Nahiz ilzahar, nahiz ilberri, emaiozu hazia eguraldi onari

Bertoko frutarbolak


2025eko urriaren 29a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Urtarriletik martxora bitarte luzatzen da frutarbolak lurrean landatzeko aroa. Landaketa egin aurretik, ordea, udazkena da mintegikoekin mintzatu, katalogoak aztertu eta eskariak egiteko garaia. Planifikazio hori are garrantzitsuagoa da bertako fruta barietateak landatu nahi dituzten etxeetan. Izan ere, aspaldiko fruta barietateak birsortzen dituzten mintegiak gutxi direnez, azkar bukatzen da urteko landare ekoizpena. Beraz, zenbat eta beranduago eskatu, orduan eta zailagoa izaten da aukeratutako barietateak lortzea.

Hiri inguruan eskuragarrien diren frutarbolak mintegi handietatik ekarritakoak eta supermerkatuetan ezagunen diren frutenak dira: hala nola Fuji, Gala, Granny, Golden edo Reinetak sagarretan; Ercolini, Conferencia eta Blanquilla madarietan; Burlat eta Pikota gerezietan, eta abar.

Aitzitik, eraldaketa urbanistiko handirik gabeko herrietako bide eta soroetan gure aurrekoek txertatu eta landaturiko fruta zuhaitzak ikusiko ditugu erraz. Ematen duen frutaren barietatea ez da dendetan topatzen, ez zaio publizitaterik egiten. Horregatik, gehienetan ez dakigu zein den bere izena, ez eta nondik iritsi zen ere. Balorizazio eskas horren ondorioz, belaunaldi berrietan zabaldua da zuhaitz zaharrak moztu eta frutarbol komertzialak jartzeko tentazioa.

Balorizazio eskasaren ondorioz, belaunaldi berrietan zabaldua da zuhaitz zaharrak moztu eta frutarbol komertzialak jartzeko tentazioa

Lehengo fruta zuhaitzen aniztasuna, ordea, dendan topatzen diren hamar barietaterena baino askoz zabalagoa da, eta horrek egiten ditu interesgarri norbere helburuetara egokitutako zuhaitz motak topatzeko.

Altuagoak direnez, erabilgarri izan daitezke azpian animaliak ibiliko diren sailetarako, erabili daitezke hirietako lorategietarako, modan jartzen ari diren baso jangarrietarako, eskola inguru zein norbere etxerako.

Gurean, bada industria eta autobide handien erdian irauten duen baso txiki bat. Bertan egiten dugu etxerako su egurra, hortik atera ditugu etxerako habe eta zutabeak, eta bertan landatu ditugu basoko muga zein zabalguneetan egokitu daitezkeen arbola berriak, egur zein frutarakoak. Horretarako, ohikoak baino altuagoak diren frutarbolak bilatu ditugu, zenbait gaixotasuni erresistenteago direnak, bizi luzeagoa dutenak edo egokituago daudenak. Gure etxekoentzat plazera da barietateak ezagutzea, landatzea, paseatzea, txori-intsektuak ikustea eta tokia zaintzea.

Zuhaitz horiek iraun dezaten, beharrezkoa da horien zaintzan eta mantenuan dabiltzan elkarteak laguntzea, eta interesgarri zaizkigun zuhaitzei erabilgarritasuna bilatzea. Horrek egingo baitu bideragarri Euskal Herrian bertoko frutarbolak sortuko dituzten mintegiak izatea, horretan aritu nahi duten nekazariak bizitzea, eta jendeari arbolak eskuragarri egitea. Ezagutu, maitatu eta gozatu ditzagun gehiago.

Portugaleten ardiak lorezain
2025-07-06 | Kimetz Arana Butroe
Portugaletera bazoazte, autobidea utzi eta hiriko sarrerako bi erreiko bide bazterrean 40 ardiko artaldea ikusiko duzue agian. Makilarekin zaindari dute alboan artzaina, iluntzetan itxituran sartu... (+)
Ardi moztaileak
2024-12-15 | Kimetz Arana Butroe
Uharteko artzain egunean azaldu zuten Euskal Herriak nazioarteko ardi mozketa txapelketatan aritzeko onarpena lortu duela. Ofizialtasuna Eskoziako 2023ko munduko txapelketan etorri zen, euskal moztaileek aurkeztutako... (+)
Baserritarren oporrak
2024-09-15 | Kimetz Arana Butroe
Baserritarrek badute oporrik? Galdetu dute eskolan. Ezezkoa erantzun dute ikasleek. Orduan, egunero lanean, baserritar izan nahiko zenukete etorkizunean? Eta inork baserritarra izan nahi ez badu,... (+)
Elikadura
2023-05-14 | Kimetz Arana Butroe
Laster izango dira udal hauteskundeak eta hautagaiak herrietarako programak idazten ariko dira. Gehienak eraikuntza eta hirigintza proiektuetaz ariko dira, era tradizionalean. Gutxiago izango dira inguruko... (+)
Energia krisia
2022-05-22 | Kimetz Arana Butroe
Ukraina eta Errusiaren arteko gerraren aitzakiapean izugarri azkartu da azken urteetako energia eta erregaien garestitzea. Garraiolarien protestek supermerkatuak husteko beldurrak haizatu ditu jendearengan. Horrela munduko... (+)
gora