Asteroko buletina
San Fermin ondoko igandea, eulien festa

Eguraldiaz

Ezezagunekin ohikoa den bezala, eguraldiaz arituko naiz. Hizpide neutroa delakoan eta anonimotasuna mantentzearren erabiltzen da eguraldia. Halere, neutrotzat jotzen dugun horretaz hitz egitean ere, geure buruaren berri ematen diogu solaskideari, nahi gabe. Ondokoak “zer eguraldi ona!” edota “hau eguraldi petrala!” esatean, munduan egoteko duen eraz ari den bezala, erantzunak ere agerian uzten du solaskidearen soslaia. Inork ez du, ordea, dagokion galdera egiten –ezta bere buruari ere–: zertarako, baina? Terraza batean egoteko? Patatak ereiteko? Mendira joateko? Baratzean rotabatorea pasatzeko? Hondartzara joateko? Belarretan aritzeko?

Josebe Blanco Alvarez
Josebe Blanco Alvarez

Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburuaren egilea


2023ko apirilaren 17a

Bakoitzak eguraldia ona ala txarra dela erabakitzeko arrazoiak izango ditu, barru-barruan; kontua da inork ez duela zalantzan jartzen eguraldi onaz ari denean eguzkiaz ari garela, eta euria, hotza eta abarrak ezkutatzen direla txarraren lainotan.

Gutxi aztoratzen gara neguko zenbait egunetako udaberriko tenperaturarekin, eguraldi ona omen. Neguko ohiko elurteei denborale deitzera pasa gara. Eta lehorte betean, egun eguzkitsuari giro ederra deitzen diogu.

Intsumisoa naiz. Ondorioak neure haragitan bizi ditudalako, akaso. Izango da orain dela aste batzuetako tenperatura goxoak –hego haizeak lagunduta– belarraren hazkuntza moteldu duelako. Edota sahatsak kimuak askoz lehenago erakutsi zizkigulako. Dena den, berandu baino lehen, denoi azalduko zaizkigu ondorioak, lurrarekin eta animaliekin bizi garenoi lehenago; geroago, hiri-eremuko lagunei.

Iazko lehorteak behartu zituen abeltzainak negurako gordeta zuten bazka uztailean ematen hastera. Nekazariek ere ereindako soroak basamortu bilakaturik ikusi zituzten. Baratzezainek letxugarik gabeko uda ezagutu zuten. Etxean ere eguraldi on haren lorratza presente dugu, gaur gaurkoz.

Orain dela bi urte erositako sail batean –pinudia bota berri–, belar-hazia zabaldu genuen, udaberrian. Iragarrita zegoen arren, ez zuen euririk egin; hau da, eguraldi txarra izan genuen. Egun, sail hori biluzik daukagu; belar apur bat dago izkinen batean, putzuak egin ziren tokietan.

Urte hasieran Rafaren deia jaso ohi dugu. Aurten olio gutxiago, askoz gutxiago, egokitu zaigu: hirurogei bat litro jaso beharrean, hamabost. Ohikoa den uztaren herena baino ez du jaso-eta.

Aspaldikoak dira pazientzia eta etorkizuna; berehalakotasunak baztertu ditu, eta gu bahituta gauzka. Eguraldi onak ematen digun berehalako gozamenean itotzen ditugu horrek ekarriko dizkigun etorkizuneko ifrentzuak.

Eguraldiaz ari nintzelakoan, irakurle. 

Zer da artaldea? (Gerturatze bat)
Astebete pasatxo eman dut artaldeaz hausnarrean. Lehenago ere eskaini izan dizkiot tarteak artalde kontzeptuari ematen zaion erabilerari, baina orain dela astebete izandako elkarrizketak berritu du... (+)
In extremis, mila esker
In extremis heldu naiz orrialde honetara. Patuak hala erabaki du. Izan ere, orain dela bi aste erdi idatzita nuen gaurkoa, baina dokumentua gorde gabe ordenagailua... (+)
Borrokak eta liburuak
Konturatu orduko apirila joan da, bere intentsitate eta kolore guztiekin. Egun beroak, epelak eta hotzak utzi dizkigu. Ostadarra eta izotza. Euri jasak eta bero sapa.... (+)
Hamaika
Ez dakit zure herrira helduko den Hamaika diziplina anitzeko proiektu artistikoaren erakusketa. Artelanekin batera, hamaika lekukotasun. Bertan denetarik dago: beldurra, mina, amorrua, esperantza, etsipena, indarra...... (+)
Munduan leku bat
Gutako batzuk hemen jaio ginen, zoriak erabaki zuen populazioaren %11 honen parte izango ginela. Beste batzuek erabaki genuen landatarrak izatea, eta lurraldearen %89an bizitzea. Denok... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora