San Jurgi, apirilak 23, artoak egiteko goizegi, San Markos, apirilak 25, artoak eginda balegoz...

“Barazkiak dira proiektuaren ardatza, baina loreek ilusioa piztu didate berriz”

Urteak daramatza Ane Gorosabel Mongek Bergarako Elkoro baserrian nekazari. “2014an hasi nintzen ortu lanetan, lehen urteetan beste lan batzuekin uztartuz, baina 2017an profesionalizatzeko pausoa eman nuen”, azaldu ditu hastapenak. Sasoiko barazki ekologikoak egiten ditu Elkoro baserriko lursailetan, eta hainbat urtez otarren bidez, azoketan eta inguruko dendetan saldu izan ditu bere produktuak. Amatasunak ekoizpenean geldialditxoa ekarri zion duela hiruzpalau urte, baina pixkanaka erritmoa berreskuratzen ari da, eta berriki, gainera, ate berri bat ere zabaldu du ekoizpenean: loreena.

Garazi Zabaleta
Garazi Zabaleta

2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.


2026ko maiatzaren 18a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Haurdunaldian baja hartu zuenean otarren eskaintza bertan behera utzi zuen Gorosabelek. “Nire jardunaren zutabe nagusia izan dira otarreak urtetan, aukera ematen baitute ortuko plangintza egiteko eta hilero oinarrizko soldata bat izateko”. Baina eskaintza oso exijentea dela gaineratu du, izan ere, urte osoan, astero-astero produktu barietate anitza izateak lan handia eskatzen du ortuan. “Momentu horretan ez nengoen prest, eta otarren bidea gelditzea erabaki nuen”. Lanbide honetan ere, gogorarazi du ez dela gauza bera ama edo aita izatea.

Orain, barazki ekoizpenarekin segitzen du ekoizleak, baina Bergarako Elikaenean, Arrasateko Ereindajanen eta Gasteizko Urbide dendetan saltzen ditu produktuak batik bat. Aldi berean, bestelako bideak zabaltzen ari da, esaterako, baserri ondoko lursail batean kiwi landaketa koxkor bat eginen du udaberri honetan, eta lore ekoizpenean ere ari da murgiltzen. “Loreen ekoizpena barazkienarekin oso bateragarria da, hazkuntzan antzeko prozesua dutelako, eta ilusio berezia sortu didate berriz, zerbait berria delako, erronka moduko zerbait”. Dibertsifikatzeko eta ‘birziklatzeko’ beharra sentitu du azken urteetan, aurrera begira ere ekoizpenean segitzeko eta errentagarritasuna lortzeko.

Lore sorta freskoak eta lehortuak

Azken bizpahiru urteetan loreekin probak egiten aritu eta gero, lore hazkuntzaren inguruko formazioa egin du aurten Gorosabelek. “Orain arte gehiago izan da loreekin probatzea eta jolastea, teknikan aurten hasi naiz gehixeago sartzen”. Bi lore mota bereizten ditu ekoizleak: lehortzeko darabiltzanak eta lore freskoak. “Hazitik ekoizten ditut loreak, batzuk Euskal Herriko hazi ekologikoen Aleka proiektutik eskuratzen ditut, baina barietate gehiago edukitze aldera, gehienak Herbehereetatik ekarri ditut”.

Bere asmoa pixkanaka loreen hazi banku propioa osatzea da, baina pausoz pauso doa. “Asko ari naiz ikasten: badira mozketa bakar bateko loreak, moztu ahala ematen dutenak, aurten sartu eta datorren urte arte loratuko ez direnak…”. 15-20 lore barietate inguru ditu momentuz, eta azoketan saltzeaz gain, enkarguak ere hartzen ditu.  Interesa piztu duen arren, loreak hain galkorrak izanda jendeari balioa ematea kostatzen zaiola ere sumatu du. “Etxean lore sorta fresko batek sortzen duen dardara hori berreskuratu behar genuke”. Lore sorta ederrak ikusteko eta eskaerak egiteko  @elkoro.lorak Instagram kontua zabaldu du ekoizleak.

Pottokaren kontserbaziorako errentagarritasun bila
2026-06-22 | Garazi Zabaleta
Bertako zaldi arraza kontserbatzeko eta bultzatzeko helburuz, apirilean martxan jarri dute Pausoka proiektua Sakanako (Nafarroa) Garapen Agentziak, Pottoka Lagun elkarteak eta Kalaska hiltegi eta zatitze... (+)
Euskal Herriko edarigile txikien topagunea Azkaraten
2026-06-15 | Garazi Zabaleta
Historia handiko etxea da Azkarateko (Nafarroa Beherea) Harizpea. “Etxe biziki polita da, herriko plazaren ondoan dena, eta erraten da herriko lehen etxea dela”, azaldu du... (+)
Gatzari lotutako historia ospatzeko festa Jaitzen
2026-06-08 | Garazi Zabaleta
Lizarraldean (Nafarroa) dago Jaitz herria, gazteleraz Salinas de Oro gisa ezaguna dena. Gaztelerazko izenak tokiaren izana ere ongi adierazten du, kasu honetan. “Erromatarren garaia baino... (+)
Nola indartu bertako elikadura sistemak tokiko politika publikoetatik?
2026-05-29 | Garazi Zabaleta
Badira urte batzuk Cederna Garalur landa garapenerako elkarteak Nafarroako Mendialdean Elikadura Dinamizatzaile lanpostua sortu zuela, tokiko elikadura sistemak eta ekoizpena indartzeko. Hainbat ekimen eta lan-lerro... (+)
Ardi buru beltzen gasna sotoa Donibane Garaziko zitadelan
2026-05-25 | Garazi Zabaleta
2010. urtean sortu zuen laborari talde batek Buru Beltza elkartea, ardi buru beltzaren desagertzea geldiarazteko, baita arraza babesteko eta indartzeko ere. Ehun artzain inguruk osatzen... (+)
gora