EHNE Bizkaiak bultzatutako azterketaren emaitzek baieztatu dute eredu agroekologikoan ekoiztuak diren tomateek berotegi efektuko gasen isurketan, eta batez ere energia kontsumoan, inpaktu txikiagoa dutela eredu agroindustrialean ekoiztuak diren tomateekin alderatuta. Honetan, berebiziko garrantzia dute bertakoa izateak eta tokiko merkaturatze bideetan kontsumitzeak, eraldaketa eta garraio faseetan ezberdintasun nabarmenak baitaude.
Asunek lurraldearen eta elikaduraren trantsizio eko-sozialerako Behatokiko kidea.
Asunek lurraldearen eta elikaduraren trantsizio eko-sozialerako Behatokiko kidea.
Nekazaritza da klima aldaketa bultzatzen duten Berotegi-Efektuko Gasen (BEG) isurketen erantzule nagusietakoa. Elikadura Sistemek beraien osotasunean (ekoizpenetik xahuketara) BEG isurketa globalen %21-37a eragiten dute. Haatik, eredu agroekologikoek BEG isuriak %40 murriztu ditzakete eta lurzorutik karbonoa bahitzeko aukerak eskaini.
Baieztapen horietatik abiatuta, EHNE Bizkaiarekin azterketa lan bat egin berri dugu, sasoiz kanpo jaten ditugun elikagai agroindustrialek sortutako karbono aztarna, gure inguruan modu agroekologikoan ekoiztuak izan diren elikagaien aztarnarekin alderatzeko. Horretarako, Euskal Herrian sasoiz kanpo asko kontsumitzen den elikagai preziatu bat aukeratu dugu, tomatea –kontsumitzen dugun tomatearen %80a baino gehiago inportatutakoa da–. Azterlan horretan, tomatearen bizi-zikloan –hasi ekoizpenetik, eraldaketa eta garraioa barne– kontsumitzen den energia eta karbono-isurketa kantitateak neurtu ditugu.
Hauexek jasotako emaitza esanguratsuenak:
Bertako tomate agroekologikoek Almeriakoek baino %46 energia ez-berriztagarri gutxiago kontsumitzen dute
• Euskal Herriko tomate agroekologikoek %38,6 CO2 gutxiago isurtzen dute Almeriako tomateekin alderatuta, eta %46,2 energia ez-berriztagarri gutxiago kontsumitzen dute. Bi kasuetan ekoizpena eta garraioa dira CO2 isuri handiena sortzen duten kate-begiak. Ontziratze eta logistika fasean dago bi ereduen arteko alderik handiena, izan ere, tomate agroekologikoetan CO2 isuriak eta energia ez-berriztagarriaren kontsumoa Almeriakoetan baino %91 baxuago dira. Ezberdintasun hauek salmenta ereduarekin lotuta daude, Euskal Herrian ekoitzitako tomateak salmenta zuzenaren bidez merkaturatzen baitira, eta ontzi berrerabilgarriak izanik, karbono aztarna izugarri murrizten da.
Ekoizpen hidroponikoek, nahiz eta Euskal Herrian kokatu, gastu energetikoa eta karbono-aztarna Almeriako ereduak baino nabarmen handiagoak dituzte
• Garraioari dagokionez, tokiko tomate agroekologikoetan %60 murrizten dira BEG isuriak. Almeriakoetan kamioiek 950 km egiten dituzte EAEra iristeko, eta beste 20 km furgonetaz txikizkako merkatura iristeko. Eredu agroekologikoan berriz, 43 km egiten dira tomateak inguruko kontsumo taldeetan banatzeko. Alta, azpimarratu behar da tomate-denboraldia zabaldu nahi duten ekoizpen hidroponikoko proiektuek (berogailudun negutegiekin), nahiz eta Euskal Herrian kokatu, gastu energetikoa eta karbono-aztarna Almeriako ereduak baino nabarmen handiagoak dituztela.
• Ekoizpen fasean alde gutxiago dago bi ereduen artean. Agroekologikoan CO2 isurketak %6,6 murritzagoak dira Almeriako ekoizpenarekin alderatuta, eta energia ez-berriztagarriaren kontsumoa %14 murritzagoa da. Horrek zerikusia du Almeriako negutegien energia erabileraren eraginkortasunarekin, hektareako ekoizten den tomate kilogramo kopurua oso handia baita.
Beraz, Elikadura Sistemari lotutako BEG isuriak murrizteko helburua badugu, erabaki politikoek sasoiko elikagai agroekologikoen kontsumoa sustatu beharko lukete, eta zuzeneko salmentarako bideak indartu.
Zentzu horretan, Amaia Barredo Elikadura sailburuak aurkeztu berri duen agintaldi-programak zalantza asko sortzen dizkigu; izan ere, sektorearen belaunaldien arteko erreleboa bultzatzea aurreikusten duen arren, programan indarra hartzen duten proiektuak berotegiko laborantzaren aldeko apustua eta teknologia berrietan oinarritutako elikadura industria sustatzeko ekintzailetza-zentroen garapena dira.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545