San Matias, erein tuk azaziak bilduren tuk aza handiak

“‘Likidatzaile nuklearren’ gisara kitorik lanean gabiltzanak geroz eta gehiago gara”

Txernobylen 40 urteak oroitzen diren honetan, nuklear zibila suspertzeko planak ugaritzen ari diren bitartean eta arma atomikoaren itzala oraindik ere mundua estaltzen dabilen bitartean, Kate Brown historialariarekin hizketan jarri dira bi soziologo –Nassima Abdelghafour eta Martin Denoun–. Menuan: konfinamenduaren mitoa, kutsadura jasangarriak, ezinezko deskontaminazioak eta kontra-inkesten garrantzia.


2026ko irailaren 23a
Kate Brown, elkarrizketatua.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

1940ko hamarkadan toki baztertuetan eraikitako bi hiri-fabrika nuklear jarraitzen ditu hurbiletik Kate Brownen Plutopia liburuak. Sortu berria den plutonioaren industriaren historia da. Bonba atomikoak egiteko metal erradioaktibo hori beharrezkoa da, bai Ameriketako Estatu Batuetan, bai Sobietar Batasunean. Hanfordeko gunea, Richland hiritik gertu, AEBetako Washington Estatuaren ekialdean da, eta Maïak gunea, SESBen, Uraletako Ozersk hiritik gertu; eta nola diseinatuak, eraikiak eta kudeatuak izan diren deskribatzen digu liburuan. Manhattan proiektuaren baitan, Hanfordeko lantegian ekoitzi zuten Nagasakin jaurtikitako bonbaren plutonioa. Maïakeko fabrika nuklearraren eraikuntza 1945ean hasi zuten, eta Gerra Hotzeko arma nuklearraren lasterketaren hastapen gisa kokatzen da. Horregatik ziren ezkutuan eraikiak eta ustiatuak izan. Urtez urte erradio-toxikotasun erraldoia isurtzen ari da plutonio-fabrika horien inguruetara. Alta, Richland eta Ozersk –Hanford eta Maïaken kokalekuen ondoko hiriak–, hiri laborategiak dira, esperimentatzeko batetik, biztanleen kontrol biomedikoa, eta bestetik, hiri-bizitza eroso eta pribilegiatuaren promesa.

Txernobylgo istripuaren eta haren ondorioei buruzko ikerketa zirraragarri eta doi bat xelebrea darama Kate Brownek Txernobyl, frogaren bidez liburuan. Sekula aztertu gabeko eskualdeko artxiboak ustiatuta, istripu nuklear batek dakarrena kontatzen digu: itsumandoka egindako kudeaketa, datu-bilketa klasikoek ez zutelako balio prozesu kimiko-fisiko horientzat; jakinak eta ezjakinak ezkutatzeko gezurrak; krisiak kudeatzeko estrategiei aurre egiten dieten kutsadura forma heterogeneoak; denboran eta distantzian hedatzen diren kutsadurak; isilean sufritzen duten gorputzak; eta, azkenik, ikerlari bihurtzen diren herritarrak, isiltasunarekin bukatu nahian funtsezko kontra-jakintzak eraikitzen dabiltzanak.

Tentsio berak zeharkatzen ditu Plutopia eta Txernobyl frogaren bidez: jarduera nuklearra espazio itxi eta kontrolatuetan konfinatuta dela dioen diskurtso publikoa eraiki du industria nuklearrak hastapenetik. Aztertzen dituzun hiru kasuetan –Hanford eta Maïakeko fabrikak eta Txernobylgo istripua– erakusten diguzu erradio-nukleidoek ez ezik gizakiek ere deuseztatzen dutela konfinamendua, etengabe ibiltzen baitira sarbide mugatuko espazio horien eta kanpoaldearen artean.

Goi mailako janari-denda batean nengoen, Washingtonen, burua izozkailu batean sartuta, Geiger kontagailua eskuan. Basa ahabia izoztuen zaku baten gainean nuen kontagailua, kutsadura nuklearraren konfinamendu kontu horretaz hausnarrean nenbilela. Ukraina iparraldeko egonaldi batean –Txernobylgo efektuak ikertzen ari nintzela–, milaka lagun Txernobyl inguruko oihan zingiratsuetatik ateratzen ikusi nituen, ahabiz betetako saskiak besapean. Errepide ondoko kamioietan zain ziren erosleei saltzen zizkieten. Bilketaren tamaina industrialak jakin-mina piztu zidan. Ikerketa-lagun Olha Martynykekin batera, saskiak lortu eta bilketara joan ginen gu ere. Ahabiak biltegira eraman genituen, non handizkako saltzaile batek erosten zizkien aitzinetik ikusitako kamioiei. Neurturiko ahabi bakoitza erradioaktiboa zen, baita zenbait Ukrainan indarrean den 450 Becquerel (Bq) kiloko langa urrundik gaindituta ere; eta alta, dena erosi zigun. Nire buruari galdetu nion zergatik... Europar Batasunean eta AEBetan finkaturiko langa 1.200 Bq kilokoa dela jakin nuen arte. Langa gainditzen zuten baiak eta azpian geratzen zirenak nahastuta, legalki saldu zitzaketen Europar Batasunean, nahiz eta ahabia batzuk kiloko 3.000 Bq-era iritsi. Nire harridurarako, Txernobylgo erradiazioari dagokionez, merkaturako zabalpen deliberatu eta arautua deskubritu nuen.

Produktu erradioaktiboen salmenta ez da konfinamendu logikaren baitan kabitzen, alderantziz, gainditzen du. Are gehiago, Txernobylgo basoetako ahabiak eta onddoak munduko kontsumitzaileei bidaltzen dabiltzan eragile ugarik antolaturikoa da

AEBetako Barne Segurtasun Sailaren txosten bat aurkitu nuen behin, Kanadako mugan Geiger kontagailua aktibatu zuen kamioi bati buruzkoa. Zer zegoen kamioi horretan? Ukrainako ahabiak. Horregatik nenbilen dendetako izozkailuak neurtzen, Txernobylgo ahabiak neure gosaritik hurbil-hurbil direla ondorioztatzeko. Produktu erradioaktiboen salmenta ez da konfinamendu logikaren baitan kabitzen, alderantziz, gainditzen du. Are gehiago, Txernobylgo basoetako ahabiak eta onddoak munduko kontsumitzaileei bidaltzen dabiltzan eragile ugarik antolaturikoa da.

Nahitara antolatutako zabalpen baten aitzinean gaude hor. Baina konfinamendua benetan gauzatzen den kasuetan zer gertatzen da?

Gauzatzeko benetako nahikeria badenean ere ez da panazea. 1986ko Txernobylgo istripua gertatu eta egun gutxira zirkulu bat marraztu zuten agintari sobietarrek zentralaren eta Pripiat hiriaren inguruan, bertaratzea debekatuz. Ikusezina eta hautemanezina den kutsadura erradioaktiboaz babestea zuen helburu “esklusio-eremu” berri horrek, oraindik sutan zegoen laugarren erreaktoretik modu irregularrean hedatzen segitzen zuelako. Hustuketak eta esklusio-eremuko patruilek milaka pertsona salbatu zituzten, esposizio arriskutsu batetik aldenduta; baina oharkabeko esposizioak ere ondorioztatu zituzten. Agintari sobietarrek laster ikasi zuten isotopoak ezingo zituztela menperatu, haizearen bidez, uretan, kamioien gurpiletan eta jendearen arropetan bidaiatzen baitzuten. 1986ko udan botere publikoek neurturiko kasik lagin guztiak –esnea, ogia, gurina, haragia, tea, produktu freskoak– kutsatuta ziren. Egoera seguruan zela uste zuen jende anitzek, baina ez zen. Hori uste zuten, biztanlez hustutako eta hurbiletik kontrolatutako esklusio-eremuaren existentziagatik, eta bizi ziren eta janaria ekoizten zuten lekuetako erradioaktibitatearen mapak modu dinamikoan argitaratzeko ezintasuna zutelako agintari sobietarrek.

Konfinamenduak, beraz, informazioa kontrolatzeko tresnak ere badira?

Erabat. Txernobyl inguruko eremu kontaminatuetako biztanleek medikuei partekaturiko arazoen berri ematen digu Txernobyl frogaren bidez liburuaren atal handi batek. Ofizialki aitorturiko Txernobylgo 54 biktimen ordez, Ukrainako Gobernuak 150.000 biktima aitortu zituen 2016an –soilik Ukrainarentzat, eta bada istripuaren eraginaren estimazio fidelago bat–. Haatik, Bielorrusiak eta Errusiak –istripuaren osteko erradioaktibitatearen %80 jasotakoek–, ez dute sekula kopururik plazaratu.

Frantsesera itzulitako Kate Brownen bi liburuak.

Plutonio fabriken inguruan gauza bera gertatzen da. Hanford eta Maïak gune militarrak dira, hesituak eta zainduak direnak. Txapa zuten pertsonak bakarrik sartzen ahal ziren eta eremu bakar batzuetarako bakarrik zuten baimena. Eremua zatikatuz informazioa konfinatzea zuten helburu buruzagi militarrek, potentzia nuklear aurkariaren espioitzaz beldur zirelako. Kuriositate handiegia zuten tokiko agintariez ere beldur ziren, baita, beranduago, kezkaturiko herritarrez ere, fabriken inguruko baserritarren artean zabalduriko minbizien, patologia tiroideoen eta bestelako gaixotasun autoimmuneen klusterrek kezkaturiko herritarrez. Txernobylgo istripuaren ondoko urteetan, erradiazio ionizatzaileei buruzko informazioa eta ezagutza konfinatzea izan zen eremu nuklear kontrolatuen emaitzarik esanguratsuena. Zoritxarrez, ez hesiek ez guardiek ezin izan zuten erradioaktibitatea konfinatu.

Estimazio altuenen arabera, Hanfordek eta Maïakek 350 milioi curie [curie bat (1 Ci) 3,7 x 10¹⁰ Bq-ren baliokidea da] inguru zabaldu dituzte ingurumenean –kasik Txernobylgo istripuaren bikoitza da–. Arazoa denboran ere ez da mugatua. Pentsa, 2017ko Txernobyl inguruko Oihan Gorriko suteek eragindako emisio erradioaktiboak Herbeheretaraino detektatu zituzten! Boteretsua eta omnipresentea da konfinamenduaren mitoa, eta alta, erradioaktibitatearen zabalkundearen ondorioak pairatzen ditugu oraindik. 2016an, Hanfordeko erreserba nuklearraren inguruko hiru konderrietako haur sortu berrien kopuru izugarri handiak zuen anentzefalia bat, hau da, malformazio arraro eta hilgarri bat. Hiru eremu horietako hodi neuraleko (enbrioien nerbio-sistema) patologien tasa 10.000 jaiotzako 12,7 zen 2010etik 2016ra; herrialdean, batez besteko, 6,4 zenean. Tasa kezkagarri horri buruzko Washingtongo Estatuko Osasun Ministerioaren txostenak ez zuen kausa berezirik zehazten. Erreserba nuklearretik zetorren erradioaktibitateari begiratu zioten tarte labur batez, baina baztertu egin zuten, berez hesiak erradioaktibitatea konfinatzen zuelakoan eta Columbia ibaiaren emari handiei eta ordokiko haize indartsuei esker azkar batean haizatuta zelakoan. Haurdun ziren emakumeei elikadura osagarri gisa azido folikoa gomendatu eta kasua artxibatu zuen estatuak, hiru konderri horietako jaioberrien malformazioen neurketa alde batera utzita. Luze iraun du erradiazioaren konfinamenduaren mitoak. Adibide hori dugu horren testigu.

