Maiatzean euri, uzta jori.

Emakumezko sortzaile eta ekoizleen plaza

2019an sortu zuten lau emakume sortzailek Dinagu kolektiboa. “Sortzaileon eta ekoizle txikien lana bakartia izaten da askotan: bakoitzak bere proiektua du, etxean edo lursailean aritzen gara lanean, postua bakarka jartzen dugu…”, azaldu du Leire Aiartzaguena Bravo sortzaileak. Hain zuzen ‘bakardade’ horri buelta eman eta elkarlana eta saretzea bultzatzeko helburuarekin sortu zuten Dinagu.

Garazi Zabaleta
Garazi Zabaleta

2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.


2025eko azaroaren 10a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Herriz herri ‘Nomadak gaitun!’ izenarekin antolatzen dituzten azokak dira Dinagu kolektiboaren ildo garrantzitsuenetako bat: “Sortzaile eta ekoizleontzat garrantzi handiko tokiak dira azokak, baina askotan bigarren mailako ekimen gisa hartzen dira”, nabarmendu du Aiartzaguenak. Izan ere, herriko festetan, edo urteko egun berezietan, gehigarri gisa antolatzen dira azoka asko, eta parte hartzen dutenekiko zaintza handiegirik gabe, zenbait kasutan. “Prekarietatetik ere asko izaten dute, batzuetan: eguraldi txarrarekin aurrera egiten da, karpa zure kontu doa, edo festa herriko erdigunean dago eta azoka bazter batean”.

Horren aurrean, sortzaileak eta ekoizleak protagonista eta erdigune izango diren azoka abiatu zuten Dinagu kolektibotik. Lehena 2021ean egin zuten Azpeitiko merkatu plazan, eta gerora etorri dira Egiako Teila Fabrikakoa, Gernikako Astrakoa, Hendaiako Borderline fabrikakoa, Sarako Usopopekoa… “Azpeitiko azokan hasi zen emakumezko sortzaileen eta nekazarien elkarlana, ohartu baikinen bion bidea oso antzekoa zela”, dio. Lazkaoko Biziolan eginen dute hurrengo azoka, abenduaren 13an eta 14an.

Azokaz azoka, postu anitzak

Azoka bakoitzean produktuen aniztasuna eskaintzen saiatzen dira kolektibotik. Ilustrazioa, bitxiak, osagarriak, kosmetika naturala, zeramika eta bestelako postuak izaten dira azoketan sortzaileen aldetik, eta elikagaietan, berriz, ogia, esnekiak, barazkiak, kontserbak, pasta, haragia eta beste zenbait produktu. “Ahal dugun neurrian, saiatzen gara asteko menu osoa osatzeko saskia eskaintzen azoketan”, dio. Eta, azoka berean produktuak asko ez errepikatzea ere bilatzen dute: “Azoka anitzak bultzatu nahi ditugu, alegia, produktu beraren lau postu ez izatea azoka bakarrean, ez errepikatzea”.

Aiartzaguenak nabarmendu du oso erantzun ona izan dutela orain arteko bidean, eta kontsumitzaileak, gainera, erostera hurbiltzen direla azoketara. “Azkeneko aldian laborari bat lehenengoz etorri zen Dinaguren azokara, eta harrituta zegoen, oso pozik, ia dena saldu eta postua hutsa zuelako”. Aurrera begira, kolektiboa formalizatu eta kideei tailerrak eta bestelako proposamenak eskaintzea nahi lukete, baina pixkanaka doaz. Momentuz, udalei eta bestelako entitateei azoka antolatzeko zerbitzua eskaintzen diete Dinagutik.

Euskal Herriko edarigile txikien topagunea Azkaraten
2026-06-15 | Garazi Zabaleta
Historia handiko etxea da Azkarateko (Nafarroa Beherea) Harizpea. “Etxe biziki polita da, herriko plazaren ondoan dena, eta erraten da herriko lehen etxea dela”, azaldu du... (+)
Gatzari lotutako historia ospatzeko festa Jaitzen
2026-06-08 | Garazi Zabaleta
Lizarraldean (Nafarroa) dago Jaitz herria, gazteleraz Salinas de Oro gisa ezaguna dena. Gaztelerazko izenak tokiaren izana ere ongi adierazten du, kasu honetan. “Erromatarren garaia baino... (+)
Nola indartu bertako elikadura sistemak tokiko politika publikoetatik?
2026-05-29 | Garazi Zabaleta
Badira urte batzuk Cederna Garalur landa garapenerako elkarteak Nafarroako Mendialdean Elikadura Dinamizatzaile lanpostua sortu zuela, tokiko elikadura sistemak eta ekoizpena indartzeko. Hainbat ekimen eta lan-lerro... (+)
Ardi buru beltzen gasna sotoa Donibane Garaziko zitadelan
2026-05-25 | Garazi Zabaleta
2010. urtean sortu zuen laborari talde batek Buru Beltza elkartea, ardi buru beltzaren desagertzea geldiarazteko, baita arraza babesteko eta indartzeko ere. Ehun artzain inguruk osatzen... (+)
“Barazkiak dira proiektuaren ardatza, baina loreek ilusioa piztu didate berriz”
2026-05-18 | Garazi Zabaleta
Urteak daramatza Ane Gorosabel Mongek Bergarako Elkoro baserrian nekazari. “2014an hasi nintzen ortu lanetan, lehen urteetan beste lan batzuekin uztartuz, baina 2017an profesionalizatzeko pausoa eman... (+)
gora