Zertarako zure alaba-semeei mirari bat esplikatzen saiatu, baratze bat landatzen jar ditzakezu eta

Trenetik salto egin nahi

Hemen gatoz, atzera ere, hausnarra berritzera. Edo behintzat saiatzera. Edo horrekin amestera. Ez dakit, ordea, berritik zer izango dugun; izan ere, antza, munduak lehengo lepotik burua jarraitzen du. Barkatu okerra: gizakiok jarraitzen dugu lehengo lepotik.

Josebe Blanco Alvarez
Josebe Blanco Alvarez

Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburuaren egilea


2024ko irailaren 23a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Egia esan, albistegi gutxi entzun ditut hilabeteotan. Tren horretako bidaiari ez nintzelakoan, neure buruari errepikatzen nion ez nuela tren horretara igo nahi. Alferrik, atearen kontra, baina, bai, neu ere banintzen bidaiaria. Ez da samurra izan trenean esnatzea. Esnatu naute zurikeriak eta teknologiaren ameskeriak, biek batera.

Alde batetik, halako batean, eta merkealdietan, onartu zen Natura Lehengoratzeko legea, han, Europan. Jarri dioten izenburua polita da, ezin ukatu. Halere, estatuek bete beharko dute mamiz haizez beteriko opila. Legearen helburuetan murgilduz gero, naturazaleak literatura atsegina topa lezake; esaldi batzuen doinua ezin atseginagoa da, sirenen kantu eztien antzerako melodia. Edozein kasutan, estatuek hala erabakita, zonalde batzuk lege horren aplikaziotik kanpo gera daitezke bi arrazoirengatik: defentsa nazionala eta energia berriztagarrien inplementazioa. Harrapazank Txiribiton!

Bestaldetik, irailaren 7ko egunkarian Zutikako nekazaritza izenburua zuen erreportajeak zur eta lur utzi ninduen; martxan egon arren, prest nengoen trenetik salto egiteko. Neikerrek Derion duen zentroan eraiki dute 50 metro koadro dituen espazio kontrolatua non landareak hazten dituzten hiru mailatan. Momentuz, landare usaintsuekin ari dira.

Ez omen dator nekazaritza tradizionalari kontra egitera; tomate hidroponikoak azaldu zirenean, aurkako ahotsek iragarri zuten lurrarekin lantzen den nekazaritza desagertu egingo zela, eta ez da hori gertatu. Honekin, berdin. Askatasuna behar ei dugu nahi dugun moduan lan egiteko, erosi ere nahi dugunean eta askatasunez.

Askatasunaz gain, abantailak baino ez dauzka, ikerlariaren arabera, apaletako nekazaritza futuristak: urte osoan zehar izango da uzta jasotzeko aukera, hamabost egunean behin jaso, eta, gainera, ekoizpena 50 aldiz handitu daiteke. Eta ez hori bakarrik, klima aldaketak dakarren ezegonkortasunak ez du eraginik izango, atmosfera isolatuan haziko baitira landareok. Ureztatze sistema automatikoa, argitasuna, tenperatura eta hezetasuna uneoro kontrolpean, baita CO2 isurketak ere. Izena ere abantaila: indoor vertical farming. Basque gehituz gero, txapeldun.

Neikerrek proiektu hau abiatu zuen ikusita enpresen artean interesa zegoela, merkatuan lehiakortasuna hobetzeari begira. Populazioaren hazkundeak eta klima aldaketak bilakatu dute egitasmoa premiazko. Helburuak bitan laburbildu omen daitezke: espazioaren erabilera optimizatzea eta ekoizpen jasangarria bermatzea.

Hemen hil naiz. Trenean bertan.

Ez baitzait jasangarri egin bi gertaeren konbinazioak sortutako ikara.

Gertatzen ari da
Aspaldian sentitzen naiz lekuz kanpo. Aspaldian bizi dut ez dudala asmatzen barruan dudan zenbait kontu helarazten, ulertarazten; mundua neure baitan hasi eta bukatuko balitz bezala.... (+)
Efemerideak
Baserritarrokin lotutako efemerideen artean, bi sentitzen ditut neure-neureak, Anarik bere kantan dioen bezala, efemerideak gugan bizi diren zauriak direlako. (+)
Greba orokorra dela eta
Gure baserrian bezala beste askotan, ez gara 1.221 euroko gutxieneko soldatara iristen. Inondik inora. Hori amestea ez da gutxi. 1.500 euro hilean kobratzea, utopia da,... (+)
Mamu ala arbaso
Trantsiziorako hila da otsaila. Otsaila txikia izateak lehenago bukatuko den esperantzan bizitzeko aukera ematen du. Une askotan, nostalgiaz begiratzen diot urtarrilean zehar bizitako erditze garaiari:... (+)
Kieto protokoloa
Urtarrila oso azkar pasa da, oso azkar. Tartean elurra eta guzti, oraindik ere negurik badela gogoratzeko. Konturatzerako, ehun arkume baino gehiago ditugu inguruan, ehun bizitza... (+)
gora