Astelehenero 8:00etan zure epostan
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hogei urte daramatza ENEEK erakunde publikoak ziurtapen eta kontrol ekologikoak egiteaz arduratzen, eta Eusko Legebiltzarrean astelehenean egindako agerraldian eskatu dute ez egiteko lege proposamen berrian aurreikusitako aldaketarik.
“Ez da ezagutarazi egungo ereduak huts egiten duenik, ezta kontrol publikoa ordezkatzeak ekoizleentzat edo herritarrentzat onura objektiborik ekarriko duenik ere”. Horixe kritikatu du Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak (ENEEK-Ekolurra) astelehenean Gasteizko legebiltzarrean egindako agerraldian. Erakunde hori arduratu da orain arte kontrol eta ziurtagiri ekologikoak kudeatzeaz, baina lege proposamen berri batek lan hori egiteko atea ireki diezaieke entitate pribatuei.
Administrazioa sinplifikatu eta arintzeko premiazko neurriei buruzko lege proposamena da ENEEK-Ekolurrak kritikatu duena. Azpimarratu du ekoizpen ekologikoaren kontrolari dagokion aldaketak ez diola lege proposamenaren helburuari erantzuten, aitzitik, “administrazio konplexutasuna handitzeko arriskua ekarriko luke”. Aldaketa justifikatzen duen arrazoi ekonomikorik ez dagoela dio, baita “kontsumitzaileen artean nahasmena” eragin dezakeela ere. “Ekoizpen ekologikoaren inguruan urteetan osatutako egitura eta lankidetza-sarea ahultzeko arriskua dakar”, ENEEK-Ekolurraren arabera, eta sektorearen “kohesioa eta indarra murriztuko” lituzke.
“Elikagai ekologiko baten baliorik handiena kontsumitzaileak haren gainean duen konfiantza da, eta konfiantza hori erakunde publiko independente batek bermatzen du modu serioenean”, defendatu du. Are, ENEEKen esanetan ekoizpen ekologikoaren garapenerako “funtsezkoa” da kontrol eta ziurtapen sistema publikoa; eta Europako Batasunak ekoizpen ekologikoari lotuta 2030erako jarritako erronkak betetzeko, Jaurlaritzari eta gainerako administrazioei dei egin die ekoizpen ekologikoa bultzatzeko politika publikoak egitera: “Ekoizpen ekologikoa indartu nahi bada, kontrol eta ziurtapen sistema publiko independente, eraginkor eta sektorearekin batera gobernatutakoaren alde egin behar da”.
Hain zuzen, ENEEKek legebiltzarrean kritikatu du aldaketa “sektorearen informaziorik eta parte-hartzerik gabe” planteatu dela, eta ez zaiela informaziorik eman ere ekoizpen ekologikoaren sektorea ordezkatzen duten ekoizle-elkarteei. ENEEK-Ekolurrak euren eredu publikoari “irmo” eustearen alde agertu da, “egungo sistema juridikoki sendoa, eraginkorra eta ekonomikoki lehiakorra” dela argudiatuta. Erakunde publikoak oroitarazi du hogei urte daramatzala jardun horretan eta euren gobernantza ereduak “sektorearen parte-hartze zuzena” bermatzen duela.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545