San Gregorio, elurra dario; San Josek, lagunduko dio.

Soluzioa ez da teknikoa, soziala da; Arnaldo Otegiri erantzuna

Azken asteotan, energia berriztagarriei buruzko eztabaida komunikabideetan zabaldu da. Euskal Herrian, lehenik eta behin, Aritz Otxandianok jasandako erasoaren kasu mediatikoa izan genuen, berak energia berriztagarrien aldeko jarrerari egotzi ziona; handik egun gutxira, itzalaldi handia, eta penintsulan berriztagarrien hedapenarekin lotzen duten analisiak — adituak eta ez — medioetan agertu izana; azkenik, Bilduko liderraren adierazpenak, zeinak gertakari horiek industria makroberriztagarriaren bere aldeko jarrera berriro ere argi uzteko eta horien aurka daudenak interpelatzeko erabili dituen. Euskal Herriko lurraldearen aldeko plataforma herritar gisa, bere hitzetan aipatutzat jotzen dugu geure burua.

Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.
"Egun badakigu alternatiba ezin dela izan nuklearra edo petrolioa ordezkatuko duen beste 'teknologia' bat, ez baita existitzen"

Sakoneko kritika gisa, Bilduko buruak adierazi du energia berriztagarrien hedapenaren aurka daudenek ez dutela alternatibarik planteatzen. Bere garaian energia nuklearraren aurkakotasunak energia berriztagarrien alternatiba aldarrikatzen zuela esan du, eta orain horiek baztertzen badira, beste perspektibarik gabe, nahi ez diren bi agertoki irekitzen direla: energia nuklearra berriro agertzea edo gauzek dauden bezala jarraitzea. Alternatiben gaiari ekiteko, lehenik eta behin, analisi honen atzean dagoen dogma bitarra desmuntatu behar da. Energia berriztagarriak mugimendu antinuklearrak bere garaian planteatzen zuen alternatiba baziren, gaur egun badakigu alternatiba ezin dela izan nuklearra edo petrolioa ordezkatuko duen beste "teknologia" bat, ez baita existitzen. Baina Antonio Aretxabalak dioen bezala, "konponbidea ez da teknikoa, soziala da". Konponbideak, ziur aski, teknologia eolikoa eta fotovoltaikoa barne har ditzake, baina eztabaidagai dagoena ez da teknologia mota, baizik eta oinarrian dagoen eredu energetikoa eta soziala.

"Arazoa ez da eguzki-teknologia edo teknologia fotovoltaikoa, arazoa eskala makroa da, lurralde eta finantza zentralizazioa, energia mugitzen duen merkataritza dinamika eta dinamika espekulatiboa"

Energia berriztagarriak kualitatiboki ez dira ohiko energiak bezalakoak, intentsitateagatik, fluktuazioagatik, biltegiratzeagatik, garraiatzeagatik eta beste hainbat elementurengatik. Horregatik, gaian adituak diren pertsonek adierazi dute itzalaldiekin lotuta egon daitekeela mantenu egokirik gabe sare elektrikoan duten sarrera masiboa. Baina arazoa ez da eguzki-teknologia edo teknologia fotovoltaikoa, arazoa eskala makroa da, lurralde eta finantza zentralizazioa, energia mugitzen duen merkataritza dinamika eta dinamika espekulatiboa. Hemen alternatibei buruzko lehen erantzun bat dago: ez du balio teknologia aldatzeak, sistema aldatu beharra dago. Batzuek esango dute ez dela errealista, baina trantsizio bat egin behar dugula ari gara esaten, ezta?, eta horrek "aldaketa" esan nahi du. Ez dago trantsiziorik aldatu nahi dugun gauza bakarra elektrizitatea sortzeko teknologia bada: geratzen diren espazio naturalak txikituko ditugu, eta gero konturatuko gara gauza berean jarraitzen dugula, baina are eta okerrago.

Trantsizio energetiko baten beharra kapitalak sortutako krisi zibilizatorioan kokatzen da, beraz, ez dago ez bide marrazturik ez errezetarik, baina bai, ausartak izan behar dugu azterketan eta proposamenetan, eta, Otegik dioen bezala, "eztabaida lasaia" behar da "norantz joan nahi dugun", zein gizarte motatara" zehazterakoan. Hala ere, bitxia da orain eztabaida lasaiaz hitz egitea, orain arte "eztabaida lasaia" saihestuz prozesuari presa sartzen jardun dutenean.

Eztabaida honetako puntuak definitzeko, Otegik zenbait galdera egiten ditu. Lehenengoa: herrialde industriala izan nahi dugu? Benetako trantsizio energetiko eta ekologikoaren ikuspegitik, Bilduko liderrak ematen duen baiezko erantzun irmoa zehaztu beharko litzateke. Guk galdetzen dugu: industria zertarako? Energia behar dugu gerra industriarako? Edo hain euskaldunak diren CAF bezalako industrientzat, erregimen genozidekin lan egiten dutenak eta horietaz baliatzen direnentzat? Gure erantzuna ezezkoa da, argi eta garbi. Baina, are gehiago, energia behar al dugu luxuzko ondasunen industriarako? Edo plastikozko ontzien eta erabili eta botatzeko milaka
gauzen industriarako?

"Benetan premiazkoa da 'eztabaida lasai' baten bidez erabakitzea zer eta zenbat ekoiztu eta kontsumitu dezakegun, eta, horren arabera, ekoizpena antolatzea. Ez alderantziz, gaur egun gertatzen den bezala"

Krisi ekologikoa aztertzen dutenak gehien kezkatzen dituzten planetaren muga biofisikoen artean, "entitate berriak sartzea" dago, hau da, biosferaren kontserbazioan eragin larria duten substantziak, objektuak, hondakinak, baita giza ekoizpeneko organismoak ere. "Entitate berri" horien masak planetaren biomasa osoa gainditu du, hau da, geure hondakin eta trasteetan hondoratzen ari gara. Larrialdi horren aurrean, errealista izateak esan nahi du aukeratu egin behar dugula zein industriek merezi duten aurrera egitea eta zeintzuk diren alboratu behar direnak, eta, aldi berean, eztabaida-mekanismoak planteatu behar ditugula hautaketa horren prezioa ez dadin izan langileen gainekoa, baizik eta industria-jarduera horiek metatutako kapitalaren gainekoa. Benetan premiazkoa da "eztabaida lasai" baten bidez erabakitzea zer eta zenbat ekoiztu eta kontsumitu dezakegun, eta, horren arabera, ekoizpena antolatzea. Ez alderantziz, gaur egun gertatzen den bezala.

"Ekologikoki jasangarria den gizarte baterantz jo nahi badugu, subiranotasun energetikoa ezin da planteatu egungo 'Estatu' kontzeptuaren terminoetan"

Otegik planteatzen duen bigarren galdera da ea subiranotasun energetikoa duen herrialde bat izan nahi dugun, hau da, behar duen energia ekoizteko gai den herri bat. Hemen ere beharrezkoa da Bilduko liderrak ematen duen erantzuna zehaztea. Ekologikoki jasangarria den gizarte baterantz jo nahi badugu, subiranotasun energetikoa ezin da planteatu egungo "Estatu" kontzeptuaren terminoetan. Estatuek lurraldeak merkatuaren zerbitzura homogeneizatzen dituzte, eta esparru horretan batzuen "subiranotasuna" beste batzuen arpilatzean oinarritzen da ezinbestean. Eredu horren aurrean, subiranotasun bat planteatzen dugu, herri bakoitzaren berezitasunekiko elkarrekiko errespetuan oinarritua, eta berdintasun-harremanak sortuko dituena egoera ahulenean dauden pertsonekin. Errebindikazio hori praktikan jartzea beharrezko subiranotasuna ziurtatuko lukeen palanka da, ez soilik energetikoa, baita pertsona bakoitzaren berezitasunei unibertsalki erantzungo diena ere, bakoitzaren premia-mailaren arabera, lurraldearen eta bizitzaren artean dagoen harremana eten gabe.

"Subiranotasuna eraikitzeko, tokiko komunitatearen rola indartu behar da, parte-hartze eta demokrazia zuzeneko sistema eraginkorrak ezarrita"

Energia bezalako funtsezko ondasun bat ezin da izan korporazio pribatuek menperatzeko eta espekulatzeko erabiltzen duten tresna. Horretan ados gaude Otegiren hitzekin, nahiz eta ez duten zerikusirik haren praktika alderdikoiarekin. Baina ez dugu uste energiaren kudeaketak agintaritza publiko zentralizatu baten eremu esklusiboa izan behar duenik ere. Subiranotasuna eraikitzeko, tokiko komunitatearen rola indartu behar da, parte-hartze eta demokrazia zuzeneko sistema eraginkorrak ezarrita. Kasu batzuetan, landa inguruneetan oraindik bizirik dirauten lurraldeko kudeaketa sistema tradizionalak berreskuratzea, indartzea edo eguneratzea da kontua, hau da, Komunala.

