sinergiaz baliatuz izan behar dutela.
Lehen sektoreak gutxienez klase politikoarekin parekatuta egon behar du lehen sektoreari eragiten dien gaietan, erabakietan, eta hori ez da ia inoiz gertatu
Lau hamarkada ondoren, gaur egun, lehen aipatu bezala, sektoreaz gutxi hitz egiten da eta oraindik gutxiago baserri errealaz. Errealitatea barruan gaudenok ezagutzen dugu batez ere, nahiz eta gure agintariak gure iritzia kontutan hartu gabe behin eta berriz ausartzen diren pausoak ematen.
Gaur hain egunean dauden kontzeptuak, ongizatea, bizi baldintza duinak, duintasuna, aktiboari errespetua, lehen sektorera ez dira iritsi oraindik. Besteak beste, aurtengo neguan Tolosaldean gertatu dena aipatu nahi dut.
Lehen esan bezala, urte hauetako erronketako bat zen makina zerbitzu integral bat ematea nekazal jarduerari begira. Ba, hori egon da Tolosaldeko Tolomendi elkarteak eta Belarmendi SL-k kudeatuta 80 baserritarri zerbitzua emanez. Ondoren, proiektua bertan behera uzteko era txarreko idatzi batekin topatu gara eta presio bat egin ondoren zerbitzua pribatizatuta ematen jarraituko dutela azaldu dute. Behin eta berriz elkarlan bat eskatzen badugu ere, garbi ikusten dugu sektorea barrutik indartu beharra dagoela eta ez beste helburu batzuk dituen proposamenak sortzetik. 80 baserritarrek jasotzen zuten zerbitzua bertan behera geratzearen ondorioz, urtarrilean egindako protestan, foro zabal bat sortzea eskatu genuen, baina ez dugu erantzunik jaso.
Azkenengo lerro hauek idaztea gogorra egin zait, inor ez dut mindu nahi, baina gertatutakoa horrela da, horrela azaltzea tokatzen da. Instituzioetatik diote arriskuak daudela, kudeatzen zaila dela, bildu direla ez dakit norekin…
Lehen sektorean ere sektorearekin jende konprometitua behar dugu, kargua izateak ardurak hartzea dakar, ardurarik gabe ez dago lehen sektorerik. Lehen sektoreko jendeak ez dugu egiten lana diruagatik soilik. Hori izango balitz helburua, inor ez ginateke lehen sektorean jardungo. Odolean daramagulako erabaki dugu. Maite dugu egiten duguna. Oso lan pasionala da, ederra. Bizia, eta arduratzen gaituena.
Lehen sektoreak gutxienez klase politikoarekin parekatuta egon behar du lehen sektoreari eragiten dien gaietan, erabakietan, eta hori ez da ia inoiz gertatu. Politikoen beraien liskarretan ere beti lehen sektorea da galtzaile. Baina politiko eta teknikari onak behar ditugu. Nik garbi daukat horrela izan behar duela. Ziur naiz badaukagula gazteria potentzial ederra eta nahikoa, eta beraiengan sinetsi behar dugula. Gidaritza hartu behar dute, baina metodologiak aldatzen ez ditugun bitartean, munduko hainbat tokitako indigenak desagertu arazi ziren bezala euskal mendi aldeko lehen sektore aktiboa ere desagertuko da.
Jokin Arrospide Arrate, baserritarra
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545