Kukua udaberriko soldadua; txantxangorria neguko soldadua

Txerriaren belarrak

Txerri-hiltze sasoia da negua. Hotzak beroarena errazago kenduko dio. Guri ere txerriez hitz egiten dugunean beroarena behinik kenduko baligute!

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2025eko urtarrilaren 27a
Herbehereetako Houte-Castellum erromatar garaiko herrian erabelarraren sendabelar erabileraren adierazle garbia aurkitu dute: animalia hezur bat, urki erretxinaz zigilatuta barruan ehunka erabelar hazirekin.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Xerri-baba esaten zaio landare bati (Hyoscyamus niger); Jean Elizalde Salaberri azkaindarrak 1933an idatzi zuen Gure Herrian: “Xerri-baba badu landare hunek izena, xerrieri bereri ere ez da eman behar; pozoin hutsa da”. Egiatan txerriak berak ezta zoratuta ere ez luke ahoratuko, nola bada pozoi hutsa bada. Zentzu erabat gutxiesgarria ematen zaio landareari txerri baba izenarekin. Txerri hitza horrela erabiltzen da, iraingarri; Fernando Maiorak jasoa da Zizurren 1552an idatzitako esaldi hau: “Zuaz urdea, ahardi likits hori”. Putak ere ahardi izendatzen ziren; Gabriel Arestik 1961eko Mugaldeko herrian eginiko Toberan honela idatzi zuen: “Aurpegira barre egiten zion, sorgina, atsoa, ahardia eta puta deitzen zion”.

Hala ere, ez dut uste jendeak xerri-baba izena asko erabiliko zuenik. Hyoacyamus izen zientifikoaren itzulpen zehatza da, grezierako hys, “txerria” eta kyamos “baba” hitzetatik sortutakoarena hain zuzen ere. Akademiazaleen artekoa, iruditzen zait.

“Erabelar beltza” du izen ezagunena, eta Nafarroan “txokolateras” esaten diote, bere fruituaren forma txokolatera baten tankerakoa baita. Baina, xerriak xerri, badu deigarria den beste bat ere: bihotz-ihar. Pozoiaren eragina ote?

Aurkitu berria dute Herbehereetako Houte-Castellum erromatar garaiko herrian erabelarraren sendabelar erabileraren adierazle garbia: animalia hezur bat, urki erretxinaz (Betula sp.) zigilatuta barruan ehunka erabelar hazirekin. Nahita erabiliko zuten bere eraginen jakinaren gainean. Plinio Zaharrak eta Dioskoridesek aipatu zituzten erabelar beltzaren dohain haluzinogeno eta sendagarriak, eta horrek zibilizazio haren jakintza farmakologiko sakona eta sofistikatua azaltzen du. Erromatarrekin nahasian ibili ginenok ere zerbait ikasiko ote genuen…

Jendeak bazuen bere pozoiaren berri, baina sendabelar indartsua zela ere bazekiten, narkotikoa bezala hipnotikoa. Telesforo Aranzadik 1929ko Revista Internacional de los Estudios Vascosen “Nombres euskerikos de las plantas” argitaratu zuen eta bertan jaso zuen Izaban “atabaloi” eta Aralarren “otsobaba” esaten zitzaiola.

“Txerri-belar” esaten dioguna ere bada, berez ,“ositxeka” izenez ezagunagoa (Sanicula europaea). Honekin ere bada nahasketa zolda edo zolda-belarra ere ba omen da-eta; egun, bi izen horiek beste genero batekoei esaten zaizkie, Symphytum generokoei. Biek lurpean erraboilak dituzte, eta urde jendea, txerri eta basurde, erraboilazale amorratua da. Hortik etor daiteke nahasketa…

“Zerri-arbia” esaten zaio erremolatxari, zuhain erremolatxari (Beta vulgaris var. rapacea). Arbia (Brassica rapa subsp. rapa) egiten errazagoa izanagatik, beti egin izan da zerrientzako eta behorrentzako zerri-arbia, bazka bereziki ona. Hemen izenak egia dio, ez da gutxiespenik. Ez dakit nondik datorren ingeles llollobelardiari (Lolium perenne) “zerri-soro” esatea; hiztegian iparraldekoa dirudi. Iparraldean baita ere mugitari (Cynodon dactylon) “zerrilar” eta “urdemutur” esaten zaio. Larre belar oso ona dira biak.

Helianthus tuberosus, pataka edo frantses patatari “zerri-patata” ere esaten zaio. Ez dakit frantsesei buruz ari den izen hori, edo zerriek gordinik ere bere erraboila gustura jaten dutelako.

Jakin gabe ere, badaezpada gutxietsi, “txerri” eman izenari, gero gerokoak.

Nafarroako eta Lantarongo intxaurrak
2026-11-02 | Jakoba Errekondo
Duela ehunen bat aste izan zen. Urte pare bat bada Agur intxaurrondo, agur izenekoa idatzi nuela orri honetan bertan. Hartan nioen urak Atlantikora isurtzen ditugun... (+)
Asko ez da beti aski
2026-10-26 | Jakoba Errekondo
Bizi da ala hil da? Nola jakin aurtengo beroaldi eta lehorraldi gordin eta mokor hauen ondoren ihartu den arbola bat hil den ala bizi den,... (+)
Ardoa eta azukrea
2026-10-19 | Jakoba Errekondo
Ospatu beharra dago! Azkenaldi honetan ospakizuna ospakizunaren atzetik dugu inguruan. Horrelakoetan etxeko sagardoa nagusi da; dagoeneko upel, bukoi eta barrikak irakiten ari dira, hurrengo urtean... (+)
Babazaletzea
2026-10-12 | Jakoba Errekondo
Bada istilu eta nahaste-borrastea. Bada, izan ere, baba. Noizkoa ote da “baba” izena? Eta zer landare izendatzen zuen lehen hartan? Eta zer landare izendatzen du... (+)
Paisaiaren terrenteria hausten
2026-10-05 | Jakoba Errekondo
Loratu dadin negua. Uztak jasotzen ditugu neguan goseak harrapa ez gaitzan. Kalitatezko elikadurak ez gaitu soilik berdintzen, bizitzeko kilokaloriak ematen. Elikadura on batek soinetik at... (+)
gora