Astelehenero 8:00etan zure epostan
Berotze globalaren ondorio nagusietakoa izotz geruzaren desagertzea da. Etengabe ari da txikitzen, tantaz tanta, geroz eta azkarrago. Glaziarrak hain bizkor ez urtzeko esperantzarekin, soluzio bila ari dira Suitzan, eta proba egin dute: beroak datozenerako izotza artilearekin estaltzea.
Tsanfleuron glaziarean artilez estalitako bi izotz blokeak ageri dira pasa den abuztuan ateratako argazki honetan. Oihalei eusteko maltazko zakuak baliatu dituzte, hartxintxarrez beteak.ZIMY DA KID / SUMMIT FOUNDATION
Suitzan, beste hainbat herrialdetan bezalaxe, tenperaturak igotzean plastiko olanekin estali ohi dituzte glaziarrak, eguzki izpiak islatu eta izotzak hainbeste bero xurgatu ez dezan. Baina urtetik urtera erregistratzen dira tenperatura geroz eta altuagoak, eta beroak goizago heltzen dira, gainera. Elurra lehenago hasten da urtzen. Eta bizkorrago.
Suitzan, moztutako artile guztiaren zati handi bat (%40-70 artean) alferrik galtzen da urtero-urtero, ardiak hazten direlako larreak txukun mantentzeko eta bereziki haien haragi eta esnea preziatuak direlako.
Horiek buruan, ikertzaile talde batek proba egin du Tsanfleuron glaziarrean: haren zati bat artilezko oihalekin estali du, izotzaren urtzea zein neurritan geratzen lagun dezakeen egiaztatzeko. Plastikoa baino alternatiba ekologikoagoa da, eta emaitzak uste baino hobeak izan dira, gainera. Hala ere, zientzialariek ohartarazi dute: izotzaren urtzea moteltzeko neurri zorrotzagoak hartu beharko dira.
Keep it wool izena jarri diote proiektuari, wool (artilea) eta cool (hotz) hitzen arteko jolas moduan. Ideia bururatu zitzaion Nathalie Dietschy arte irakasleari, Suitzako Vevey hirian iaz egindako Glaciers Under Cover argazki erakusketa ikusgarrian. Haren proposamenari Summit Foundation erakundeak eta Lausanako Unibertsitateak heldu diote, Timothee Steiner zientzialaria zuzendari dela. Egitasmoaren sustatzaileek Reuters agentziari azaldu diote gaur egun baliatzen diren polipropileno edo poliester oihalek mikroplastikoak askatzen dituztela, haizeen eta eurien eraginagatik. Partikula horiek elurra, izotza eta mendietatik jaisten den ura kutsatzen dituzte, eta elikagai-katean amai dezakete.
Zientzialariek ez zuten uste artileak oihal sintetikoek bezain ongi eutsiko ziola izotzaren urtzeari. Dena den, ondorio irmoak atera baino lehen proba gehiago egin behar dela diote.
Tsanfleuron glaziarea Suitza mendebaldean dago; zatirik handiena eski estazio baten parte da, eta hura ustiatzen duen enpresaren izenarekin da ezagunagoa: Glacier 3.000. Han egin dute artilearekin proba, eta ikertzaileek adierazi dute izotzaren urtzea %50 geratzea lortu dutela, estali gabeko guneekin alderatuta. Material sintetikodun estalkiek antzeko emaitzak ematen dituzte.
Pasa den ekainaren 22an lodiera desberdineko 10x10 metroko bi oihal jarri zituzten aipatu eremuan, 400 ardi ingururi moztutako 200 metro koadro artile orotara. Alboan, material sintetikoz egindako neurri bereko estalkiak zabaldu zituzten, batzuen eta besteen emaitzak alderatzeko. Bizpahiru hilabetera ohartu ziren haien aurreikuspenak gaindituak zirela; ez zuten uste artileak material sintetikoek bezain ongi eutsiko zionik izotzaren urtzeari. Dena den, ikerlariek ohartarazi dute ondorio irmoak atera baino lehen jasotako datuak sakon aztertu behar direla, eta proba gehiago egin.
Hainbat eski estaziotan, Glaciar 3.000 suitzarrean kasu, urteak dira snow farming edo elurraren hazkuntza teknika baliatzen dutela, urtzearen ondorioei aurre egiteko. Hilabeterik epelenak heltzean, eski denboraldia amaituta, elurra han-hemenka pilatu eta material isolatzaileekin estaltzen dute, neguan berriro baliatu ahal izateko. Horri esker elur masaren %70-80 mantentzea lor daiteke, eta eguraldia lagun ez badute ere, eski estazioek pista batzuk ireki ditzakete, elur artifizial gehitxo sortu beharrik gabe. Ur eta energia kontsumoa murrizten da horrela.
Keep it wool proiektuaren sustatzaileek argi dute elur haztegiak eta artilezko estalkiak ez direla berotze globalarentzako soluzioa. Eta sintetikoak ere ez. Epe luzera begira, glaziarren desagerpena geratzeko modu eraginkorrena –eta bakarra– da erregai fosilek eragindako gasen emisioa murriztea. Gaur gaurkoz, zuntz sintetikoz osatutako oihalekin Suitzako glaziarren %0,02 besterik ez da estaltzen. Gutxi gora-behera, urtean 300.000 metro kubo inguru kontserbatzen da teknika horri esker. Zifra txikia da, kontuan hartuta 1.000 milioi metro kubo elur urtzen dela urtean, Steinerrek azaldu duenez: “Haien gainean oihalak jarrita glaziarrak salba ditzakegula pentsatzea, etengabe hazten den zauria bendatxo batekin estaltzea bezala da”.
Eta, zauria, etengabe ari da hazten. Azken bi hamarkadetan Suitzako glaziarrek euren masaren %40 galdu dute, eta mila inguru glaziar txiki desagertu egin dira. Izotz geruzaren txikitzeak bioaniztasunari eragiten dio, planetako ur gezaren %60 inguru gorde-ematen dutelako, ur-emariak erregulatzen dituztelako –neguan pilatutako elurra garai lehorrenetan urtu egiten da–, erreketara ura daramatelako –laborantzan erabiltzeko, adibidez–, eguzki izpiak espaziorantz islatuta tenperatura globala egonkor mantentzen eta planetaren berotzea leuntzen laguntzen dutelako, edota muturreko hotzetara egokitutako animalia eta landareen bizitokiak direlako. Mendi-kirolei lotutako turismoa erakartzen dute, gainera.
Andeetako komunitate batzuek sakratutzat dituzte glaziarrak. Oso garrantzitsuak dira euren biziraupenerako eta, zoritxarrez, paraje horietan ere abiadura bizian doaz urtzen. 1990-2020 artean, esaterako, zabaleraren %35 baino gehiago galdu zuten. Glaziarren atzerakadak eta permafrost lurzoruaren urtzeak zaurgarriago egiten ditu herri batzuk, zenbait fenomenoren aurrean babesgabe. Urmaelek gain hartzen dute, elur eta lur-jausiak gertatu. Tartean behin telebistan ikusiko ditugu horrelakoak, zientzia fikziozko pelikulak bailiran, gure errealitateaz gaindi filmatuak. Glaziarrak, baina, funtsezkoak dira komunitate batzuentzat. Haien desagertzeak bioaniztasunari eragiten dio, lurraren egonkortasunari, ur edangarri nahikoa izateari, laborantzari.
Are, glaziar batek atzera egiten duenean herrialdeen arteko mugak alda daitezke. Alpeetan bertan gertatu da: Italian eraikitako Guide del Cervino mendi-aterpea, teknikoki Suitzan dago orain. Kuriosoa da historia: Theodul glaziarraren ur-emariak markatzen du bi herrialdeen arteko muga. Urteetan aterpea Italian egon da, baina glaziarra txikitu egin da, eta haren ur-emariak hegoalderantz egin du, aterperantz, eraikinaren azpitik igarotzeraino. Orain, gela gehienak ur-emariaren iparraldera daude, Suitzan. Bitxikeria bat izanik ere, glaziarren desagertzeak ekar ditzakeen ondorio ezezagunagoen erakusgarri da. Antza, Suitzak eta Italiak lortu dute adostasun batera heltzea, Alpeetan mugak nola birdefinitu, eta hango jarduerak eta esku-hartzeak nork kudeatu (eski estazioak, mendizaleen erreskateak...). Baina, munduan badira glaziarrek markatutako muga gehiago, gatazka-iturri bilaka daitezkeenak. India, Pakistan, Txina... Izotzaren urtzeak sua piztu lezake zonalde batzuetan.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545