Astelehenero 8:00etan zure epostan
Gaur aurkezten dugun intsektuaren izen zientifikoak, besteak beste, bi gauza azaltzen dizkigu: alde batetik, gorria dela (ez erabat) eta ez duela hegorik. Okerrak ez dira biak ala biak, baina gorria ez da bere kolorazio bakarra, eta hegoak ere izan baditu, baina beraien tamaina oso aldakorra da ale batzuen eta besteen artean, eta batzuk oso txikiak dituztenez, ezin izaten dute hegan egin.
Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.
Europatik Txinaraino eta Iparramerikan eta Erdialdeko Amerikan aurkitu daiteke intsektu bizkor hau. Bere metamorfosian tenperaturaren eragina oso handia denez, iparraldeko Europan (Eskandinavian) ez da hedatu duela urte gutxira arte.
Udaberrian erraza da herriko zenbait lekutan lasterka bizian ikustea, harresi eta bideetan. Sarritan multzo handietan bilduta, batzuetan abdomenetik bikotea elkartuta, norantz joan erabaki ezinik, ugaltzea sokatira moduko lehia barregarri bihurtuta.
Bere bizi zikloak bizpahiru hilabete irauten du. Horietatik, astebete-edo arrautza fasean igarotzen du, eta hilabete erdi edo hilabete behar izaten du larba fasea gainditu eta heldu bilakatu arte. Esan bezala, tarte horiek dezente luzatu edo moztu daitezke tenperaturaren arabera. Arrautzen tamaina ere oso aldakorra da, eta horietatik ateratako larben tamaina haien araberakoa izaten da. Larbak kanibalak izan daitezkeela kontutan hartuta, erraza da konturatzea zein aterako diren garaile…
Tenperaturak kolorazio beltzaren azalera baldintzatzen du, hau da, zenbat eta hotzagoa izan, kolorazio beltza ere hedatuago. Kolorazioari buruz behin baino gehiagotan aipatu izan dugu atal honetan naturak baduela bere kodea arriskua adierazteko. Kolorazio gorriak, horiak, laranjatuak eta beltzak adierazten dute arriskua. Jakina, gizakiok kode hori ere erabili dugu, nahiz eta batzutan ez jabetu kolore horien jatorriaz. Hor dauzkagu semaforoak, trafiko-seinaleak, zebra-bideak (hasieran horiak ziren gaur egun zuriak edo gorriak diren marrak), sorosleen uniforme hori edo gorriak (suhiltzaileak, adibidez). Intsektu honen kasuan, ordea, kolorazioak etsaiak nahasteko besterik ez du balio, animalia erabat kaltegabea baita guretzat. Badira haien janari eskasiaren aurrean letxugei eta azaloreei ekin dieten kasu bakan batzuk, baina inola ere ez da sarritan gertatzen, ezta gutxiagorik ere.
Hemipteroen artean badira itxura oso antzekoa duten intsektuak, baina belarjaleak izan beharrean haragijaleak direnak eta Pyrrhocoris bezalako intsektuz elikatzen direnak, Reduviidae familiako batzuk, adibidez (“zimitz hiltzaile” izen erakargarria jasan behar dutenak…); baina ez dute gure gaurko protagonistarekin zerikusirik, bera bezala hemipteroak badira ere.
PYRRHOCORIS APTERUS
TALDEA: Hemiptera, Pyrrhocoridae Familia.
NEURRIA: 6-11 mm arrak, 7-12 mm emeak.
NON BIZI DA? Soro, sasitza, bide eta baso ertzetan.
ZER JATEN DU? Landareen zuku eta haziak.
BABES MAILA: Ez dago babestuta.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545