Astelehenero 8:00etan zure epostan
Ez da ohikoa izaten ekaina bukaerarako bailara atlantikoetako zelaiak lehortuta eta aletuta ikustea. Azken hilabeteko beroak zein euririk ezak kostaldeko larreak horitu ditu, eta gure ohiko paisaia aldatu du. Aurretik ere gertatua izango zen, baina nik ez dut horren oroitzapenik gorde.
Gauzak horrela, beroa azken hilabeteko hizketagai nagusi bihurtu den arren, gutxi hitz egin da uraz. Agian, gure bizimodu urbanoan ura txorrota irekitzearekin lotzen dugulako eta betirako izango dugula pentsatzen dugulako. Naturatik aldendu gara eta ez dugu gure aurrekoek zuten moduan lehengo iturri, iturburu eta putzuekin harremanik.
Egoera horren arrazoietako bat izan da Bizkaiko herri gehienek biztanleen ur horniduraren ardura ur partzuergoaren eskuetan uztea. Horrela, Bizkaiko etxeetan banatzen den ura Arabako urtegietatik iristen da, eta ondorioz, uraren kudeaketa herritarrengatik urrundu da eta herri gehienek bere iturburuak zaintzeari utzi diote.
Funtsezkoa izango da herriko iturburu eta iturriak ezagutu eta zaintzea, eta administrazioetatik uraren xahuketa murrizteko aukerak bultzatzea
Baserri eta borda askok beren inguruko iturburuetatik biltzen dute behar duten ura. Haiek arduratzen dira ur biltze eta banatze instalazioak egiteaz, iturburuak mantendu eta zaintzeaz. Azken hilabeteotan mintzagai izan da uraren erabilera zerga jarri diela URA agentziak baina zerga horrek ez diela baserritarrei instalazioak berritzeko eta mantentzeko laguntzarik ekarri.
Etxeetan ere badira uraren xahuketa murrizteko iturgintza teknikak: hala nola arraskako ur grisak komunetan berrerabiltzea, edo filtratzea eta ureztaketarako zein kaleen garbiketarako baliatzea. Ur eskasia nabaritu duten Mediterraneoko lurraldeetan, etxe berrietako eraikuntza askotan egiten ari dira.
Industrian ere ur asko erabiltzen da garbiketan, hozte zein fabrikazio prozesuetan. Hor ere badira euri urak jaso eta enpresetako funtzio batzuetan erabiltzeko aukerak.
Lorezaintzan, berriz, badira ur gutxiago behar duten belar zein lore espezieak baliatuta lorategi diseinuak egiten dituztenak.
Ez dakigu etorkizuna nola etorriko den, ez eta aroa nola aldatuko den ere. Nolanahi ere, garrantzizkoa izango da uraren bizkar ez bizitzea eta gure inguruarekin loturak berreraikitzea. Funtsezkoa izango da herriko iturburu eta iturriak ezagutu eta zaintzea, eta administrazioetatik etxe, industria zein lorategietan uraren xahuketa murrizteko aukerak bultzatzea.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545