Astelehenero 8:00etan zure epostan
Baso ertzean ari dira kaskabeltzak, lurrean, hazi batzuk jaten, lasai. Ez dira ohartu basoaren sakonetik begi batzuk begira dituztela, finko. Begiak hori-laranjak dira, begi niniaren kolore beltzarekin kontrastatuz eta begi ingurua ere horia dute. Adar batean dago harraparia, baina hegan hasi da, hanka luzeekin adarra bultzatu eta izugarrizko azelerazioa lortuta. Lurzorutik oso gertu doa hegan, bere hego biribilei esker basoko zuhaitz eta adar guztiak trebeziaz ekidinez, horien arteko gune txikietan zehar ere hegan pasatuz. Eta "pam", kaskabeltza ezustean harrapatu du.
Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.
TALDEA: Ornoduna / Hegaztia.
NEURRIA: Mokotik-isatsera: 28-37 cm. Hego-luzera: 60-77 cm.
NON BIZI DA? Basoetan.
ZER JATEN DU? Hegaztiak.
BABES MAILA: Europa mailan babestuta dago.
Euskal Herrian ezaguna den harrapari hau izen bitxi zein ugariz ezagutzen da: belatx, esparber, harrapante, kaballera, kabidade, oilojale edo txorijale. Azken bi hauek azaltzen duten bezala, hegazti jalea da harrapari hau: txori handixeagoak ere jaten dituen arren, txori txikiak ehizatu ohi ditu gabirai arruntak (Accipiter nisus). Nahiko hegazti isila da, baina batzuetan “kiukiukiukiukiu” azkar bat egiten du.
Itxura arina eta mehea du, basoan zehar arin hegan egiten laguntzen diona. Kolore zuri-beltz marratuak ditu bularrean, eta arrak marrak gorriztak ditu. Bi sexuek kolore ezberdin samarrak dituzte, arrek bizkarralde gris urdinxka dute eta emeek, aldiz, gris arrexkak. Bi sexuen artean desberdintasunak daudenean, espezieak "dimorfismo sexuala" duela esaten da. Pisu eta tamainaz, normalean arrak izaten dira handienak eta pisutsuenak. Baina hegazti harraparietan, gabiraia barne, "alderantzizkako dimorfismo sexuala" ematen da: emeak dira handienak eta pisutsuenak. Gabiraietan esaterako, eme eta arren arteko ezberdintasuna oso nabaria da. Pisuan adibidez, arrek 105 eta 196 gramo bitartean izaten dituzte; emeak, aldiz, arinenak 158 gramo eta pisutsuenak 360 gramo izatera heldu daitezke. Eme handi batek, ar txiki baten hirukoitza pisatu dezake.
Basoari oso loturik dagoen espeziea da gabiraia eta basoa heldua bada, hobe. Basoan egiten du habia; ehizarako, aldiz, gune irekiak eta hesi-biziak ere gustuko ditu. Gabirai dentsitate handienak dituzten eremuak kantauriar landazabalak dira, non pinu sailez gain, Quercus generoko baso helduak eta heldu xamarrak, txilardiak eta larreak eta mendi-larreak aurki daitezkeen, paseriforme ugari izaten dituztenak. Eukaliptoak nagusi diren eremuetan, ordea, izugarri gutxitzen da espeziea.
Espezieak ez du mehatxu handirik momentu honetan: basotutako eremuen igoera, printzipioz, espeziearentzako onuragarria suertatu daiteke. Hala ere, kontutan izan behar da basoen adina eta egitura ezaugarri kritikoak direla gabiraiarentzako, ez baititu atsegin baso gazteak. Hau dela eta, hauek dira espezieak pairatu ditzakeen mehatxuetariko batzuk: arraseko mozketak behar baino lehenago egiteak eta baso landaketa monoespezifikoek eragindako habitataren sinplifikazioak. Pinudiak ere gustuko ditu, baina horiek helduak direnean soilik. Pinudiak helduak direnean, arraseko mozketa bidez mozten dira eta gabiraia bakarrik ez, beste espezie askoren bizilekuak modu oso bortitzean desagerrarazten dira, eta horrek biodibertsitatea kaltetzen du. Krisi klimatiko honetan gure ekosistemak eta biodibertsitatea babestu nahi baldin baditugu, basoa kudeatzeko era aldatzeko beharra nabaria da, arraseko mozketak ekiditen dituen eta funtzio ekosistemikoak babesten dituen baso kudeaketa baterantz.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545