Asteroko buletina
Azaburua: barazki aski ezaguna, gizonaren burua adinakoa eta hura bezain zentzuduna

Otso edo hartz, abeltzaintzarekin duten elkarbizitza eztabaida-iturri da

Urriaren 19an, Xiberoko Batzorde Sindikalak bozketa egin eta adostu zuen lurraldea "babesteko zaila den eremu gisa" (ZBD) izendatzeko eskaera abiatzea, otsoaren "arriskuari" aurre egitea helburu. Artaldeei eraso egin ez badie ere, artzainek otsoari tiro egiteko baimena jaso dezakete.


2024ko abenduaren 17a
EBk otsoaren babesa murrizteko pausoa eman ondotik, bateko eta besteko erreakzioak ugaritu dira.

Erabakia 2018an hasitako hausnarketaren fruitua dela eta "laborantza alorreko aktoreak, tokiko elkargoak eta estatuaren ordezkariak biltzen dituen kolektibo batekin adostuta izan dela" azaldu du Batzorde Sindikalak, Mediabask-ek frantsesez eta ostean Kazeta.eus-ek euskaraz plazaratutako Félix Thommen-en erreportajean irakurri daitekeenez. "Larreak kudeatzen dituen batzordeak eta bere lehendakariak –Jacques Barreixek– zuhur jokatzen dute, jakinik Xiberoan, beste leku batzuetan bezala, otsoaren gaia sentibera dela", dio kazetariak, "are gehiago, tiro egiteko baimenak zabaltzea jokoan delarik".

Frantziako Estatuan araudia "biziki zorrotza" da. Artzainek haien artaldea babestu behar dute hesi elektrikoak, txakurrak eta zaintza indartua erabiliz. Baldintza horiek betetzen badira, eta erasoak errepikatzen badira, salbuespen neurri bezala, "defentsa tiro sinpleak" egiteko baimena eskuratu dezakete. Alta, ZBD izendapena duten lurraldeetan babes neurriak ezarri gabe eta artaldeei eraso egin gabe ere, abeltzainek otsoari tiro egiteko baimena eskuratu dezakete.

"Ardien gainean babes neurriak ezartzea ezinezkoa" dela argudiatu du Xiberoko Batzorde Sindikalak, otsoek egindako erasoak aipatuta.

"Ez da hori arauak zuen asmoa"

Félix Thommen kazetariak Patrick Leyrissoux-en hitzak ere jaso ditu erreportajean. Ferus elkarteak Pirinioetan duen ordezkaria da bera. Badira 20 urte bere elkarteak lan egiten duela harrapari handiek eta etxeko artaldeek lurraldea partekatu dezaten.

Zuberoarrek egindako eskaerari dagokionez, azaldu du geroz eta lurralde gehiagok nahi duela ZDP izendapena lortu: "Gaur egungo joera da eskualde bakoitzak eskatzen duela izendapena, eta hori aski errezki lortzen dela. Iritsi gaitezke egoera batera zeinean bakoitzak ZDP bat eskatuko duen, dagokion lurraldean espeziea desagerrarazteko xedez". Bere hitzetan, hori ez zen salbuespenak emateko legegileak zuen asmoa, "helburua zelako arrazoi teknikoengatik haien burua babestu ezin zuten abeltzainei kalte-ordainak bideratzea".

Bilbon, otsoaren egoeraz hitzaldia

Ostegunean, hilak 19, otsoaren egoeraz hitzaldia eskainiko du Andrés Illanak, Ekologistak Martxan-eko eta Euskadiko Otso Taldeko kideak, Bilboko Ekoetxean (19:00etan).

Europar Batasunak otsoaren babesa murrizteko pausoa eman izanak "ingurumen-politikekiko konfiantza ahultzen" duela adierazi du hitzaldia antolatu duen Ekologistak Martxan taldeak. Gaineratu du "aurrekari arriskutsua" dela, Espainiako Estatuko eta autonomia-erkidegoetako araudietan "atzera egiteko atea irekitzen duelako". Nahiz eta, estatuaren kasuan, "erabaki horrek ez duen berehalako aldaketarik eragiten", otsoa espezie babestu gisa onartua dagoelako, eta Babes Bereziko Erregimeneko Espezieen Zerrendan 2021etik.

