Asteroko buletina
Mundua gobernatu nahi duena baratze bat gobernatzetik has bedi.

Emanarazteko tratu txarrak

Neguko inausketa sasoia gainean dugu, hemen dator epaitzeko, epaiak egiteko garaia: epaila. Aspaldi dugu epaila martxotua eta inausketa lanak noiznahi eta nolanahi egiten dira, tartean krimen izugarriak.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2024ko urtarrilaren 29a

Bi inausketa mota nagusi daude: bata landareari forma jakin bat ematea (hesia, topiaria, arbolen gaztetako formazioa…); bestea fruta arbolei ale gehiago eta azkarrago emanarazteko teknikak.

Landareek fruitua eta hazia ematen dituzte bere kastari jarraipena emango dioten arbola berriak jaio daitezen. Landarea bera oso ondo bizi bada ez du fruitua emateko energia asko xahutuko, berak eusten dio, gordin, mardul eta malats asko kastari. Hori irauli nahi du inausketak: landareari zauri mordoxka bat egin, hazi nahi duen tokirako bidea eragotzi, lotu, okertu eta abar. Landareak bere burua galmentan sumatzen du eta badaezpada fruitua ematera jarriko da. Inausketa horixe da, fruitu gehiago eman dezan landarea izorratzea.

Inausitako arbola horrek fruitua emango badu lorea ekarri beharra dauka. Eta loreak irekitakoan polinizatzaileen premia du. Fruta arbola batzuek haizea nahikoa dute loretik lorerako polen truke hori egiteko: hurritzak eta intxaurrondoak, adibidez. Beste askok polenaren garraiolariak behar dituzte; hegaztiak (kolibri, saguzar eta abar), baina, nagusiak intsektuak dira. Kakalardoek, euliek, tximeletek, sitsek, inurriek, liztor erle eta erlabioek eta abarrek frutagintzan behar-beharrezkoa den lana egiten dute. Intsektuen eta landareen arteko tratuan datza landare loredunek eboluzioan izan duten arrakasta. Jurasikoan, duela 130 milioi urte, landare loredunak sortu zirenean, intsektuekin elkarlan akordioa hitzeman zuten. Lorearen diseinua da gakoa: nektarra eta polena, janari pixka baten truke intsektuek polinizazioa gauzatuko dute. Egun munduko landareen %90 inguru dira. Landareok eta polinizatzaileek elkarrekin eboluzionatu dute, landareek loreak (forma, usaina, luzera…) eta intsektuek gorputzeko atalak (ahoa, espiritronpa…) egokituz. 

Elkarren beharra handia da batzuetan. Suitzako Zuricheko ETH unibertsitate publikoko ikerlari talde batek (Pashalidou, Lambert, Peybernes, Mescher eta De Moraes) erlastar berezi baten jokabidea aztertu zuen eta ondorio harrigarri batera iritsi ziren, eta baita Science aldizkari ezagunean argitaratu ere: erlastarrak udako kolonia eraikitzen duen artean polen premia handia du. Urtero ez dira ordea loraldian egun berdinetan izaten; gorabehera horrek gosea ekar dezake. Polen eskasia egonik, erleek aktiboki hozkaka kaltetu zituzten landareen hostoak modu berezi batean, eta horrek 30 egun lehenago loratzea eragin zuen. Ikerlariek egindako antzeko kalteek ez zuten loraldia aurreratu. Erlastarrek loraldia azkartzeko erabiltzen duten metodo berezi bat dutela da ondorioa. Landarea izorratzea.

Frutazainek inausketarekin egiten dutena erlastarrek egiten dute, jakin ezazu duela zenbat milioi urtez geroztik.  

Zientoka izen
2024-07-22 | Jakoba Errekondo
Zuhaitzen eta arbolen sarobean nabil azken urte hauetan. Larrean, abaroan eta biaoan hor nabil atera ezinik. Zuhaitzei eta arbolei aparteko begirunea diedala jabetua izango zara,... (+)
Porruak eta santuak
2024-07-15 | Jakoba Errekondo
Porrusalda hemen da. (+)
Erein aurreko hazien bedeinkazioak
2024-07-08 | Jakoba Errekondo
Galdera hau jaso berria dut Bizi Baratzeako postontzian: "Gaia San Joan bezperako familia afarian atera huen, Unanue sagardotegian, Azpeitian. Seguran Santa Engrazia egunean erein behar... (+)
Tomate anderea eta presa kontuak
2024-07-01 | Jakoba Errekondo
A zer lanak ematen dizkigun! Txoratzen gaitu tomateak (Solanum lycopersicum). Artaxoakoa dela, edo Tuterako Itsusia, edo Aretxabaletakoa, edo Erandiokoa, pikoluzea, gerezia dela, madari tomatea dela,... (+)
Minak bixigarri
2024-06-24 | Jakoba Errekondo
Zer min egiten digu piperrak? Eta piperminak? (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora