Soroak zor du larrea

Aixeindar enpresak Iturrietako mendilerroan jarria duen dorreak ez ditu hegaztien babeserako neurriak bermatzen, Arabako Mendiak Askek salatu duenez

Aixeindar enpresak haizea neurtzeko 82,5 metroko dorre meteorologikoa instalatua du 2023tik Analamendin. Dorrearen egonkortasuna eta segurtasuna bermatzeko, lurrera altzairuzko hainbat kablerekin ainguratu zuen enpresak. Arabako Mendiak Aske elkarteak salatu du hegaztiek dorrearekin eta kableekin talka egiteko arriskua dutela eta eremu hori "kritikoa" dela hegazti-espezie asko (horietako hainbat "mehatxatu" gisa katalogatuta daudenak) ugaltzeko, elikatzeko eta bizitzeko. Elkarteak ohartarazi du Arabako Foru Aldundiak enpresari babes neurri gisa eskatu ziola dorrearen tenkagailu edo tiranteetan talken aurkako gailuak jartzea eta dorrea jarri zenetik urtebetera dagoeneko talken aurkako gailu gehienak jaitsita edo askatuta daudela, eta kableak biluzik.


2024ko urriaren 15a
Aixeindar enpresak jarritako 82 metroko dorre metereologikoa eusteko kableetan zati asko biluzik daude, babesgailuak erori zaizkiolako, eskuineko irudian ikus daitekeenez.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Arabako Mendiak Aske elkarteak prentsara bidalitako oharrean azaldu duenez, Aixeindar enpresak haizea neurtzeko ezarria duen 82,5 metroko dorre meteorologikoak hegaztientzat dakarren arrisku handiena talka egitea da, eta dorre hau eremu oso berezian kokatu dute, Iturrieta mendilerroko Analamendi mendian: "Eraginpeko eremua interes berezikotzat jotzen da, eta hegazti nekrofagoak elikatzeko babes-eremu gisa katalogatuta dago, Analamenditik 800 metrora soilik. Eremu kritikoa da hegazti-espezie asko ugaltzeko, elikatzeko eta bizitzeko. Espezie horien artean nabarmentzekoak dira, besteak beste, Bonelli arranoa (Aquila fasciata), ugatza (Gypaetus barbatus), miru gorria (Milvus milvus), sai zuria (Neophron percnopterus), arrano gorria (Hieraaetus pennatus), arrano sugezalea (Circaetus gallicus) eta sai arrea (Gyps fulvus). Espezie horiek Eusko Jaurlaritzaren Espezie Mehatxatuen Katalogoan sartuta daude. Batzuk 'galtzeko arriskuan' daude sailkatuta, hala nola Bonelli arranoa, ugatza eta miru gorria. Azpimarratu behar da, gainera, neurketa-dorrea funtsezko korridore ekologiko baten barruan dagoela, eta korridore horrek Natura 2000 Sareko eremu babestu garrantzitsuak lotzen dituela Nafarroa eta Araba artean, hala nola KBE-BBE eta Izkiko Parke Naturala, Entziako KBE eta Nafarroako Urbasa-Andia Parke Naturala. Zehazki, EAEko Korridore Ekologikoen Sarearen arabera (2005), dorrearen instalazioak eragindako eremua 'erdigune' gisa sailkatuta dago".

Ezkerreko irudian, kable biluziak. Eskuinekoan, babesgailuak nola jaitsi diren klabeetan behera. Argazkia: Arabako Mendiak Aske.
Ingurumen baimenak talken aurkako gailuak eskatu zizkion enpresari eta gaur egun ez ditu bermatzen

Arabako Mendiak Askek jakitera eman duenez, Aixeindarren dorre meteorologikoari administrazioak baimena ematerakoan, Arabako Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuak natura-ondarea babesteko neurri espezifikoak eskatu zituen. Neurri horien artean sartu zen talken aurkako gailuak jartzea neurketa-dorreko tenkagailu edo tiranteetan.

Enpresak ezarri dituen gailuak "Neopreno X" motakoak dira, gauez argia islatzen dutenak, hegaztien talkak saihesteko. Arabako Mendiak Askek azaldu duenez, "elementu horiek haien artean 10 metroko tartea utzita jarri behar dira. Behar bezala antolatuta dagoela bermatzeko, irizpide honi jarraitzen zaio: tenkagailu batean instalazioa 0, 10, 20... puntuetan jartzen bada, hurrengo tenkagailuan 5, 15, 25 puntuetan jarri behar da, horrela, hegaztiek hobeto ikus dezaten".

Ordea, elkarteak salatu du haizea neurtzeko dorre meteorologikoa instalatu zenetik urtebete pasatxora, "Neopreno X" motako talken aurkako elementu gehienak tenkagailuen beheko aldeetara erori direla edo askatu egin direla. Horrek kableak biluzik utzi ditu "eta beraz, inguruko hegazti-faunak talka egiteko arriskua areagotu du".

Hegaztiek kableen aurka talka egitea, heriotza ez-naturalen kausa nagusia

Arabako Mendiak Aske elkarteak arrisku honen garrantzia nabarmendu du: "Talka egitea da hegazti-espezie askoren heriotza ez-naturalaren kausa nagusia, eta, kasu batzuetan, populazioak murrizteko arrazoi nagusia eta kontserbatzeko arazo nagusia. Arazo globala da, eta ikaragarria, hainbat azterlanetan lortutako datuek erakusten duten bezala".

Talka egiteko arriskua ikusmen txarreko egoeretan larriagotu egiten dela azaldu du: "Ikusmen-baldintza onetan hegaztiek behar besteko aurrerapenarekin ikusten dituzte kableak, eta saihestu egiten dituzte. Baina ikusmena txarra bada (lainoa, euria, egunsentia, ilunabarra edo gaua), ez dute lortzen oztopoa garaiz detektatzea".

Dorrea kentzeko eta Laminoriako zentral eolikoa ez egiteko eskatu du Arabako Mendiak Askek

Arabako Mendiak Aske elkarteak Arabako Foru Aldundiari dei egin dio, "organo eskuduna eta azken arduraduna den aldetik, natura-ondarea babesteko eskumenak eraginkortasunez erabil ditzan". Horrez gain, zera eskatu dio, naturgune hau "oso kaltebera" dela argudiatuta: "Laminoriako Zentral Eolikoa instalatzeko baimena ukatzeko".

Aixeindar SA enpresari "neurketa-dorrea berehala kentzeko" eskatu dio, "baimenaren baldintzak ez betetzeagatik".

Gipuzkoako Aldundiak laborari ekologikoak diru-laguntza batetik kanpo utzi dituela salatzeko elkarretaratzea egin dute
2025-05-15 | Estitxu Eizagirre
Gaur, maiatzak 15, San Ixidro da, Baserritarren Eguna. Egurra Ta Kandela baserritar ekintzak salatu du ekologikoan lan egiten duten laborariak landutako azalera handitzeko diru-laguntzatik kanpo... (+)
Amasa-Villabonako Udala Premier enpresarekin negoziatzen ari da Amasamendiko herri lurretan bi haize errota jartzeko baldintzak
2025-05-06 | Estitxu Eizagirre
Ander Goikoetxea Amasa-Villabonako zinegotzia da eta EH Bilduko Legebiltzarkidea. Premier ESPF Ipaz Haizea enpresak Amasamendin ezarri nahi dituen bi haize erroten orain arteko prozesua nola... (+)
Zer dezake udal batek makroberriztagarrien aurrean?
2025-04-30 | Estitxu Eizagirre
Bizitza ez-berriztagarriak filma ikusentzun zuten atzo 70 inguru lagunek Villabonan. Francisco Vaquero egilea bertan izan zen eta emanaldiaren ostean hitza hartu zuten herritarrek, kargu publiko... (+)
Bizi Baratzea Orria: ARGIAk abiatu duen aldizkari berria, Bizi Baratzea proiektuaren 10. urteurrenean
2025-03-23 | Estitxu Eizagirre
Urtaro bakoitzean kaleratuko den aldizkari honek Lurrari buruzko jakintza praktikoa eta gaurkotasuneko gaiak jorratuko ditu. Formato oso berezia du: plegatutako orri handi bat da eta... (+)
EH Bizirikek manifestazioa deitu du larunbaterako 'Euskal Herria ez dago salgai!' lelopean
2025-03-20 | Estitxu Eizagirre
Sareak nabarmendu du Euskal Herri osoko eragileak daudela bertan eta deialdiak 140tik gora atxikimendu jaso dituela: "Horrek islatzen du zein den gaur egungo errealitatearen urgentzia,... (+)
gora