Asteroko buletina
Zuretik ezpala

Baserritarren oporrak


2024ko irailaren 11

Baserritarrek badute oporrik? Galdetu dute eskolan. Ezezkoa erantzun dute ikasleek. Orduan, egunero lanean, baserritar izan nahiko zenukete etorkizunean? Eta inork baserritarra izan nahi ez badu, nork egingo du guretzako janaria? Airean gelditu da galdera.

Pertsonaren osasun eta ongizaterako beharrezkoa da norbere gustu eta interesak garatzeko denbora izatea, egunerokotasunetik deskonektatu eta atsedenerako tartea edukitzea. Gainera, Euskal Herria oso toki industrializatua da, baserriko pentsamendu eta harreman sarea txikia da eta baserritarra bizimodu hiritarrean bizi da. Bertan aisialdiak, oporrek zein bidaiatzeak garrantzi handia dute.

Baserrian gaur egun oporrak hartzeko aukera bat da pertsona batek baino gehiagok lan egitea, langileek baserriko hainbat arlotan moldatzen jakitea eta lan egutegia guztion artean adostea. Beste aukera, berriz, oporretarako ordezkapen zerbitzua baliatu eta baserriko lanak epe laburrean egiteko konfiantzazko langile bat bilatzea da.

Bigarren horretan aritu naiz, Gipuzkoako Goierriko baserri batean langile, azken hiru urteetako abuztuetan. Aspalditik egin izan ditut sasoiko lanak, traktorezaleentzat fardo biltzaile, artzainentzat bildots jaiotzean, ardi-moztaileekin ardi harrapari eta abar. Gustuko dut mugitzea, inguru, molde eta familia desberdinak ezagutzea, lanak bukatu eta bere ordaina jasotzea. Asko ikusi eta ikasi dut horrela.

Baserri txikiek ganadu-landare hazkuntza eta elikagaien transformazioan ezagutza duten langileak behar dituzte, lan eta ordezkapenetarako

Sasoiko lanekin alderatuta, ordea, ordezkapen zerbitzuak baditu berezitasunak:

- Baserriko familia eta langileekin harremana sendo eta estuagoa da sasoiko lanetan baino.

- Egokitzapen gaitasun azkarra eskatzen du, baserriko funtzionamendua eta lanak ulertzea bertako martxan berehala hasteko.

- Lan desberdinak egiteko prest egon behar da.

- Ardura handia sortzen du eta akatsik ez egiteko tentsio puntua ere.

Nekazari eskoletatik datozen gazteentzat ordezkapen zerbitzuak interesgarriak izan daitezke baserriko lan desberdinetan trebatzeko, intereseko arloan sakontzeko (gaztagintza, baratzegintza, artzaintza...) eta martxa desberdinak ezagutuz ikuspegia zabaltzeko.

Baserri txikiek, ordea, ganadu-landare hazkuntza eta elikagaien transformazioan ezagutza duten langileak behar dituzte, lan eta ordezkapenetarako. Ez da erraza bi ezagutzak dituzten pertsonak bilatzea.

Horretarako, iparralde hegoalde, Euskal Herriko nekazaritza ikasle, eskola, langile eta nagusiak lotuko lituzkeen zerbitzu bat beharko genuke. Langile-nagusien harremana erraztu eta mugikortasuna bultzatuko lukeena. Baserrietako beharrei erantzuteko eta langileei aukera gehiago emateko.

Ardi moztaileak
2024-12-15 | Kimetz Arana Butroe
Uharteko artzain egunean azaldu zuten Euskal Herriak nazioarteko ardi mozketa txapelketatan aritzeko onarpena lortu duela. Ofizialtasuna Eskoziako 2023ko munduko txapelketan etorri zen, euskal moztaileek aurkeztutako... (+)
Elikadura
2023-05-14 | Kimetz Arana Butroe
Laster izango dira udal hauteskundeak eta hautagaiak herrietarako programak idazten ariko dira. Gehienak eraikuntza eta hirigintza proiektuetaz ariko dira, era tradizionalean. Gutxiago izango dira inguruko... (+)
Energia krisia
2022-05-22 | Kimetz Arana Butroe
Ukraina eta Errusiaren arteko gerraren aitzakiapean izugarri azkartu da azken urteetako energia eta erregaien garestitzea. Garraiolarien protestek supermerkatuak husteko beldurrak haizatu ditu jendearengan. Horrela munduko... (+)
Begano eta abeltzain txikien arteko aliantza
2021-10-03 | Kimetz Arana Butroe
Azken urtean COVIDaren ondorioz, abiadura handian izugarrizko aldaketak eman ditu gure bizimoduak. Egoera berriak gure elikadura ohituretan ere aldaketak ekarriko dituela dirudi. Aurten izan naizen... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora