Astelehenero 8:00etan zure epostan
Espainiako Gobernuak Eskola Jantokien inguruko Errege Dekretua atera berri du, Euskal Herri Hegoaldeko eskola jantokien kudeaketan eragingo duena. Spoiler: elikadura sistema osasuntsu eta jasangarri bat garatzeko inolako asmorik erakusten ez duen dokumentua da.
Asunek lurraldearen eta elikaduraren trantsizio eko-sozialerako Behatokiko kidea.
Asunek lurraldearen eta elikaduraren trantsizio eko-sozialerako Behatokiko kidea.
Eskola Jantokien dekretu horren arabera, ikastetxeetako janarien eta edarien eskaintza, funtsean, elikagai freskoek, sasoikoek eta kate motzetatik eratorritakoek osatuko dute. Ondo. Baina, “funtsean” kontzeptua nola neurtzen da lizitazio batean? Izan ere, fruta eta barazkien %45ak soilik behar du sasoikoa izan. Eta sasoikoa izanik, ez da inola ere kate motza neurtzeko irizpiderik ezartzen.
Dekretuak baita ere esaten du elikagai ekologikoek, gutxienez, erosketa kostu osoaren %5 osatuko dutela. Horrekin, argi gelditzen da lizitazio erabakietan prezioa dela indar gehien hartzen duen irizpidea. Aitzitik, elikadura osasungarri eta jasangarria lortzeko baldintza nagusietako bati, ekoizpen-ereduari, ez zaio garrantzirik ematen.
Gauza bat bai aitortu behar zaio dekretuari. Lehen aldiz, debekatu egiten du (kontzeptu argia eta neurgarria) edari azukredunak eta energetikoak eta opil industrialak saltzea ikastetxeetako kafetegietan eta salmenta makinetan. Pozgarria da ikustea nola hartu den kontuan nutrizioari eta haur-obesitateari buruzko duela 20 urte baino gehiagoko ebidentzia zientifiko andana.
Orain urte bete eskas, Asunek Behatokitik eskola jantokien inguruko hausnarketa egin genuen. Garai horretan ibiliko ziren baita ere EAEko ikastetxe publikoetako jantokien araudi berria sukaldatzen. Irailean argitaratu zuten araudi horretan, ez dute inongo maniobra marjinarik uzten. Bertan adierazten den bezala, “sektoreko enpresak kontratatuko dira jantoki zerbitzua emateko”. Hau da, eredu des-zentralizatuak sustatu beharrean, berriz ere, etekin ekonomikoetan oinarritzen den elikadura eredu globalizatuaren inguruko enpresei mesede egiten dion araudi bat ezarri dute.
Duela hamar bat urte Gernika, Urduña, Laukariz eta Markinako eskoletan hasitako proiektu pilotuek erakutsi dute kudeaketa deszentralizatuak tokiko elikagaiak eta elikagai ekologikoak hornitzeko eta prestatzeko ahalmena duela, eskoletan benetako elikadura osasungarria eta jasangarria ezartzeko. Eta "proiektu pilotu" kontzeptuaren definizioak dioenez, "eskala handian ezarri aurretik, ideia bat eskala txikian frogatzeko egitasmo bat da". Beraz, eskala handira pasatu beharko genituzke... hala ere, badaezpada, hori saihesteko araudi bat ezarri digute...
Azpimarratu nahi genuke baita ere Eusko Jaurlaritzak apirilean aurkeztutako Belaunaldi Erreleborako Estrategia Integrala ez datorrela bat EAEko ikastetxe publikoetako eskola-jantokien araudia-rekin. Politika publikoen garapenean elikadura sistemaren ikuspegi holistikoa eta integrala alde batera uzten dela erakusten duen beste adibide bat da. Elikagaien erosketa publiko batek sortzen duen eskariak ekoizle gehiago instalatzea sustatu beharko luke. Era berean, lehen sektore agroekologiko indartsu bat izango da elikadura osasungarria eta jasangarria eskola jantokietan bermatzeko gaitasuna daukan eredua. Honek guztiak, berriz ere, gure politika publikoen norabidea zalantzan jartzera garamatza.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545