Uharteko artzain egunean azaldu zuten Euskal Herriak nazioarteko ardi mozketa txapelketatan aritzeko onarpena lortu duela. Ofizialtasuna Eskoziako 2023ko munduko txapelketan etorri zen, euskal moztaileek aurkeztutako dosierra eta bertan egindako defentsa bikainaren ondorioz. Berriak izugarri poztu gaitu moztaileen lagunok eta haiekin gabiltzanok.
Herri kiroletan lanbidea aktibo daukan joko bakarra ardi mozketa izan arren, ofizio ezezaguna da jende gehienarentzat. Tradizionalki auzolanean egiten zen, apiriletik ekainera artzain lagun kuadrilla handiak elkartuta. Artaziz aritzen ziren, bakoitzak hamarnaka ardi moztu eta lanak bukatutakoan elkarrekin bazkaltzen zuten. Euskal Herrian badira oraindik horrela ari diren artzain eta etxaldeak. Beste bailara askotan, ordea, artaldeak handiagoak direlako edo hiritartzearen ondorioz, baserriak bakandu eta artzain komunitatea ahuldu direnez, ardi moztaileak kontratatzen dituzte lan hori egiteko.
Makinaz aritzen dira, tablero gainean, mastiletik zintzilik jaisten den kardan bati lotutako guraize elektrikoari eraginez, mozten ari diren ardiarekin dantzan. Ardi mozketa ez da jarduera garbia, lasto eta simaur artean egiten da, artzainen ukuilu eta txaboletan, artilearen koipea eskuetan geratzen da eta ilea, lanerako erabiltzen den arropetan. Makurturik, izerditan, moztaileek denbora gutxian izugarrizko lan karga kentzen dute, horregatik dira baloratuak lan hori txukun egiten dutenak.
Makurturik, izerditan, ardi moztaileek denbora gutxian izugarrizko lan karga kentzen dute, horregatik dira baloratuak lan hori txukun egiten dutenak
Artzainen langile ibilitako denboran ardi mozketa nuen urteko egunik gustukoena. Korta ardi-mozketarako prestatu, aitite-amama edo lagunak etorri, eta behin artaldea moztuta lasai, pozik, gelditzen ziren etxekoak. Nik gogoko nituen ardi moztaileen umorea eta lanerako jarrera, haien furgoneta zaharrak, barruko ohea, aulkipeko txakurrak, tresneria, artile usaina eta kontatzen zituzten beste tokietako kontuak.
Horrela, ardi moztaile handi bat lagun egin eta harekin ardi harrapatzera joaten hasi nintzen. Etxe, familia eta paraje asko ezagutu ditut horri esker, industrialak eta estentsiboak. Ibili gara Bizkaian, Burgosen, Pirinioetan, Asturiasen edo Urbasan, eta topatu ditut ardi moztaile euskaldunak, ingelesez ari zirenak, frantsesak, italiar eta espainiarrak. Izugarri gozatu dut guztiekin eta mundu horren partaide izateaz guztiz eskerturik nago.
Ofizialtasunak balio dezala lanbidea ikusgarri egiteko, zazpi lurraldeetako ardi moztaileen arteko harremanak sendotzeko, gazteei bidea zabaltzeko, lan baldintzak hobetu eta munduan gu geu garen bezala elkarturik azaltzeko. Zorionak eta 2026ko munduko txapelketarako, aurrera, euskal moztaileak.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545