Maiatza urtearen giltza.

Su artifizialak

Bitxia egiten zait oso askok su artifizialei dieten miresmena. Ikuskizunak sortzen duen itsutasun eta gorreria aukeran nonahi. Ni uxatu egiten nau giro piroteknikoak. Baina onartzea besterik ez daukat gehiengo batek horretan murgilduta bizi nahi duela; besteak beste, sistema oso baten makineria hori horrela izan dadin lanean ari delako, ezker-eskuin.

Josebe Blanco Alvarez
Josebe Blanco Alvarez

Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburuaren egilea


2024ko abuztuaren 12a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Su artifizialen politika Euskal Herrian hain zabalduta dagoen handinahi senarekin guztiz lotuta dagoela esango nuke –testosteronarekin ere bai, akaso–. Handikeriaren autobide zabal horretatik urrun leudekeenak ere batzen dira segizioari barru-barruan sentitzen dutelako pirotekniarik gabe ez dutela zer ekarri, norengana heldu, eta bakarrik daudela.

Arrakasta sarreren on line salmentan neurtzen da: zenbat sarrera hainbeste minututan. Aretoaren edukierak handia behar du; edo askoz hobeto: handiena. Haiek bete egiten badute, guk ere bai, ez baikara gutxiago, ez horixe! Ikusle eta entzuleek eszenatoki futuristan daudenen aurpegiak pantaila erraldoietan bakarrik ikusten dituztenean esan dezakegu: bai, badugu balioa. Pantaila erraldoirik gabeko eszenatoki garaikideetan aritzen direnak abstraktu bezain zabala den panorama artistikoa osatzen omen dute.

Itzala menuaren prezioan eta itxaron zerrendan ez ezik, platerean exotikoak bezain cool diren jakien presentzian datza, bertakotasunaren esentzia labeldunaren ukituarekin, ezinbestean. Koktel horrek kokatzen baikaitu mapan. Gastronomiaren abiadura handiko tren horretara igo nahi ez dutenak aldirietako trenetako anonimotasunera kondenatuta omen daude.

Hologramen lilurapean ematen dugun denbora horretan, hemen eta hor, lurrean, alegia, bizitzak bere martxan eta desmartxan jarraitzen du.

Euripean igarotako egunek eta asteek ondu gabeko belazeak utzi dituzte, tomate eta piper urriko uda, zalantzazko fruta-arboletako uzta, eta salda bordelesaren salmentaren gorakada. Atzo entzundakoa jasota gelditu dadila: bazterretan eguraldiaren nahasmenduak sortutako janariaren eskasiak, orain dela 100 urte, gosete ikaragarria zekarkeen.

Axaleko ondorioa izan daiteke: "Eskerrak mundu globalizatuan bizi garen eta jatekoa kanpotik ekar dezakegun!". Sakonekoak lioke: "Ze desastre egin dugun 100 urteren buruan herri eta komunitate askotan elikadura burujabetza ezinezkoa izateko!".

Jakin nahiko nuke nola bukatu su artifizialen lilurarekin. Nola helarazi su txikien bueltan itzultzeak egiten duela bizitza erreala posible; su txiki bat oparia izan daitekeela, eta badela.

Amata dezala euri langarraren jarraitzeak artifizioaren su itsugarria. Jan ditzala herdoilak kapitalaren makineriak. Estal dezala goroldioak garapenak utzitako zaborra.

Bil gaitzala euriaren temak ukuilu txiki batean, ahots eta esku batzuen doinu eta erritmoan, bizitzaren ernamuina ernal dadin gure baitan, su txiki baten epelean. Bil gaitzala, berriz ere, beste ukuilu batean, orduan, ahotsek dakarzkiguten mezuak entzutera, adi, horiexek hitz egingo baitigute lurraz, bizitzaz eta bizi ezinaz, elikatzen gaituzten horien ahotan.

Bil gaitezen, gorputz txiki eta hilkorrok, sua piztera, neurriko piromania bizigarrian.

Kanpaina bukaerako ariketa
Hau idazten ari naizela, kanpaina bukatzear dugu. Datorren astelehenean jetzaldi batera pasako gara. Horrek esan nahi du hiru egunetik behin egingo dugula gazta, eta gaztek... (+)
Ekotalibanak
Ustez lasaiak diren espazioetan ere hau sinatzen duenak jasotakoak dira hurrengoak: ekotaliban, NIMBY, bobo, kolapsista, negazionista, ekozekena, belarjale... Denek partekatzen dute eremu semantikoa: ekologismoa. Ekologismoaren... (+)
Mallorca
Kapitalismoaren lekuan lekuko eta garaian garaiko egoerara moldatzeko gaitasuna harrigarria egiten zait batzuetan. Espero ez duzun tokian azaltzen dira antzekotasunak, eta hara non, bat-batean konturatzen... (+)
San Ixidro
Aurten ez dut aparteko ilusiorik San Ixidro egunerako. Ez dut girorik aurkitzen. Ingurura begiratu eta giro ospela. Burua lanean jarri behar izan dut epeltasun bila,... (+)
Komunitateaz (eta III)
Komunitateari buruzko artikulu segida honekin hasi nintzenean, Antoine eta Antoine zeuden etxean, gazta-ganbara hutsik zegoen, hiltegirako bueltak asterokoak ziren eta hiru egunetik behin egiten genuen... (+)
gora