Sasoi guztietan behatzaile izaten saiatu. Baratzeak zuri erakusteko zerbait berria eta zoragarria du egunero

Baratzean hasiberrientzako ipuina

Ekin iezaiozu baratzeari. Aspaldi buruan hara-hona darabilzun asmo hori mamitzeko sasoi ezin hobea da hau. Bidea jorratzeari ekiteko xedeak erein, intentzioak zehar landatu, deseinuak aldatu, helburuei makilak jarri, Proposituen loreak polinizatu eta ideien uzta bildu. Erraz esaten da.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2023ko maiatzaren 08a
Argazkia: Madrilgo Udala CC-BY- 4.0
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Hasiberriarentzako jakingai txiki batzuen ipuina. Azenarioak (Daucus carota subsp. sativus) tipula (Allium cepa var. cepa) maite du; baita uraza (Lactuca sativa) ere, eta tomatea (Lycopersycon esculentum) eta piperra (Capsicum annuum) eta errukula (Diplotaxis tenuifolia) eta porrua (Allium porrun) eta baratxuria (Allium sativum) eta… Maitalez inguratua bizi da azenarioa baratzean; ia landare guztien bekaizgoa puzten du, eta berak badaki. Eta gero hil eta jango duzula jakinagatik ere, maitalez inguratutako azenariotxoak bezala azenariotzarrak zu ere bekaizkeriak erretzen zaituela badaki, ondo jakin ere. Maitaleez gain beste desio batzuk ere baditu azenarioak. Ur-asetutako lurrak eta harriak ez ditu ikusi ere egin nahi; buztin lurrari bizkarra ematen dio, baita patatari (Solanum tuberosum), erremolatxari (Beta vulgaris subsp. conditiva), apioari (Apium graveolens var. dulce) eta artoari ere. Bihozberatzen dute simaur zaharrak, kareak eta errautsak; loa kentzeraino urtzen dute mausarrak eta hondarrak.  

Azak (Brassica oleracea var. capitata) ez du maite arbia (Brassica rapa subsp. rapa), ezta artoa (Zea mays), ezta errukula, ezta mihilua (Foeniculum vulgare), ezta kuiatxoa (Cucurbita pepo var. pepo), ezta errefaua (Raphanus sativus), ezta marrubia (Fragaria ananassa) ere. Baina nork ez du maite marrubia? Izan ere, aza amandrea dozenan hamahiruko horietakoa da, handia…

Porrua bai, porrua marrubiarekin txoratzen da. Bien usainak izan daitezke, edo koloreak edo… Bada horien artean zerbait, gainontzeko baratzekideek ulertzen ez dutena.

Ilarrak (Pisum sativum) ez du ura maite, ezta beroa ere. Lehor eta fresko antzeko negu amaierarekin eta udaberriekin, biekin maitemintzen da, urtero.  

Babarrunak (Phaseolus vulgaris) zale ugari du: maitatzaile, maitale, amorante eta jostalagunetik nahi adina, azenarioari begi-bazterraz begiratzeko lain. Bestelakoak ere baditu ordea, Allium leinu zaharreko gure hirukote maiteenak, adibidez: porrua, tipula eta baratxuria. Lauen zale amorratuak diren errefauak eta urazak ehunka urtetan elkar hurbiltze aldera direnak eta ez direnak saiatu eta eginagatik ezin izan dute babarruna eta Alliumtarren adiskidetasun itunik sinatu. 

Erremolatxa, bere gorritasunean, banakoa da, bitxia: ez zaio ba gatza gustatzen! Itsasokoa bai, gatz arrunta. Eman lurrari metro koadroko 15 bat gramo. Aho sabaian igarriko diozu, gorri horri!

Denak ez ditugu lagun
2026-03-02 | Jakoba Errekondo
Udaberria badoa. Lotsagabe xamarra dela pentsa dezakezu; izan ere, egiten diogun kasu eskasagatik, aspaldi erabaki zuen ez gintuela gehiago agurtuko, ez etortzen denean, ezta alde... (+)
Negu on igaro
2026-02-23 | Jakoba Errekondo
Aurten hotz pixka bat badugu, bejondeigula. Negurako jasotako jakiak gozatzeko eguraldi aproposa. Gaur egun izozkailua eta hozkailua ditugu horretarako erreginak, baina garai batean barazkiak, fruituak,... (+)
Inausketa eta orbaintzeko pasta
2026-02-16 | Jakoba Errekondo
Epaila badator eta zuhaitzen eta arbolen epaiketak, inausketak edo kimaketak egiteko sasoia da. (+)
Bakoitzak bere habia
2026-02-09 | Jakoba Errekondo
Zetazko habiak nabarmenak dira orain, prozesionaria edo pinu-beldarrarenak (Thaumetopoea pityocampa). Sortzen hasi zirenean aurrea hartu ez bazitzaien, behintzat. (+)
Azenario koloreko mutila
2026-01-26 | Jakoba Errekondo
Seko jakineza naiz, eta ez naiz modaz ariko. Koloreez bai, ordea. Kolore batzuk nola haizearen alde jarri eta denon aurrean boladan sartzen diren. Azenarioarena kasu... (+)
gora