Aldiz, gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak otsoa zerrenda horretatik kanpo uzteko eskatu duela. "Eskaera hori Amaia Barredo sailburuak sustatu du, eta ekosistementzat funtsezkoa den espezie bat babesteko atzerapausoa da", salatu du Ekologistan Martxan taldeak. "Gainera, agerian uzten ditu biodibertsitatearen arloan estatuak eta autonomia-erkidegoek hartutako konpromisoen arteko inkoherentzia politikoak eta kontraesanak. Eusko Jaurlaritzaren eskaera bereziki kontraesankorra da, gaur egun Otsoaren Kudeaketa Plan bat lantzen ari baita, zeinak helburutzat duen espeziearen kontserbazio-egoera ona lortzea".

Erronkarin, hartzari begira

Nafarroako Landa Garapen eta Ingurumen kontseilari José Mari Aierdi Erronkarin izan da astelehenean, inguruko abeltzainekin eta Ibarreko Batzarrarekin aztertzeko hartzak abeltzaintza estentsiboarekin duen harremana, besteak beste. Haien eskaerak babesteko konpromisoa azaldu du kontseilariak, zehazki abeltzaintza estentsiboa aipatuta.

"Ezin dugu esan hartzaren presentziaren eta jarduera tradizionalen arteko koexistentzia baketsua gertatzen denik", esan du Aierdik. "Gatazka bat dago, eta, horren aurrean, gai izan behar dugu behar diren babes- eta konpentsazio-neurriak hartzeko". Gaineratu du arazoaren konponbidea ezin dela bertako herritarren eta abeltzainen bizkar utzi. Aitzitik, "gizarte osoak" hartu behar du bere gain. Haren hitzetan, abeltzaintza estentsiboa ezinbestekoa da landa-eremuko habitatak eta jarduera ekonomikoa mantentzeko eta kontserbatzeko; baina azpimarratu du "oreka" aurkitu beharko dela, hartzaren kontserbazioa bateragarria izan dadin abeltzaintza estentsiboarekin eta landa-eremuetako –bereziki Pirinioetako– jarduera ekonomikoarekin.

Nafarroako Gobernuak 2025ean hartuko dituen neurrien artean dago, bestalde, hartzak egon daitezkeen goi-mendietako ZLN muga naturalak dituzten guneetan konpentsazio ekonomikoak handitzea. Zonalde horiek "Goi Mendia Plus" izena hartuko dute; gaur egun, Garde, Erronkari, Urzainki, Izaba, Uztarrotz eta Otsagabia udalerriek osatzen dute.

Ipar eta hego, mendeetako tradizioa txapel beraren pean
2024-12-15 | Jon Torner Zabala
Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak erronka ezarria dio bere buruari: Euskal Herri osoko sagar eta sagardogileak biltzea. “Sagardoaren kultura lurralde osoan dago, eta lurralde osoan mantendu... (+)
Mendietxe irekita, euskal mendizaletasunaren museoa zertan da?
2024-11-06 | Jon Torner Zabala
Mendietxe museoak zabaldu ditu ateak, irakurri dugu Berria-n. Eta boteprontoan pentsatu, "hau izango al da EMMOA Euskal Mendizaletasunaren Museoa fundazioak ireki nahi zuen museoa?". Ramon... (+)
Hormigoiak lurzorua inpermeabilizatzen duenean
2024-11-04 | Jon Torner Zabala
Ugariak dira Dana denboraleak Valentzian eragin duen hondamendiaz egin diren irakurketak. Beste faktore batzuen artean, gizakiak naturari ebatsitako eremuez luze mintzo dira hedabideak, ibai eta... (+)
Ehunka ekologistak Total petrolio-enpresaren fabrika blokeatu dute Belgikan
2024-10-29 | Jon Torner Zabala
Code Rouge mugimenduko ekintzaileek hainbatetan salatu dutenez, irabazi geroz eta handiagoak lortzearren Total Energies enpresak ingurumena kutsatu eta lekuko komunitateak kaltetzen ditu. Horregatik blokeatu dute... (+)
Zubietako erraustegiaren "ezohiko" jarduera onartu du Jaurlaritzak
2024-10-15 | Jon Torner Zabala
Hondakinak tratatzeko Artaxoako plantara Zubietako erraustegitik milaka tona lixibiatu modu ilegalean eraman izanaz galdetu dio EH Bilduko parlamentari Mikel Oterok, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora