Abuztua zortzigarrena, arbi ereitia, bitarte honetan barriz, garijak jotia

Lantokietako isilpeko doluaz

Hau irakurtzen duzunerako, ez dakit zenbat herri izango ditudan bihotzean eta zenbat gogoeta buruan. Idatzi hau bidali baino lehen, izan naiz Arantzan, Tolosan, Elgoibarren eta Ondarroan, Hausnarrean liburua aurkezten.

Josebe Blanco Alvarez
Josebe Blanco Alvarez

Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburuaren egilea


2024ko urriaren 14a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Leku bakoitzetik zer edo zer dakart etxera. Hartu nauen taldearekin batera itzultzen naiz etxera, gutxienez. Gerora, batzuetan, ekarritakoak luze irauten du, are gehiago hurrengo egunetan horri bestelakoak kateatzen bazaizkio. Tolosan izandako elkarrizketa bat kulunkan daukat, eta dilin-dalan horretan haria luzatzen da, amarauna osatu arte.

Animalien heriotza abiapuntu duen doluaz aritu ginen. Abereen heriotzak gugan sortzen duen minaz edo ezinaz ez da, orokorrean, hitz egiten. Gaixo zegoen, eta hil behar izan dugu. Eta gero, zer?
Zer datorkigu gero? Zer diote gure tripek heriotzaz? Beherakoak al darama, bere erauntsian, nahasian dugun tristura? Idorreriak xurgatu al ditu gure malkoak? Edo hor barruan gertatzen denaz hobe ez jakitea?

Adineko pertsonak zaintzen dituen emakumeak hori dena lotu zuen bere lanarekin. Eremu horretan ere heriotzak sortutakoa isilarazi egiten omen da. Dolu itoari ez omen zaio haizerik ematen. Ez da existitzen. Lan-harremana eten egin da. Fini. Pasa beste batera.

Baina ez da egia, edo ez behintzat kasu askotan. Maiz zaintzaile eta zainduaren arteko harremana lan-kontratutik askoz urrutiago joan da, eta konpartitutako orduetan bizitza bera partekatu dute, elkarrekin brodatu eder bat osatu arte.

N1 errepidean kakorratz-lanetan hasi nintzen ni. Gogora etorri zait isiltasunera kondenatutako kazetariez aritu zen EHUko irakasle bati egindako elkarrizketa. Gisèle Pericot, senarrak drogatu ondoren, bortxatua izan zen emaztearen kasuaren harira irakasle horrek luzatutako galdera: epaiketa horren jarraipena egin behar duten kazetariak hartzeaz nor arduratzen da? Nork itzuliko ditu tripa horiek bere onera, eguna bortizkeriatan pasa ondoren? Nola eman leku Gisèle Pericoten kontakizunean beren burua irudikatu duten emakumezko kazetari –edo bestelako langile– horien izuari?

Ehoziriak eskutan banitu bezala, gehitu zaizkit Palestinan –edo beste edozein tokitan– dauden langileen –medikuak, kazetariak, GKEetakoak...– tripak. Nork hartzen ditu horiek? Nork zaintzen ditu lan-harreman horietan sortzen diren zauri ikusezinak? Pentsa dezagun begi bistakoak artatuak direla...

Badakit heriotzak, orokorrean, ez duela prentsa onik; bizitzaren ezinbesteko osagaia izan arren, ez dugula parean ikusi nahi, ezta onartu nahi ere. Halere, zalantzan nago, ez dakit hona ekarritako heriotzak –edo bortizkeriak– ez diren ikusten ala, ikusi badira ere, langile horiek bizi dituzten ezinei ez ote zaien atentziorik jarri nahi.

Abeltzainon kasuan, ziur aski, nahikoa litzateke norberak arnasa ematea gertatutako heriotzari eta dolua konpartitzeko aukera izatea. Bestelakoetan, korapiloa handiagoa da, akaso, aiseago askatuko da heriotza naturala izan den kasuetan; baina hor ere arnasa behar. Bortizkeria tartean dagoenetan, baliabideek bestelakoak izan beharko luketela esango nuke.

Halere, susmoa dut estandarrak agintzen duen lan-harreman serio eta profesional horretan, lan-hitzarmenetan ez direla erreskaterako estrategiak jasoko. Norberak bilatu beharko dituela arnasak, barruko korapilo horiek askatzeko.

Zer egin gure doluen digestioekin? Usteltzen utzi? Komunetik behera bota? Ala arnasak eta denborak eskaintzen diguten patxadaz tripak askatu?

Komunitateaz (eta III)
Komunitateari buruzko artikulu segida honekin hasi nintzenean, Antoine eta Antoine zeuden etxean, gazta-ganbara hutsik zegoen, hiltegirako bueltak asterokoak ziren eta hiru egunetik behin egiten genuen... (+)
Otero jaunari
Otero jauna, garai honetan artzain honek ez du tarte handirik izaten ezertarako, justuan ibiltzen naiz, baina gaurkoan ezin utzi erantzun gabe zure azken kolaborazioa. Izan... (+)
Komunitateaz (II)
Susmoa dut komunitatea hustuketa prozesu betean dagoela, eta beldur naiz, beste askori gertatu eran, mamirik gabeko bilgarri ez ote den bilakatuko, jada bilakatu ez bada.... (+)
Komunitateaz (I)
Konturatu orduko, 119 arkume jaio dira etxean, eta hamahiru ardi baino ez zaizkigu gelditzen erditzeko. Aurrerakoak diren urruxak jada izendatuta dauzkagu; horrek, inplizituki, esan nahi... (+)
Artile, karena eta oritza
Artiletan sustraitzeak ematen duen bakeak salbatzen nau maiz, kanpoko zein barruko ekaitzetatik. Artilea baino bakegile eraginkorragorik ez dut aurkitu inguruan. Bere indarra areagotzen da odola,... (+)
gora