Asteroko buletina
Ekaina bustitu, gure nausia kexu

Engainuaren eredu

Leihatila honetan behin baino gehiagotan azaldu ditugu Ama Naturaren engainuak bere izakiak babestearren. Batzuetan, erle edo liztor itxura zuten euliak ekarri ditugu, beste batzuetan inongo arriskurik ez duten arrisku-kolorazioko intsektuak ere bai (kolorazio aposematikoa deiturikoa), baina gaurkoan haratago joan zaigu denon ama hori eta euli txiki bati intsektu beldurgarri baten ikurra oparitu dio. Izan ere, txanpon baten neurria duen eulitxo honen arrei eskorpioiaren eztena kokatu die abdomenaren bukaeran, intsektu gizagaixoa araknido beldurgarri hori bilakatuaz. Baina lasai izan, oparia beste babes estrategia bat besterik ez da-eta. Hori bai, oso ondo datorkiona emeari heltzeko estalketa burutzeko garaian.

Iñaki Mezquita Aranburu
Iñaki Mezquita Aranburu

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2025eko martxoaren 03a

Intsektu txiki hau maiatza eta iraila bitartean aurkitu dezakegu, egun eguzkitsuetan beroari ihes eginez leku itzaltsuetan, sarritan asunen artean. Euli deitzen badiogu ere (euliak Diptera Ordenakoak dira), ez da oso trebea hegan, baina bai alde egiten, hosto batetik bestera korrika azkar pasatzen da, hostoen artean bizkor-bizkor ezkutatuta. Bere itxura oso berezia da, burutik hasita, tronpa deigarria baitu aurpegian. Apendize ikusgarri hori oso egokia da bere janari diren elikagaiak zurrupatzeko –animalien hondakinak, besteak beste–. Esan bezala, arrek dute eskorpioi eztenaren itxurako apendizea, baina emeek ez dute halakorik, horien abdomenaren bukaera zorrotza baita.  

Txikia bai, baina txikia bezain trebea ere bai! Gure protagonista oso abila baita armiarma-sareetatik harrapakinak lapurtzen (kleptoparasitismo izeneko portaera jarraituta). Horretarako, jakina, bizkorra izan beharra dago, benetako araknidoak ez harrapatu ahal izateko!

Metamorfosi osokoa da, lau fasekoa, alegia: arrautza, larba, pupa eta imagoa (intsektu heldua). Arrautzak lurrean jartzen ditu emeak eta larbak bertan bizi dira, lurreko substantziez elikatuta. Nahikoa hazi direnean, lur azpian sartzen dira pupa osatuta. Pupa biltzeko ez dute kapulurik egiten (tximeletek ez bezala). Intsektu helduak uda partean ikusi daitezke.

Hegaztiak, narrastiak, anfibioak eta beste artropodo batzuk dira bere harrapakari ohikoenak.
Intsektu bitxi hau Lur planetaren Ipar hemisferioan oso zabalduta dago, nahiz eta Amerikako Estatu Batuetako lurralde zabaletan eta Kanadan ez den bizi. Iberiar Penintsulan oso antzekoak dira Panorpa communis eta Panorpa meridionalis espezieak. Besteak beste, hegoetako orbanen hedapenak bereizten ditu biak. Munduan 200 espezietik gora ezagutzen dira, eta badira 20 zentimetrokoak ere. Ez gure lurretan, lasai!

ESKORPIOI EULIA Panorpa communis

TALDEA: Ornogabea / Mecoptera Ordena, Panorpidae familia.
NEURRIA: 20-30 mm.
NON BIZI DA? Lorategi eta belardi itzaltsu eta hezeetan. Osinetan sarritan.
ZER JATEN DU? Hondakinak, materia organikoa, nektarra, landare-zomorroak...
BABES MAILA: Ez dago babestuta.

Itxura ahuleko ehiztari ahaltsua
Gaur egun Lur planetan bizi diren intsekturik handienek 30 cm inguruko tamaina izan dezakete, gizaki baten seiren bat, gutxi gorabehera. Horien artean daude tximeleta eta... (+)
Gonbidatu gabeko turista
2016an ikusi omen zuten lehen aldiz Herrialde Katalanetan. Bi urte geroago, 2018an alegia, Xanti Pagola eta Imanol Zabalegui entomologoek Gipuzkoan azaldu zela jakitera eman zuten.... (+)
Une baten eternitatea
Atal honetan behin baino gehiagotan aipatu izan dugu izaki txikien munduan (gurean bezalaxe) itxurak okerrera eramaten gaituela, sarritan. Eta gaur dakarkigun laguna horren adibide garbia... (+)
Korrika egiten duen hegalaria
Beste hainbat intsekturen kasuen modura, hau ere “tigre” hitzaren  itzalpean izendatzen dute herrialde batzuetan. Jakina, halako izena jarriz gero espero zitekeen ehizarako trebetasuna ezin falta!... (+)
Pagadiko erlikia
Kakalardo adar-luze honen irudiak ez du zalantza izpirik uzten: ez du parekorik. Gure lurretan, eta Europa osoan ere, genero honetako espezie bakarra da. Bere tamaina... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora