Asteroko buletina
Azila hotz, negua motz; azila bero, begua bero.

Ikatza erretzeko eta marrazteko

Agur negu. Negu betea da eta badoa. Mimosak (Acacia dealbata) eta magnoliak (Magnolia soulangeana eta Magnolia stellata) loratu dira, ongi etorri beraz loraldi nagusiei. Baina kontuz hotzarekin. Dagoeneko egun-argia ordubete pasatxo luzatu bada ere, zehar begiratuz bada ere zaindu hotza, goi-goietan eta beheko zulo hezeetan eta gehiago.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2025eko otsailaren 03a
2024an Lekunberrin egin zuten txondorra.

Su egurra dantzatu eta piztu sua. Suak bizipoza ematen digu solstizioetan: neguaren hasieran eguna motzetik luzera igarotzen denean bezala, udarakoan eguna luzetik motzera igarotzen denean kalean su handiak zirikatu eta bizitzen ditugunean. Suak kilikatzen gaitu, berotzen.

Suaren aldamenean beroa nahi badugu egurra eman behar, baina egurra eman, eman, ikatzarekin ematen zaio. Putz eginda ufatu eta hotzak erreko zaizkizu. Horrela aritzen da ikazkina ere. Ikatzak su egurrak bezala bitan berotzen duela esaten da: egitean eta erretzean. Ikatza egingo du ikazkinak, non bizi den txondor-lekuan edo txondor-larrainean edo txondor-zuloan edo txondor-plazan edo ikaztobian edo ikaztobi-larrainean edo ikaztobi-zuloan edo ikazlarrainean edo ikazlabean edo ikazlauan; izan ere non ez da egin izan ikatza! Bateren bat izango zen Ikaztegietan ere!

Zenbat ikatz dira, ordea? Ikatz-ikatza, adakiarekin egindako txondorretik sortzen da. Baina bada tramada ere. Tramada txondorraren inguruan geratzen zen ikatz hondar kaxkarra da. Baliatuko zuten hori ere, baina ez zen ikatzaren zakuetan abiatuko. Iduria ere badugu. Iduria edo adaki-ikatza edo abar-ikatza adar ttikiekin egindako ikatz ttikia zen, batez ere sutontzietarako eta metal bitxiak urtzeko sutegietan erretzeko. Iduri-zuloetan egin izan da iduria, batez ere abaritzarekin (Quercus coccinea).

Bringa-txondorrak, subil-txondorrak, ilinta-txondorrak. Erabilitako egurraren tamainaren arabera esaten zitzaien txondorrei. Ikatzik preziatuena artearena (Quercus ilex) da. Baina haritza (Quercus robur eta Quercus petraea), pagoa (Fagus sylvatica), gaztaina (Castanea sativa), elorri zuria (Crataegus spp.), astigarra (Acer campestre), lizarra (Fraxinus excelsior) eta eskuera zen edozein egur gogor-antzeko ere egosi izan da txondorretan.

Ikatzak ez dira arranparriletan edo sutontzietan erretzeko bakarrik. Makina bat sutegi eta labetan urtu da mea ugari. Bolborak ikatzarekin egiten dira, %10-30, eta zein egurrekin egindakoa den halako iraupena eta indarra izango ditu leherketak, eta zeruko marrazkian kolore bat edo beste emango du. Bala eta bonba hiltzaileak abiarazten dituen bezala, ikuskizun pirotekniko dotoreenak ere pizten ditu. Piroteknian bolbora bereziak erabiltzen dira, nahi den efektua eragiteko kolorea, iraunkortasuna eta abar dutenak: ahuntz-sahatsa (Salix caprea), makala (Populus nigra), zurzuria (Populus alba) eta lertxuna (Populus tremula) azkar erretzen dira, pinuak (Pinus spp.) urre kolorea eransten du, mahatsondoak (Vitis vinifera) urre kolorea eta indar handia, miterrari (Juniperus sabina) eta ipuruari (Juniperus communis) ke gorria darie eta azkar erretzen dira eta arteak (Quercus ilex) ke gorrizta-urrekara ematen du eta iraupen luzea du.

Marrazkitarako ikatz-ziri ezagunak egiteko ere ikatzaren antzeko bidea egin behar du egur ziriak: egosi. Sahatsak eta zumeak (Salix spp.) dira onenak, eta zume negartiarena (Salix babylonica) preziatuena. Erabiltzen dira, baita ere, ezpela (Buxus sempervirens), basaerramua (Euonymus europaeus), intxaurrondoa (Juglans regia), izeia (Picea sp.), ezkia (Tilia sp.), aranondoa (Prunus domestica) eta pikondoa (Ficus carica).

Eta marrazkiak gorputzean egin nahi eta tintarik topatzen ez edo garestiegia zenean, marinelek tatuajeak ikatz nahasketa batekin egiten zituzten: ikatza azalpera.

Txerriaren belarrak
2025-01-27 | Jakoba Errekondo
Txerri-hiltze sasoia da negua. Hotzak beroarena errazago kenduko dio. Guri ere txerriez hitz egiten dugunean beroarena behinik kenduko baligute! (+)
Euskal Herria banana errepublika
2025-01-20 | Jakoba Errekondo
Sekula bananarik jan ez duten bi lagun ezagutzen ditut; nerau bat. Bananazalea da, ordea, jendea. Afrika eta Asia aldean sortutako landare generoa da banana (Musa... (+)
Ezin usainik hartu
2025-01-13 | Jakoba Errekondo
Sudurrak egia dio. Zaila da sudurra engainatzea. Usaimena saihestea ezinezkoa da. Sudurretik garunerako lotura bidearen ikerketa zirraragarria, liluragarria, zoragarria da makina bat ikerlarirentzat. Usainaren eta... (+)
Elkarren beharra bizitzeko
2025-01-06 | Jakoba Errekondo
Lagun txiletar batek bere herriko istorio bat kontatu dit, eta ahoa bete inplante utzi nau. Han “quintral” esaten dioten landare batena da, Tristerix corimbosus. Txile... (+)
Ilarraren entzumena
2024-12-23 | Jakoba Errekondo
Laster urte guztian izango ditugu malko ilar goxoak (Pisum sativum). Oraindik, ordea, negua eta udaberria dira, ia erabat ilar freskoak jateko sasoia; udaberrian jango ditugun... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora