Asteroko buletina
Baratzezaintza terapia baino merkeagoa da, eta tomateak jasoko dituzu!

Bizitzaren garestitzeak ez du etenik: gora etxebizitza, gasolina eta elikagaien prezioak

Etxebizitzak duela urtebete baino %3 gehiago balio du EAEn eta %5,6 gehiago Nafarroan. Gasolina urtarriletik %24 garestiagoa da eta %10,4 diesela. Elikagaietan, nabarmentzekoa oliba olioa: ia hamar euroan dago litroa supermerkatuetan.


2023ko irailaren 08a

Bizitzaren garestitzeak ez du etenik: gora egiten jarraitzen dute egunerokoan beharrezkoak diren produktu eta baliabideek.

Etxebizitzak dira horren adibideetako bat. Espainiako Estatistika Institutuak ostegunean kaleratutako datuen arabera, 2023ko bigarren hiruhilekoan %1,5 garestitu dira etxebizitzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %1,1 Nafarroan. Duela urtebeteko prezioekin alderatuta, %3 gehiago balio dute etxebizitzek EAEn, eta %5,6 gehiago Nafarroan.

Indomio higiezinen agentziaren datuen arabera, abuztuan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 2.830 € balio zuen etxebizitza baten metro karratu bakoitzak, batez beste. Horrek esan nahi du 90 metro karratuko etxebizitza batek 254.700 euro balio duela. Nafarroan merkeagoa da, 1.532 euroan baitago metro karratua (90 metro karratura eramanda 137.700 euro); neurri bereko etxearen alokairua, berriz, 923 euroan legoke.

Donostia da bizitzeko hiribururik garestiena Euskal Herrian. 5.382 euroan dago metro karratua batez beste, hau da, 90 metro karratuko etxe batek 484.380 euro balioko luke. Alokairuen prezioa, berriz, 1.508 euroan legoke. Zarautz ez da atzean gelditzen: neurri horretako etxea 464.500 euroan legoke salgai, eta 1.281 euroan alokagai. Neurri bereko etxea erosteak Bilbon eta Getxon 300.000 eurotik gora balioko eta alokatzeak 1.200 eurotik gora. Gasteizen 237.700 euroan legoke salgai eta 1.063 euroan alokagai. Iruñea da Euskal Herriko hiriburu merkeena zentzu horretan; 90 metro karratuko etxea erosteak 219.000 euro balioko luke, eta 950 alokatzeak.

Gasolina, bederatzi astez jarraian gora

Gasolioaren eta gasolinaren prezioak izan dira azken hilabeteetan markarik handienak hautsi dituztenak. Iazko uztailean jo zuten goia prezioek Espainiako Estatuan: 2,141 eurora iritsi zen gasolina litroaren prezioa, eta 2,1 dieselarena. Uztailaz geroztik behera egin bazuen ere, goranzko joeran da berriz ere. Bederatzi aste daramatza etengabe garestitzen, eta uztailaren hasieratik gasolina %8,7 igo da, diesela %12,8 igo den bitartean.

Egungo prezioak kontuan hartuta, 55 litroko depositua betetzeak 95 euro balio du batez beste, duela urtebete baino 8,3 euro gehiago (20 zentimoko deskontua kontuan hartuta). Urtarrileko datuekin alderatuta, gasolina %24,4 garestiagoa da irailaren hasieran, eta %10,4 garestiagoa diesela.

Oliba olio litroa ia hamar euroan

Elikagaien oinarrizko saskiaren kostua ere gorantz doa. Janariak azken hilabeteetan izandako garestitzearen aurrean, Espainiako Gobernuak urte hasieran oinarrizko hainbat produkturi BEZ-a kendu zien supermerkatuetatik. Produktu horietako askoren prezioak aztertu ditu Facua kontsumitzaileen aldeko erakundeak; zortzi supermerkatu handitan BEZ-a kendu dioten elikagaiak hartu eta prezioan izan dituzten aldaketak behatu ditu.

Aztertutako produktuen ia erdia (%48,4) garestitu egin da. Urte hasierako legearen arabera, produktu horien prezioak ezin dituzte igo ez badira haien kostuak garestitzen. 471 produktutan atzeman du prezioen igoera Facuak, %30 fruta eta barazkietan, %20 oliba oliotan eta %13,4 arroz eta pastetan.

Asko garestitu den produktua da oliba olioa. Esaterako, Eroski supermerkatuetan Coosur Hojiblanca markako olioak urte hasieran 5,34 euro balio zuen eta abuztu bukaeran 9,99 euro, hau da %84ko igoera izan du. OCU kontsumitzaileen elkarteak egindako azterketaren arabera, uztaileko lehen hamabostalditik abuztu bukaerara %15,4 garestitu da oliba-olio birjina estra, batez beste 8,16 euro balio izatetik 9,42 balio izatera igaro baita.

 

Ekoedizioa: Nola murriztu liburuak sortzen duen kutsadura
Duela urtebete sortu dute Ekoedizioaren Institutua Katalunian, paperezko argitalpenek ingurumenean eragiten dituzten ondorioak gutxitzeko asmoarekin. Ekoedizioak bete beharko lituzkeen hamabi irizpide zehaztu ditu institutuak, eta... (+)
Itoiz azpiko herrien erresistentziak hogei urte bete ditu
Hogei urte igaro dira Itoizko urtegia eraikitzeko zazpi herri eraitsi eta urpean ito zituztenetik. Herritarrek eta herritarrak ez zirenek, ordea, ez zuten besterik gabe onartu... (+)
Ibilgailuen isurien mugak malgutu dituzte Europar Batasunean, automobilgintza industriari laguntzeko
Euro 7 araua, isuriak murriztea helburu duena, aurreikusitakoa baino beranduago sartuko da indarrean: ibilgailu arinen kasuan 2027an eta 2029an astunen kasuan. (+)
Urdaibaiko ibai bat gehiegi lehortzeagatik delitu ekologikorik izan ote den ikertuko dute
Eguzki talde ekologistak salatu zuen 2020an Mape ibaitik behar baino ur gehiago atera zutela, ur eskasiari aurre egiteko. Azpimarratu du ez dela gertatzen den lehen aldia... (+)
Artozkiko erresistentziak 20 urte
Itoizko urtegiaren azpian dagoen herrietako bat da Artozki (Nafarroa). 2003an hustu zuten beste sei herrirekin batera, urtegia egin behar zutelako, baina azken momentura arte defendatu... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora