Baratzezaintza terapia baino merkeagoa da, eta tomateak jasoko dituzu!

Gipuzkoako basozaintzaren egoera onartezina

Langile gutxiegi, zerbitzu publikoa kolapsoan eta, okerrena, natura-ondarearen zaintza arriskuan.

Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Gipuzkoako Basozainen Elkarte Profesionalak Foru Aldundiaren utzikeria eta aurreikuspen falta salatu nahi ditu. 2026an azken 24 urteetan ezagutu den egoerarik larriena eta kezkagarriena bizi du basozaintza zerbitzuak.

Gipuzkoako basozainok egoera jasanezina bizi dugu. Urteak daramatzagu etorriko zen egoeraz ohartarazten, baina Foru Aldundiak ez du garaiz eta behar bezala erantzun. Egun, ondorioak begi-bistakoak dira: gero eta langile gutxiago, gabeziak zaintza-lanetan edo zuzenean zaintza falta eta lurraldearen zein natura-ondarearen babesa arrisku bizian. Okerrena da ez dela ezusteko egoera bat, aurrez iragarri genuelako zetorrena; nahita ez da ezer egin garaiz hura saihesteko. Ondorioa: (baso)zaintza abandonatuta.

Zazpi basozain erretiroa hartuta, ordezkapenik gabe

2026an, Basozaintzaren Oinarrizko Legearen ondorioz, zazpi lankidek erretiroa hartu dute. Elkartetik Aldundiko arduradunei zetorrena azaldu genien 2023an, baina hiru urteko tartea egonik langile-beharrak planifikatzeko, ez da neurririk hartu. Ez da erreleboa bermatu eta jakintzaren transmisiorik ez da egin, sortutako hutsuneak ez direlarik garaiz bete. Hilabeteak igaro dira ordezkapenik egin gabe eta batzuek oraindik ordezkapenik gabe darraite. Horrek zuzenean eragin du zerbitzuaren eguneroko funtzionamenduan eta lan-kargaren banaketan.

Oposizioa geldirik: prozesu onartezina

Egoera are larriagoa da iaz abian jarritako oposizio-prozesuaren geldotasuna ikusita. Iragan maiatzean egin ziren proba fisikoak, baina gaur-gaurkoz oraindik ez dira argitaratu behin-behineko emaitzak ere, gai/ez gai motakoak izanik.

Ulertezina egiten zaigu hain oinarrizkoa den emaitza-prozesu bat horrenbeste denboraz geldirik egotea, are gehiago zerbitzua langile-premia larria pairatzen ari denean. Zer interes dago oposizio-prozesua hainbeste atzeratzeko? Zergatik ez zaio erantzuten Gipuzkoako basozaintza zerbitzuaren premiazko langile-beharrari?

Ezin dugu onartu administrazioaren geldotasunak zerbitzu publiko oso baten funtzionamendua baldintzatzea.

 Gipuzkoako Basozainen Elkarte Profesionala
Asteburuko zaintza, gutxieneko langile-kopurutik behera

Gure natura-ondarearen zaintza asteburuetan hutsaren hurrengoa suertatzen ari da langile-gabeziaren ondorioz, eta eremu batzuetan muturreko egoerara iritsi da, eskualde oso bat basozainik gabe utzita. Oso larria da. 

Asteburuetako zaintzetan aurreikusitako gutxieneko kopurua hamar basozainena da, bost atal eta bi langile atal bakoitzeko. Baina errealitatea oso bestelakoa da 2026an, orain arte inoiz izan ez den egoera:

    • Batez beste 7,61  basozain aritu dira.
    • 9 jai egunetan sei basozain aritu dira eta bitan 5 soilik (!).
    • 28 jai egunetan 7 basozain aritu dira.
    • 40 jai egunetan 8 basozain aritu dira.
    • 17 jai egunetan 9 basozain aritu dira.
    • 2026an 3 egunetan soilik aritu dira aurreikusitako 10 basozainak.

Horrek esan nahi du ez direla betetzen ari zerbitzurako aurreikusitako gutxieneko langile-beharrak, eta lurraldearen zaintza ez dela behar bezala bermatzen ari. Eremu zabalak inolako zaintzarik gabe gelditzen ari dira asteburu askotan eta gehiegitan basozain bakarrak artatu behar du eskualde oso bat.

Ez gara kopuru hutsez ari. Horren atzean dagoen arazoa askoz larriagoa da: Gipuzkoako lurraldearen zaintza, prebentzioa, zaintza- eta kontrol-lanak zein herritarren arreta ez dira behar bezala bermatzen ari.

Basozain bakartiak, arrisku egoera larrian

Egoerak bereziki kezkatzen gaitu basozain bakar batek zonalde oso baten ardura hartu behar duenean. Basozainen lana ez da bulego bateko jarduera. Mendian, basoetan eta lurraldeko eremu sakabanatuetan egiten dugu lan, eta askotan aurreikusi ezin diren egoera eta gertakariei aurre egiten diegu. Larrialdiak, istripuak, gatazkak, legez kanpoko jarduerak edo bestelako gorabeherak gerta daitezke. Egoera horietan, lankiderik gabe jarduteak arrisku nabarmena dakar langilearen segurtasunerako eta osotasun fisikorako.

Ez da onargarria basozain baten segurtasuna zoriaren esku uztea, ezta langile bakar baten esku uztea bi lagunen artean egin beharko litzatekeen lana ere. Foru Aldundiak ezin du beste alde batera begiratu langileen segurtasunaz ari garenean.

Natura-ondarearen eta lurraldearen zaintza arriskuan

Gabezia horiek guztiek ondorio zuzena dute Gipuzkoako natura-ondarearen babesean. Basoak, larreak, lurra eta mendiak oro har, fauna eta flora, ibaiak, kostaldea, natura-guneak eta lurraldeko baliabide naturalak zaintzeko eta babesteko ardura duen zerbitzu publikoa nabarmen ahultzen ari da.

Zaintza gutxiago izateak prebentzio gutxiago, kontrol gutxiago, erantzuteko gaitasun txikiagoa eta natura-ondarearen babeserako baliabide gutxiago izatea dakar. Horrek guztiak galdera kezkagarri bat uzten du mahai gainean: nor ari da gaur egun Gipuzkoako natura-ondarea behar bezala zaintzen?

Ez dugu onartuko basozaintza zerbitzuaren narriadura normaltzat hartzea, ezta egoera hau langile faltaren arazo soil gisa aurkeztea ere. Zerbitzu publiko estrategiko baten etorkizuna dago jokoan.

 Gipuzkoako Basozainen Elkarte Profesionala
Ardurak eta berehalako neurriak eskatzen ditugu

Gipuzkoako Basozainen Elkarte Profesionalak zuzenean dei egiten die egoera honen ardura duten arduradun politikoei eta administratiboei, bereziki Arantxa Ariztimuño Zuzendariari eta Xabier Arruti Foru diputatuari.

2023tik hona egindako ohartarazpenak ez dira aintzat hartu, eta gaur egun bizi dugun egoera ez da ustekabekoa, kudeaketa eta aurreikuspen faltaren ondorioa baizik.

Horregatik, honako neurri hauek berehala hartzea eskatzen dugu:

1. Erretiroengatik sortutako lanpostu huts guztiak lehenbailehen betetzea, ordezkapenak atzerapen gehiagorik gabe egiteko.
2. Abian dagoen oposizio-prozesuaren behin-behineko emaitzak berehala argitaratzea eta prozesu osoa bizkortzea, besteak beste ordezkapenetarako zerrenda eguneratuak izateko.
3. Asteburuetako zaintzetan aurreikusitako hamar basozainen gutxieneko kopurua bermatzea, bi langile atal bakoitzeko.
4. Basozainen segurtasuna bermatzeko beharrezko antolaketa-neurriak hartzea, bereziki langile bakartiak lanean aritzen diren egoerak saihestuta.
5. Gipuzkoako basozaintza zerbitzuaren egungo egoeraren azterketa sakona egitea eta etorkizunerako langile-beharren plangintza errealista eta eraginkorra ezartzea, berehala gutxienez hamabi basozain lanpostu berri sortuta.
6. 2027an beste oposizio-lehiaketa prozesu bat abiaraztea gelditzen diren bakanteak eskainita, Aldundiak sortu berri dituen lau lanpostuei aurreko puntuan (5.) sortzeko eskatu ditugun hamabi basozain lanpostu berri horiek gehituta.

Nahikoa da!

Gipuzkoako basozainok gure lana ongi egiteko prest eta gogoz gaude, beti egin izan dugun bezala. Baina ezin dugu onartu gure lan-baldintzen, segurtasunaren eta herritarrei eskaintzen diegun zerbitzu publikoaren kaltetan, administrazioaren aurreikuspen eta kudeaketa faltaren ondorioak gure gain erortzea.

Azken 24 urteetan ezagutu gabeko egoera bizi dugu. Eta egoera horrek ez du atzera-bueltarik izango neurri ausartak eta berehalakoak hartzen ez badira. Gipuzkoako natura-ondarea ezin da administrazioaren utzikeriaren biktima izan. Basozainen segurtasuna ezin da bigarren mailako kontua izan. Eta herritarrek kalitatezko zaintza-zerbitzu publikoa jasotzeko duten eskubidea ezin da arriskuan jarri.

Erantzukizunak eskatzen ditugu. Konponbideak exijitzen ditugu. Eta orain exijitzen ditugu, ez beste hiru urte barru.

Gipuzkoako Basozainen Elkarte Profesionala

Larrialdietarako basozaintza zerbitzua zainketa intentsiboetako unitatean
Basozainon funtzio nagusiak dira ingurumena eta landa eremuaren zaintza eta larrialdiei aurre egitea. Zoritxarrez, Gipuzkoan oso pertsonal gutxi eta baliabide zein formazio falta aspalditik salatzen... (+)
Administrazio paralelorik ez!
Udan izan diren baso suteen harira eta gurean baso-sute arrisku garaia hasi dela probestuz, Teleberrin berriki horren inguruko erreportajea eman zuten. 1989. urte lazgarria abiapuntutzat... (+)
Baso suteak itzaltzeko zerbitzua erreta
Urriaren 8an Batzar Nagusietan aho batez onartu zen Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzea Gipuzkoan baso-suteak prebenitzeko, zaintzeko eta itzaltzeko urteko plana idatzi eta onar dezala. Deigarria... (+)
Mendiko suteak eta basozaintza
Lanbidean urteak daramatzagun basozainok, gogoan ditugu 1989. urtean Euskal Herria bortizki kolpatu zuten mendiko sute handiak. Urtarriletik luze zetorren lehorte latza udazkenean lehertu zen haize... (+)
Basozainen ustez, euren aurkako artzainen salaketak funtsik gabekoak dira
Gipuzkoako Basozainen Elkarte Profesionalak azken urteetan artzainen eta, EHNE eta Enba sindikatuen aldetik basozainek jaso dituzten kritikei erantzun diete ondoko idazkia medio. Bertan, besteak beste,... (+)
gora