Astelehenero 8:00etan zure epostan
Europan jatorria duen liztor espezierik handiena omen zen, duela gutxi arte… Orain badu eta horretan nork lehiatu. Eta horretan bakarrik izango balitz, gaitzerdi. Goazen lehenbizi bere bizimodua hobetoxeago ezagutzera!
Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.
TALDEA: Ornogabea / Intsektua / Hymenoptera.
NEURRIA: Erregina 35 mm-tara irits daiteke. Langileak 25 mm-tara..
NON BIZI DA? Europako zuhaiztietako leku itzaltsuetan.
ZER JATEN DU? Ornogabeak, intsektuak batez ere.
BABES MAILA: Ez dago babestua.
Liztortzar europarraren bizi-zikloak lau fase ditu: arrautza, larba, pupa eta intsektu heldua. Erreginak apirila aldera jartzen ditu arrautzak. Multzo txikietan bizi da. Zuhaitz zaharren zulo eta zirrikituetan kokatzen du bere bizilekua. Sarrera berak ekoiztutako ore moduko batez estaltzen du, sarbiderako zulo bat utzita. Ore hori bere listuarekin materia organikoa eta ez organikoa nahastuta ekoizten du. Lana, harrigarria… liztor langileek (emeek) betetzen dute! Ez da liztorren artean horrelakorik egiten duen espezie bakarra; hor da, adibidez, liztor papergilea, gelaxkaz betetako bere eraikinekin. Pentsa daitekeen bezala, liztor erregina da liztortzarren artean handiena, langileak eta liztormandoak txikiagoak baitira. Liztor askok bezalaxe gerri estua du, eta bere abdomenaren kolorazio nagusia horia da amaieraraino. Hori oso garrantzitsua da, irakurle, liztor asiarrarekin (Vespa velutina izeneko espeziearekin) ez nahasteko. Buruan ere kolorazio ezberdina dute, baina errazagoa da sabelari erreparatzea, noski. Liztor asiarraren abdomena ilunagoa somatzen da, ez baita erabat horia, amaiera, gainera, iluna da oso europarrarekin alderatuta.
Liztortzar europarra ehiztari aparta da eta bera baino tamaina handiagoko intsektuak harrapa ditzake (tximeletak, sitsak, kakalardoak, Mantisak, burruntziak…). Ehiztari trebea, bai, baina ez du liztor asiarrak erleekiko duen jarrera hain erasokorra, ezta gutxiagorik ere. Armiarmei bere harrapakinak lapurtzen ere ikusi izan da. Tamalez, bi liztor espezieen arteko antza –begirada zorrotz batez erraz suntsitzen den antza bada ere– bertako liztor eder honen zorigaitzarekin batera dator, ez baitira lagun bakanak, naturari “mesedea” egin nahian, zapalduz edo kolpez akabatzen dituztenak.
Ale ar eta emeen artean badira ezberdintasunak, nahiz eta begi-bistakoak ez izan. Emeek eztena dute, arrek ez bezala. Ezten hori arrautzak jartzeko duten organoaren (obipositorearen) aldaera bat da. Bestalde, emeek buruan dituzten antenak luzeagoak dira eta giltzarte bat gehiago dute: hamahiru. Abdomenaren egitura ere ez da berdina, arrek segmentu bat gehiago baitute emeek baino, zazpi. Gainera, intsektu espezie askotan bezalaxe, emeak arrak baino handiagoak dira.
Beraien arteko komunikazioa feromonen bitartez betetzen dute, eta badituzte “dantza” bereziak mezuak besteei adierazteko. Ea guk liztor asiarrarekin ez nahasteko dantzatxoren bat asmatzen duten!
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545