Ur azaletik gertu dabiltza arrainak igerian. Zerbait uretarantz gerturatzen ari da, hegan: arrano bat dator, bere atzaparrak aurrerantz luzatuta eta zaplast! Uretan sartu da, bete betean. Arraina harrapatu ostean burua uretatik atera du arranoak, baina arrainak hondorantz egiten du igeri indartsu: arranoak hegalak ere indartsu astindu behar ditu uretatik irten eta hegan egitea lortu nahi badu. Hegal gihartsuei esker atera da hegan, atzapar artean harrapatu berri duen arraina duela. Arrano arrantzaleari (Pandion haliaetus) buruz ari gara, noski.
Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.
TALDEA: Ornoduna/Hegaztia.
NEURRIA: Mokotik isatsera 53-66 cm. Hego-luzera 147-174 cm.
NON BIZI DA? Hainbat hezegune motatan, bai ur geza duten lakuetan zein itsasaldean.
ZER JATEN DU? Arrainak.
BABES MAILA: Europan babestua.
Arrantzatzeko uretan murgiltzen den arrano espezie bakarra da. Bereizteko nahiko erraza da, gorputzaren goialdeko lumak marroi ilunak eta azpialdekoak zuriak ditu eta. Burua ere zuria du, begi-aldea izan ezik: hau iluna du, mozorroa daramala dirudi. Begiak deigarriak ditu, kolore horikoak. Baina nola da posible uretan murgildu ostean blai egonda hegan egin ahal izatea? Olio-guruin bati esker da, arranoak bere lumak garbitzen eta iragazkaitz bihurtzen ditu eta ondorioz, bere lumak ez dira hainbeste bustitzen eta hegan egiteko aukera izaten jarraitzen dute. Sudur zuloak ixten dituen mintz bat ere badu.
Hego Euskal Herrian umatzen den bikote bakarra dago, Urdaibaiko Biosfera Erreserban hain zuzen ere, 2013. urtean espeziea berriz sartzeko hasitako programaren ondorioz bertan finkatu dena. Beraz, uda garaian bikote hau ikusi dezakegu, baina migrazio garaian indibiduo gehiago behatu daitezke. Arrano arrantzale gehienek udazkenean hasten dute migrazio bidaia, Afrika tropikala helmuga izanik. Helduek urtero egiten dute udazkenean Afrikara eta udaberrian iparraldera buelta; gazteek aldiz, beraien lehenengo bi urteak igarotzen dituzte Afrikan.
Habia arrain ugari dituzten ur masetatik gertu egiten dituzte, nahiz eta batzuetan hauek arrantza gunetik kilometro batzuetara egon. Habiak oso handiak izaten dira, metro bateko diametroa eta 200 kg inguru izaten dituzte. Hain handiak izanik, normalean haitzetan edo zuhaitz handietan eraikitzen dituzte eta hainbat urtetan izaten dira erabiliak. Ez dute egitura artifizialak erabiltzeko inongo arazorik, hau dela eta, habia egiteko aukera gutxi dauden inguruneetan plataforma artifizialak jartzea ideia ona izan daiteke.
Arrano espezie honek pairatu zuen atzerakadaren arrazoi nagusiak ehiza eta habiak hondatzea izan ziren. Gaur egun, aldiz, beste arrisku batzuk dituzte: habitaten eraldaketa eta suntsipena, pestizida organokloratuek eta merkurio isuriek eragindako kutsadurak edo habiak hondatzea. Umatzeko garaian egon daitezkeen mehatxuak habiaren inguruan izan ditzakeen arazoekin lotuta daude: itsaski-bilketa, arrantza eta uretako kirola esaterako. Migrazioa, bidaia luzea izateaz gain, gizakiok eragindako hainbat faktorek ere arriskutsu bilakatzen dute: aerosorgailuekin talka, elektrokuzioak edo isileko ehiza, besteak beste. Eta azkenik, gure lurraldean bikote berriak ezartzea eragotzi dezakeen arazo bat habiak egiteko leku natural falta da. Azken kasu horretan, plataforma artifizialak jarri daitezke.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545