Negu bigunegiak, uda gogorregia.

Gainditu ditugu ekosistemaren orekarako zortzi mugetatik zazpi

Nazioarteko 40 ikerlari zientifikok plazaratu dute azterketa esanguratsua Nature aldizkarian. Zortzi adierazle oinarri harturik, ondorio kezkagarria zabaldu dute: "Planeta osoaren desoreka dakarren bide arriskutsuan gara". Hondamendia saihesteko asmoz, berehala "trantsizio integrala" bideratzeko deia luzatu dute.


2023ko ekainaren 01a
Munduko ekosistemen %50-60 ez litzateke hunki behar, baina ikerketaren arabera, %45-50 baino ez dago horrela gaur egun. Argazkia: CC0 Public Domain
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Ekosistemaren oreka eta honen parte diren espezieen osasuna bermatzeko zortzi adierazle zerrendaturik ditu aspaldian esparru zientifikoak: Klima; nitrogenoaren zikloa; azaleko uren egoera;  lurpeko uren egoera; okupatu gabeko eremu naturalen hedadura;  gizakiak eraldatutako ekosistemen osotasun funtzionala; fosforoaren zikloa eta aerosolen kutsadura. Bakoitzarentzat dute gainditu ez beharreko muga identifikaturik. Alta, Nature aldizkariak maiatzaren 31n zabalduriko ikerketak dio oraindik bakarrik aerosolen kutsadurak duela errespetatzen jarritako muga. Beste zazpi adierazleei dagokionez, egoera kezkagarria da: "Planeta osoaren desoreka dakarren bide arriskutsuan gara", Johan Rockström ikerleetarikoaren arabera.

Adibidez, klimari buruz, industriaurreko tenperatura oinarri hartu eta gradu bateko emendioan jarria dute muga. Baina gaur egun, 1,2 gradutan da emendioa eta GIEC Klima Larrialdiari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen aurreikuspenei segi, daukagun ekoizpen eta kontsumo heinean segituz 1,5 gradukoa izanen litzateke 2030ean.

Lurpeko urei dagokienez, akuiferoen betetze naturala baino txikiagoak edo berdinak izan beharko lirateke kentzeak. Baina, berme hori munduko arroen %53an bakarrik gertatzen da.

Bi irizpide kontuan hartu izana da azterketa honen berezitasuna: "Segurtasuna" eta "justizia". Orain arte lehenengoari so egiten zitzaion bakarrik –lurraren sistemaren erresilientzia eta egonkortasuna ziurtatzen ez duen heinari–; baina azterketa honek neurketa aberastu nahi izan du, "bidezko mugaren” nozioa sartuz: izaki bizidunentzako ondorio kaltegarriak (elikagaien baliabideen murrizketa, migrazio behartuak, epidemiak eta beste) eraginen dituen limitea zehaztuz.

Ura, gehiegi trabaturik

Ureko ekosistemak zaintzeko gisan, ur isurien %20 baino gutiago izan behar litzateke bestelakoturik. Alta, %34ak dira gaur egun hunkiak. Gehiegi, hor ere. Lurpeko urei dagokienez, oro har, akuiferoen betetze naturala baino txikiagoak edo berdinak izan beharko lirateke kentzeak. Baina, berme hori munduko arroen %53an bakarrik gertatzen da.

Bioaniztasunari dagokion muga ere ez da errespetatzen: munduko ekosistemen % 50-60 ez litzateke hunki behar, baina ikerketaren arabera, % 45-50 baino ez dago egoera horretan gaur egun. Gizakiok ustiaturiko eremuei dagokionez, kilometro koadroka %20-25 beharko litzateke "erdi-naturala" izan –hau da, zuhaitz, lapar, baratze, pentze ala bestelako berdurak bermatuz–. Hori gabe intsektuen biziraupena, ekosistemak behar duen humusa edota polinizazioa lirateke desorekaturik. Espazio antropizatuen bi herenek ez dute baldintza hori betetzen.

Bioaniztasuna bermatzeko gisan, munduko ekosistemen % 50-60 ez litzateke hunki behar, baina ikerketaren arabera, % 45-50 baino ez dago egoera horretan gaur egun.
Diagnosi beltza

Diagnosia "oso larria" egin dute ikerketaren aurkerpenean: "Planeta gorputz bat balitz, bere organo guziak lirateke kaltetuak. Bere birikak, baina baita giltzurrunak, gibela...". Aldaketa "berehala" bideratu beharraren mezua zabaldu dute ikerleek. Nola? Zortzi muga horiek oinarri eta iparrorratz harturik, "trantsizio integrala" bideratuz.

Abian da Errigoraren kanpaina eta martxoaren 18a arte iraunen du
Eskutik Eskura egiten dugu herria lelopean eman diote hasiera kanpainari ostegun honetan. Ohiko moduan saskiak erosteko aukera irekita dago. Horrez gain, kontsumitzaileek elikadura-sistemaren baitan duten... (+)
16 urtez azpikoei edari energetikoak saltzea debekatuko dute Hego Euskal Herrian
Gazteen osasunean eragin dezaketen kalteak saihesteko hartu du erabakia Espainiako Gobernuak. Debekua 18 urtera artekoa izanen da 100 mililitroko 32 miligramo kafeina baino gehiago duten... (+)
Energia nuklearraren garapena lehenetsi du Frantziako Gobernuak: hamalau erreaktore eraikiko ditu ondoko hamar urteetan
Bere energia politika zehazten duen plana aurkeztu du Frantziako Gobernuak ostegunean, energia nuklearra "ekoizpen elektrikoaren bizkarrezur" gisa kokatuta. Begirada 2035ean jarrita, berehalakoan sei erreaktore eraikiko... (+)
Handientzat merkatua, ttipientzat trauma...
Dermatosi nodular kutsakorrak du orain lekuko laborantzaren sektorea inarrosten. Iazko ekainean lehen kasuak agertu ziren Italian, zehazki Sardinian eta Lombardian, eta hortik gutira, Frantziako Estatuan,... (+)
Sukaldariak eta laborariak elkarlanean jartzeko gogoa mahaigaineratu du Euskal Sukaldaritza Tradizionalaren lehen topaketak
Dozenaka lagun batu dira astelehenean Saran (Lapurdi) burutu Euskal Sukaldaritza Tradizionalaren lehen topaketen baitan. 2009an sortutako Ja(ki)tea elkartea egon da hitzorduaren oinarrian, eta Bidasoaz bi aldeetako... (+)
gora