Onddo urtea, elur urtea

Ote artean bizi den txoria

Larreak eta otea tartekatuta dauden inguruetan badago oso ohikoa den doinu bat: “piiiiit-txar-txar, piiiiit-txar-txar”. Ingurura begiratuz gero, seguruenik han ikusiko dugu, otearen puntan, bular laranja eta burua beltza dituen txori bat, lepoko zuri bat duena –emeak, aldiz, gehienetan bezala, arreagoak dira–: otatxoria. Izen arrunta bere alarma doinuak ematen dio argi eta garbi: pitxartxar burubeltza (Saxicola rubicola).

Nerea  Pagaldai Agiriano
Nerea Pagaldai Agiriano

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2026ko martxoaren 30a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.
PITXARTXAR BURUBELTZA (Saxicola rubicola)

TALDEA: Ornoduna / Hegaztia.
NEURRIA: Mokotik isatsera: 13 cm.
Hego-luzera: 18-21 cm.
NON BIZI DA? Sastrakadietan.
ZER JATEN DU? Intsektuak.
BABES MAILA: Europa mailan babestuta.

Ote eta sastraka artean, bertako intsektuz elikatuta bizi den hegaztia da pitxartxar burubeltza. Inguru irekiak gustatzen zaizkio, bertako sastrakadietan bizi baita: landazabala, baso argiuneak, tarteka zuhaixkak dituzten laborantza lur eta larreak, otadiak eta txilardiak ditu gustuko. Basotutako eremuak saihesten dituen espeziea da, baina basoen etapa gazteetan aurkitzea nahiko arrunta da. Gizakiaren eskuhartzerik gabeko basotze prozesuan, lehenengo sastrakek hartzen dute eremua, eta azpitik etorriko diren zuhaitz ale gaztetxoak belarjaleetatik babesten dituzte beraien arantzekin. Gutxinaka, zuhaitz gazteak altura hartzen joango dira eta handitzen diren heinean, itzala sortzen hasiko dira. Momentu horretan hasiko dira sastrakak gutxitzen, eguzkizaleak baitira. Eta horrela, urteen poderioz, basoa sortuko da. Sastrakak gailentzen direneko aldi horretan ageri dira otatxoriak.

Gehienetan bikotea urtez urte mantentzen duen hegaztia da, eta urtean hiru txitaldi aurrera ateratzeko gai da. Habia lurrean egiten duenez, harrapariekiko babesa bilatzen du sastraken azpian. Emeak 2-7 arrautza artean erruten ditu eta bi astez inkubatzen ditu arraren laguntzarik gabe. Behin txitak jaiota, aldiz, bi gurasoek zaintzen dituzte hiru astez, txitak haien kabuz bizirauteko gai izan arte.

Otatxoria gaur egun ez dago arriskupean, hala ere, badaude kalte egiten diotenak: nekazaritzaren intentsifikazioarekin, esaterako, askotan sastrakadien eta zuhaixken deuseztatzea eta intsektiziden erabilera dator, eta otatxoriaren habitata zein elikagai iturria suntsitzen dituzte. Inguruen eta mendien basotzeak ere ez dio mesederik egiten, espezie honentzako habitat galera ekartzen baitu. Nahiz eta otatxoriaren populazioa egoera onean dagoen gurean, populazioak beherantz egin dezake etorkizunean, basotutako eremuen berreskuratze orokortuaren ondorioz.

Askotan sastrakadiak, otadiak, txilardiak… “txarrak” balira bezala hartzen dira. Baina horiek ere badute bere funtzioa ekosisteman, baita biodibertsitatean ere. Gaur egungo lurraldea basotzeko joera honetan, ez dezagun zentzua galdu, sastrakadiak ere gure ekosistemaren parte baitira.

Basoko begiak
Baso ertzean ari dira kaskabeltzak, lurrean, hazi batzuk jaten, lasai. Ez dira ohartu basoaren sakonetik begi batzuk begira dituztela, finko. Begiak hori-laranjak dira, begi niniaren... (+)
Ur azpiko ibiltaria
Erreka bazterrean “tit-tit-tit” entzun da. Hara! Hegazti bat doa ur-gora hegan, eta ur azal gainean dagoen arroka batean geratu da. Ezin da geldirik egon, tarteka... (+)
Kantari ergela
"Euskal lurreko txorietan dan txikitxoena da bera" zioen Pedro Mari Otañok, eta txikia bada, bai horixe! Baina zentimetro erdigatik ez da txikiena, Mikelete-txoria edo erregetxo... (+)
Udazken tronpetak
Zuhaitzen hostoak erortzen ari dira, eguzkiak ez du hainbeste berotzen baina azken izpiak aprobetxatuz, bazkalostean mendi bueltatxoa ematera irten gara. Mendiaren soinuetan barneratuta, bat- batean... (+)
Enborrik zulatzen ez duen okila
Euskal Herrian badugu inurrijale bat, baina ez da Ameriketan aurkitzen den ugaztun hori. Gurean hegazti bat da inurrijale amorratua dena, hainbeste gustatzen zaizkio inurriak ezen... (+)
gora