Buruileko euriek mahastia ontzen.

Suteek kiskaliko gaituzte landa eremua hiritartzen jarraituz gero

2022an egun gutxi batzuetan 15.000 hektarea kiskali ziren Nafarroan. 2024an, eskarmentu haren ondotik, eta Andia mankomunitatearen eskutik, izan genuen lehen aldiz “artalde suhiltzaileen” berri. Zunbeltz Test Gunearen baitan martxan jarritako proiektua.

Goiuri Alberdi
Goiuri Alberdi

Asunek lurraldearen eta elikaduraren trantsizio eko-sozialerako Behatokiko kidea.

Aintzira Oñederra
Aintzira Oñederra

Asunek lurraldearen eta elikaduraren trantsizio eko-sozialerako Behatokiko kidea.


2025eko urriaren 13a
Zarrakaztelun aurten izandako sutea.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Aurtengo uda beroa izan da, abuztuan zehar Espainiako Estatuan kiskali diren 400.000 hektareek baieztatzen dutenez. Euskal Herrian ere izan ditugu suteak, 622 hektarea erre dira abuztuan Eneritz eta Zarrakaztelun, eta beste 60 hektarea berriki Urraulgoitin.

Ohikoa da suteak ugaritzearen arrazoien artean aldaketa klimatikoa aurkitzea; tenperatura altuek, hezetasun gutxik eta haizete indartsuek, idorte luzeek lagunduta, suteak hedatzeko baldintza egokiak sortzen dituzte. Suteei aurre egiteko giza baliabide eta azpiegitura faltak ere askotan izan dira aipatuak. Urtez urte gero eta entzutetsuagoak diren suteen hedatzean noski garrantzia izango dutela antzeko arrazoiek, baina ez ote dute landako herrien despopulazioak eta abeltzaintza estentsiboaren desagerpenak eraginik izan?

Ia gaur arte, gure mendiak eta basoak modu aktiboan maneiatuak izan dira eta natur baliabideekiko dependentzia estua izanik, epe luzeko oreka bilatu da natura eta gure jardunaren artean. Egun, ordea, gizakiaren jarduerak oso urrun daude mendiaren dinamiketatik, eta natur baliabideak ustiatuta, ezagupenik gabe, epe motzeko etekin ekonomikoari begiratzen zaio. Urruti daude garai bateko artzantza, ehiza edo sutarako egur bilketa.

Bestalde, azken urteetan landa eremuan ezarri diren politikek gero eta zailago egin dute giza neurriko nekazal jarduerak mantentzea, eskala txikikoak izanagatik ere agroindustriaren normatiba betetzea eskatzen zaielako. Gero eta burokrazia gehiago, gero eta estuago… guztiz desagertu arte! Landa eremua hiri-ikuspegitik gobernatua izatearen ondorio zuzenak dira. Aldi berean, abeltzaintza intentsiboa Hego Globaletik inportatzen den pentsuan oinarritzen da, inpaktuak externalizatzen dira, baina nekazal jarduerak ez du inolako harremanik ingurune hurbilarekin, basoak ez dira ez erabiltzen, ezta zaintzen ere.

Badirudi landa eremua, museo baten antzera, zenbat eta garbiagoa, inongo esku-hartzerik gabe, orduan eta jasangarriagoa dela, iraunkorragoa, berdeagoa. Agian horrela izango da “turismo jasangarria” helburu duen ingurune batean, baina ez suteak prebenitzeko basoen kudeaketa aktiboa egitea behar den lekuetan.

Horrelaxe galdu da landa eremuari lotutako bizimodu bat, eta bizimodu horri lotutako jakintza guztia ere bai. Aspaldian gailendu da teknologia berria, digitalizazioa, landa eremuko biztanleek belaunaldiz belaunaldi ondu duten jakintza praktikoaren aldean. Betidanik jo ditugu tontotzat baserritarrak, ezjakintzat, beraien egiteko moduak suteak prebenitzeko ezinbesteko pieza direla erakutsi diguten arte.

Behin landa eremuko bizimodua desagertzen utzi dugunean, Test Guneak edota baso-larretzea bezalako maneiuak sustatzeko proiektuak aktibatu behar izan ditugu. Aldaketa klimatikoaren garaiotan, suteak bezalako hondamendi naturalen aurrean, garapenaren izenean galdutakoak berreskuratzeko saiakerak dira.

Berandu baino lehen jarri dezagun arreta gure elikadura sisteman eta egin dezagun gure esku dagoena errotik eraldatzeko: giza neurrikoak eta ekologikoak diren nekazal eredu agroekologikoak behar ditugu. Egin kontu: gure mendiek laborari, ardi, ahuntz eta baso hostozabal gehiago, eta burokrazia eta funtzionario gutxiago behar dituzte, gainontzean, laster museoetan soilik ikusi ahal izango ditugu. 

Zigiluen artean elkar ulertu, alternatibak eraikitzeko
Hainbat zigilu elkarrizketan jartzea. Horixe izan da Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta EHKOlektiboak Usurbilen antolatutako jardunaldien abiapuntua. Bertan elkartu dira: EHKO Berme Sistema Parte hartzailea,... (+)
Zigiluen artean elkar ulertu, alternatibak eraikitzeko
Hainbat zigilu elkarrizketan jartzea. Horixe izan da Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta EHKOlektiboak Usurbilen antolatutako jardunaldien abiapuntua. Bertan elkartu dira: EHKO Berme Sistema Parte hartzailea,... (+)
Beste behin ere... ezer ez aldatzeko
Espainiako Gobernuak Eskola Jantokien inguruko Errege Dekretua atera berri du, Euskal Herri Hegoaldeko eskola jantokien kudeaketan eragingo duena. Spoiler: elikadura sistema osasuntsu eta jasangarri bat... (+)
Elkarte eta kooperatiba agroekologikoen des-finantziazio mekanismoak
Euskal Herri mailan txikitik handira agroekologia sustatzen duten zenbait elkarte eta kooperatiba ataka larrian daude, finantziazio iturriak bertan behera geratu ostean. Erakunde publikoetatik, berriz, elikadura... (+)
Gabonetan tokikoa eta sasoikoa kontsumitu eta, bide batez, Israelgo produktuak boikoteatu
Palestinarren genozidiorako Israelek erabiltzen duen arma nagusietako bat gosea da. Alde batetik, Gazara elikagaiak sartzeko debekuarekin, eta, bestetik, Palestinako elikadura-burujabetza ezabatuta. (+)
gora