Aldi berean, subiranotasuna gainerako herriekin elkartasunez eraiki behar da, egungo energia-sistemaren ipar-hego ustiapen dinamika gaindituz. Otegik desberdintasun horiek salatu ditu, baina ahaztu du industria makroberriztagarriak ez dituela murrizten eta, gainera, horietan sakontzen duela, behar dituen baliabideak ateratzerakoan eta sortzen dituen hondakinak bideratzerakoan. Guk subiranotasuna planteatzen dugu termino internazionalistetan. Lehia kapitalistan oinarritutako egungo ereduaren aurka, planteatzen duguna da lurralde bakoitzaren berezitasunak errespetatuz munduko herri guztien artean berdintasun harremanak sortzeko gai izatea.

"Industria makroberriztagarria ez da alternatiba bat, bide beretik jarraitzen saiatzea da"

Ez dago murgilduta gauden krisi energetiko, ekologiko eta sozial honetatik ateratzeko behin betiko errezeta edo planik. Industria makroberriztagarria ez da alternatiba bat, bide beretik jarraitzen saiatzea da, haize eta eguzki teknologiak sistema intentsibo, zentralizatu eta jasanezin batera egokituta. Azaldu berri ditugun hausnarketek bide posibleak adierazten dituzte. Ez dira guk asmatutako hausnarketak, urte hauetako borrokaren ikaskuntza baizik; ingeniaritzan, fisikan, geologian, soziologian, zientzia politikoetan eta abarretan adituak eta akademikoak diren pertsonak ere batu zaizkigu ikaskuntza horretara. Pertsona jantzi horiek, ziur asko Otegik ezagutu, entzun edo irakurri dituenak, funtsezko ekarpena egin dezakete krisi ekologiko eta energetikoaren benetako alternatibak imajinatu eta esperimentatzeko prozesuan, eta horretan ari dira dagoeneko.

"Alternatiba posible bakarra lurraldearen biziraupenetik banaezina da"

Irtenbide posible asko daude, baina eraiki egin behar dira, eta ezer baino lehen imajinatu egin behar dira. "Makroberriztagarriak edo basakeria" hautakariak egungo eredua benetan gainditzea ekarriko balu bezala inposatu nahi duen erretorikaren aurrean, guk erantzuten dugu alternatiba posible bakarra lurraldearen biziraupenetik banaezina dela. Azken finean, erabat lotuta dago gure bizitzari eustearekin.

Norabidea erakusten duten zenbait ohar, Aritz Otxandianori gertatutakoaren harira
Harriduraz irakurri dugu prentsan Aritz Otxandianori etxean bertan bengalekin egindako erasoaren albistea. Berak sare sozialetan eman zuen gertatutakoaren berri. Bai bera, bai bere adierazpenak jasotzen... (+)
Urriaren 29an epaitegira joan beharra izango duen kidearekin elkartasuna
Asteartean EH sareko partaide batek Mozal Legearen bidez jasotako isun baten harira epaiketa izango du. Mendian, sarraskitu nahi dituzten mendi horietan ibiltzearren eta lurraldearen, lurraren,... (+)
Urriak 26: denok Gasteizera megaproiektuen kontra eta Lurraren alde
Euskal Herria Bizirik-ek, heldu den urriaren 26an, Gasteizen, Arabako herri plataformek eta nekazarien sindikatuek trantsizio energetikoaren aitzakian korporazio handiek inposatu nahi dituzten megaproiektuen aurka antolatutako... (+)
Energia berriztagarrien zabalpen masiboaren iruzurra
EH Biziriketik sarritan salatu izan dugu energia berriztagarrien zabalpen masibo honen atzean   ezkutatzen   den   eredu   ekonomikoa.   Hazkunde   ekonomikoa   ezinbesteko baldintza duen eredu ekonomikoan –kapitalismoan, alegia–,... (+)
Zalantzan jarritako Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala
2023ko apirilaren 27an, Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (EEBBen LPS) jendaurrean jartzea agindu zuen, Aldizkari Ofizialean 2023ko maiatzaren 10ean argitaratutako agindu baten bidez.... (+)
gora