Azatxoak azatuko dituk

Beloki: Han goitik hautsa ikusten da

Zumarragan badugu eraikin-multzo bat herriguneak besteko zabalera duena ia, Arcelor Mittal-en fabrika zaharra, industriak gurean izan duen garrantzia geroz eta urriagoaren erakusgarri. Hura itxi eta gutxira, 2021eko urrian, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiak adierazi zuen lursail horretan –Sprilur sozietateak erosia– hamabost enpresa eraikitzeko aukera egon zitekeela. Pasa dira bi urte, eta mahai-gainean den proiektu bakarra “plastikoaren ekonomia zirkularraren berrikuntza poloa” da, Udalean nagusi den PSE-EEren hitzetan.


2023ko abuztuaren 01a
Argixao aldetik ateratako argazkian, Zumarraga eta Urretxu udalerriak ikusten dira; lehen planoan ageri da Arcelorren fabrika, eta atzealdean "kresterioa" eta Beloki mendia. / Argazkia: Jon Torner Zabala
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Alegia, plastikoa birziklatzeko fabrika bat jarri nahi duela herriaren erdian Plastic Energy enpresak, nahiz eta, Tapiak azaldu duenez, ez dagoen inolako akordiorik sinatuta Gipuzkoako Diputazioarekin eta Zumarragako Udalarekin, garbiketa ederra behar duten lur horiek lagatzeko. Esaten ari zaizkigun moduan “ez da erraustegia”, argi gera dadila. Hortaz, norbaitek “Erraustegirik ez” dioten pankartak jarri eta ordu gutxiren buruan beste norbaitek kentzea zentzuzkoa dela guztiek ulertuko duzue.

“Ez da oso herri polita zuena”. Zenbatetan entzungo genuen gauza bera, eta hein batean sinetsi ere egin dugu itsusia dela, edo ez behintzat hurbilean dauzkagun Goierri, Urola edo Debagoienako udalerri batzuk bezain postalgarriak. Ez, guk ez dugu “Suitza txikia” goitizena merezi. Inguruan bada, ordea, merezi duen parajerik. Antioko ermitatik abiatuta adibidez zailtasun diferenteko ibilbide zirkular politak egin daitezke Izazpi (973 m), Samiño (933 m) eta Beloki (659 m) magal-tontorretan barna; edota Oletaraino, inguruko mendizaleen artean aski preziatua den “kresterio” edo “kordaletik”, zeina –hara, sorpresa!– parke eoliko baten egitasmoak mehatxatzen duen. Azken hori ibilbide erraz baina luzetxoa denez, zerbait arinagoa proposatuko dizuegu, umeekin egiteko egokia: Antioko interpretazio zentroa eta taberna-jatetxea biltzen dituen eraikinetik Belokiko gurutzera, eta buelta atzera.

Bi ordutan aise egin daitekeen txangoan zehar, ezker-eskuin begiratuta ikusiko ditugu Txindoki, Aratz, Aizkorri, Irimo, Izazpi... Eta beheraxeago... ez, hor ez, horiek –sorpresa berriz ere!– Antzuola-Ezkio zatiko AHTren obrak dira; eta horiek Itsaso-Gueñes tentsio handiko linea berriaren dorreak; apur bat honantzago... bai, hura da Arcelor Mittalen fabrika. UZ Bizi! plataformak dioen gisan, "aire garbia" arnastu nahi dute bizilagunek, inguruko mendietan bezala herri erdian ere bai.

 

FITXA TEKNIKOA

Non
Zumarraga (Gipuzkoa)

Nola iritsi
Antiora heltzeko, Zumarragako herrigunetik gora doan errepidea hartu behar da (2,5 km inguruko igoera).

Informazioa
Zumarraga.eus webgunean hainbat mendi-ibilbideren gaineko datuak topatuko dituzue. Tartean dira Belokiko ibilbide paisajistikoa, Oletako monumentu megalitikoak eta Hiru Tenpluen Ibilbidea.

 

[Artikulu hau ARGIAren Aktualitatearen Gakoak 2023 100 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. ARGIA Jendeak paperean edo PDFan jasoko du, bakoitzak hautatu duen gisan. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta plazer handiz bidaliko dizugu! Gainerakoek, Azokan eros dezakezue]

Artzain eta sukaldariak eskutik, Ja(ki)tea elkartearen liburu berrian
2025-05-27 | Jon Torner Zabala
2009an sortua, euskal sukaldaritza tradizionala sustatzea du helburu Ja(ki)tea elkarteak, abeltzain, laborari edota arrantzaleen jarduna nabarmentzearekin bat. Hamaika modura egin dakieke aitortza, eta oraingoan liburu... (+)
Otso edo hartz, abeltzaintzarekin duten elkarbizitza eztabaida-iturri da
2024-12-17 | Jon Torner Zabala
Urriaren 19an, Xiberoko Batzorde Sindikalak bozketa egin eta adostu zuen lurraldea "babesteko zaila den eremu gisa" (ZBD) izendatzeko eskaera abiatzea, otsoaren "arriskuari" aurre egitea helburu.... (+)
Ipar eta hego, mendeetako tradizioa txapel beraren pean
2024-12-15 | Jon Torner Zabala
Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak erronka ezarria dio bere buruari: Euskal Herri osoko sagar eta sagardogileak biltzea. “Sagardoaren kultura lurralde osoan dago, eta lurralde osoan mantendu... (+)
Mendietxe irekita, euskal mendizaletasunaren museoa zertan da?
2024-11-06 | Jon Torner Zabala
Mendietxe museoak zabaldu ditu ateak, irakurri dugu Berria-n. Eta boteprontoan pentsatu, "hau izango al da EMMOA Euskal Mendizaletasunaren Museoa fundazioak ireki nahi zuen museoa?". Ramon... (+)
Hormigoiak lurzorua inpermeabilizatzen duenean
2024-11-04 | Jon Torner Zabala
Ugariak dira Dana denboraleak Valentzian eragin duen hondamendiaz egin diren irakurketak. Beste faktore batzuen artean, gizakiak naturari ebatsitako eremuez luze mintzo dira hedabideak, ibai eta... (+)
gora