Astelehenero 8:00etan zure epostan
Irailaren 23an Europako Nekazaritza Ekologikoaren Eguna izan da. Aurten, gainera, hogei urte bete ditu EAEko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak (ENEEK-Ekolurra). Urteotan biderkatu egin da ekoizpen ekologikoa, baina etorkizunera begira, nekazaritza ekologikoaren aldeko apustua indartzeko beharra azpimarratu du Kontseiluak, oraindik tarte handia dagoelako Europar Batasunak ezarritako helburura iristeko.
ENEEK-Ekolurrako kideak, aurtengo Azoka Ekologikoak aurkezten.
"Gure paisaiari begiratzea besterik ez dago bizi dugun egoeraren larritasunaz jabetzeko. Eredu ekologikoaren aldeko apustua egitea funtsezkoa da ingurumenaren eta biodibertsitatearen zaintza, animalien ongizatea eta gure osasuna babesteko, eta etorkizunerako lur emankorrak bermatzeko", adierazi du Kontseiluak. Norabide horretan, administrazio publikoei zuzendu zaie: "Beharrezkoa da sektorearen etorkizuna bermatuko duen zehar lerroko estrategia martxan jartzea, helburu, baliabide eta konpromiso zehatzekin. Kontseiluak bere prestutasuna adierazi nahi du norabide horretan".
Hogei urteko bilakaerak erakusten du EAEn izugarri handitu dela ekologikoan ari diren ekoizpen kopurua, ekologikoan lantzen duten azalera kopurua eta kontsumoa.
2008an, 237 eragile eta 1.350 hektarea ekologiko zeuden erregistratuta EAEn. 2025ean, berriz, 813 eragile eta 18.167 hektarea zeuden erregistratuta. ENEEK-Ekolurrak azaldu duenez, azalera horren hazkundean eragin nabarmena izan du azken urteetan mendi komunalak eredu ekologikoan ziurtatu izanak.
Gaur egun, EAEn nekazaritzarako erabilgarria den azaleraren %9 inguru dago ekoizpen ekologikoan ziurtatuta. Ehuneko hori Europako batez bestekora (%11,1) hurbiltzen ari bada ere, ENEEK-Ekolurrak ohartarazi du oraindik tarte handia dagoela Europar Batasunak 2030erako helburu gisa ezarria duen %25era iristeko.
Kontsumoan EAE nabarmentzen hasi da: 2025ean, elikagai ekologikoen kontsumo per capita handiena izan zuen EAEk Espainiako Estatuko autonomia-erkidegoen artean, hain zuzen 99 euro biztanleko, estatuko batez bestekoaren (66 euro) gainetik.
ENEEK-Ekolurrak adierazi duenez, "ekoizpen ekologikoaren hazkundea eta sektorearen sendotzea ezin dira ulertu kontsumitzaileen konfiantzarik gabe". Horregatik, Kontseiluak irmoki defendatu du ekoizpen ekologikoaren kontrola eta ziurtapena "sistema publiko eta independenteak egin behar duela eta sektorearen parte-hartzean oinarritutakoa izan behar dela". Gehitu duenez, "kontsumitzailearen konfiantza hori interes partikularretatik babestutako sistema garden eta inpartzial baten bidez bermatu behar da".
Ildo horretan, ENEEK-Ekolurrak ohartarazi du Kontseiluaren egitura eta eginkizunak "ahultzen" dituen edozein aldaketak kaltetu egingo lukeela ekoizpen ekologikoaren kontrol eta ziurtapenaren sendotasuna, eta horregatik eskatu zuela irailaren 7an Eusko Legebiltzarrean, Administrazioa sinplifikatu eta arintzeko premiazko neurriei buruzko Lege Proposamenetik ekoizpen ekologikoaren kontrol eta ziurtapenari eragiten dion aldaketa kentzeko, "egungo ziurtapen publikoaren eredua mantendu eta sendotzeko".
EAEko elikagai ekologikoak erosi eta ekoizleekin aurrez aurreko harremana izan nahi duenak, ENEEK-Ekolurrak antolatutako azoka ekologikoetan du aukera. Urriaren 30 arte arte, hurrengo hitzorduak Gasteizen, Durangon, Eibarren eta Azpeitian izango dira. Afixan daude ikusgai:

Euskal Herrian, nekazaritza ekologikoaren lehen urratsak 1980ko hamarkadaren amaieran eman ziren, "nekazaritza intentsiboaren ereduaren inguruko kezkak handitzen ari ziren garaian", ENEEK-Ekolurrak azaldu duenez: "Baserritar eta ekoizle batzuek ongarri kimikoen eta pestiziden erabilera murriztea edo baztertzea erabaki zuten, eta, aldi berean, ingurumenaren zaintzaren, elikadura osasuntsuagoaren eta tokiko ekoizpenaren aldeko kontzientzia zabaltzen hasi zen".
EAEn, 1996an arautu ziren laborantza ekologikoaren ekoizpena, elaborazioa eta merkaturatzea, irailaren 24ko 229/1996 Dekretuaren bidez. Eta handik hamar urtera sortu zen ENEEK-Ekolurra Kontseilua, "bertan ordezkaturiko sektoreari garrantzia handiagoa emate aldera". Zuzenbide publikoko korporazio gisa sortu zen, abenduaren 29ko 10/2006 Legearen bidez.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545