Erradioaktibitatearen izaera berezi eta ohizkanpokoaz gain, plutonio-hiriek (AEBetako Richland eta SESBeko Ozersk) gizarte-antolakuntzako matrize gisa funtzionatzen dutela erakusten duzu –hori da Plutopia liburuko originaltasun nagusietarikoa–, bi bloke antagonisten arteko antzekotasun harrigarriak izanda. Hau da, Plutonioaren industriaren garapen sekretua –izugarri kutsagarria eta arriskutsua– eskuz esku doala plutonio-hiriak gerraosteko hiri-ereduaren laborategi izatearekin. Nola bururatu zitzaizun hiri atomiko horiek, modu arruntagoan, esperimentazio sozialerako leku ere bazirela?

Bi osagaiei esker ulertu nuen plutoniorako sorturiko hiri itxi eta top-sekretu horiek esperimentazio sozialerako leku zirela eta bloke bakoitzaren hirigintza ereduaren oinarrian genituela. Batetik, etsigarria baldin bada ere, hiri horiek arras normalak dirudite. Richland bisitatu nuen lehen aldian dezepzioa sentitu nuen. Karrika zabaletan nenbilen, etxe berdintsuen artetik, soropil perfektuak alde guztietan. Ureztatze automatikoaren xuxurlatik ihesi egin nahian, aparkaleku hektareez inguratutako Atomic zentro komertzialean bukatu nuen. Zergatik etorri nintzen honaino? Ez zuen sekretutik ezer hiri horrek! Gerra ondorengo AEBetako auzune tipiko bat zen. Gerora bakarrik ulertuko nuen DuPont enpresak –Hanfordeko lantegiaren ardura ere zuenak– dirulaguntza federalak erabili zituela Richland hiria ereduzko komunitate bihurtzeko, seme-alabentzako inguru seguru baten bila dabiltzan familia zuriei bideratzeko. Koadroak eta langile onenak Richlandera, Washingtongo ekialdean isolatuta den hiri txiki horretara, erakartzea zuen helburu DuPontek. Etxeek erosotasun modernoa zuten, atera berri zen etxetresna elektrikoa zuten guztiek eta gobernu federalak diruz lagundutako alokairuak zituzten. Richlandek eskola bikainak zituen, autobus zerbitzua, komertzio ugari, parkeak eta aisialdiak. Karriken zabalerak ebakuazio masiboa ahalbidetzen zuen. Merkataritza-gunea airezko erasoen aurkako babesleku izan zitekeen eta aparkaleku handiak, berriz, suhesiak.

Ofizialki aitorturiko Txernobylgo 54 biktimen ordez, Ukrainako Gobernuak 150.000 biktima aitortu zituen 2016an –soilik Ukrainarentzat, eta bada istripuaren eraginaren estimazio fidelago bat–. Haatik, Bielorrusiak eta Errusiak –istripuaren osteko erradioaktibitatearen %80 Jasotakoek–, ez dute sekula kopururik plazaratu

Hiri-40 izena zuen plutonioari eskainitako hiri sobietarrak –ondotik Ozersk edo “aintzirako harana” izena jarri zioten–. Sekula ez naiz sartu ahal izan, itxirik segitu duelako baita 1990eko hamarkadan ere, nahiz eta armamentu nuklearraren lasterketa moteldu. Hala ere, Sobietar Batasuneko herritarrentzako hiri eredugarria zela ulertu nuen  argazkiei eta deskribapenei esker. Apartamentu komunitario batean gela bat ukan beharrean, etxebizitza indibidual bat zuen familia bakoitzak. Aintzira bati hurbil eta basoz inguraturik, parke ederrak, antzokiak, zentro sozialak eta jatetxeak zituen Ozerskek. Klub nautiko bat ere bazegoen. Ongi hornitutako dendak gogoko zituzten sobietarrek, biztanle ohi batek erran bezala, non dena topatu zezaketen, “dena, baita karramarroa eta kabiarra ere”. Alderantziz, probintziako sobietar dendetako apalak hutsak zituzten. Ural hegoaldeko baserritarrek, Ozersk ingurukoek, oihanetan landu edo bildu behar zuten jakia, eta, kontserbotan ezarri, nutrizio-beharrak asetzeko gisan. Arropa edo altzariak erosteko joan-etorriak egin behar zituzten hiri handietara, eta ilara luzeak suposatzen zituen horrek. Ez, ordea, Ozersken. Utopia kontsumista bat zen. 1953ko istripu nuklear handi baten ondoren, Maïakeko plutonio-fabrikako langile batzuek dimisioa eman zuten, fabrikatik erorketa grisak eta larriki zaurituriko soldadu gazteak ziztu bizian ospitalera zeramatzaten anbulantziak ikusirik. Baina “mundu zabalean” –hala deitzen zioten– hilabete batzuk pasa ondoren, egin ahal guztiak egin zituzten lana berreskuratzeko eta Ozerskeko gotorleku ongi zaindu eta hornitura itzultzeko.

Plutonioari eskainitako hiri horiek gerraosteko hiri-garapenaren eredu bihurtu ziren herrialde bakoitzean. Estatu federalak diruz lagundutako maileguak jasota, hiria utzi zuten amerikar zuriek, zuriz betetako auzo-hirietan kokatzeko. AEBetako paisaian nonahi garatu ziren, haurren eta auto-gidarien paradisu gisa aurkezturiko auzo-hiri horiek. Garai berean, sobietarrek ere dena egiten zuten herriak eta herrixkak utzi eta ongi hornituriko hiri horietan kokatzeko. Ozersk bezalako fabrika-hiriak loratu ziren SESBn, produktu bakarra ekoizteko dedikatuak eta non zuzendaritzak langileak ongi hornituta zirela ziurtatzen zuen.

Txernobylgo hodeiaren aurrerapena minutu batean. Argazkia: Erradiobabes eta Segurtasun Nuklearreko Institutua.

Plutopiak ohiz kanpokoak ez zirela ondorioztatzera eraman ninduen bigarren seinalea izan zen Ozerskeko eta Richlandeko langile eta egoiliarren jaki, ur eta airean kausituriko kutsatzaileak hiri horietatik kanpo ere presente direla. Zesioa, estrontzio erradioaktiboa eta, batzuetan, plutonioa, erregularki atzematen dira AEBetako eta Errusiako biztanleen gorputzetan. Proba nuklearrak biderkatu zirenez munduan, berez Plutopiako biztanle bat biologikoki ez da ezberdintzen bestelako hiri arruntetakoetatik... ez bada kutsadura bolumenagatik!

Zure bi liburuen muinean dugu kutsadura erradioaktiboaren gaia. Giza zein animalia-gorputzak, landareak, lurzorua, airea edota ura erradioaktibitatearekin nola kutsatzen diren azaltzen duzu zehazki. Adibidez, Txernobylgo istripuaren ondorioz askatutako efluente erradioaktiboak nola hedatu ziren, lehertutako erreaktorearekiko distantziaren araberako ebakuazio-antolaketa gaindituta. Eguraldiak, topografiak eta bizimoduek (adibidez, elikagai enbalatuak beharrean, baratzeko barazkiak jateak) kutsadura-maila altuak eragin dituzte, leku urrunetaraino.

Erradiazioetatik eta beste produktu toxiko batzuetatik babesteko ohizko printzipioak espazioan eta denboran oinarritzen dira. Jendea toxikotasun-iturrietatik urruntzera eta esposizio-denbora mugatzera bultzatzen dute larrialdi-kasuetarako gomendioek. Baina Richland, Ozersk eta Txernobyl aztertzean aurkitu dudana –mundu mailan kutsadura erradioaktibo gehien isuri diren lekuak izanda– zera da: denbora eta espazioa neurtzeko konbentzioak –denbora segundotan, minututan eta urtetan deskonposatuta, eta espazioa metrotan neurtuta– saihesten ditu erradiazioen presentziak. Hori horrela, kutsatzaileek osasunean dituzten ondorioak gaizki interpretatu dituzte zientzialariek. Ez dute fede txarrez egin, erradio-babeserako prozedura estandarrak aplikatu dituztelako, eta ez dute modu erabat inozentean egin ere, herritar antsiatsuen lasaitzeko ahaleginez erradiazioak osasunean dituen ondorioak minimizatu dituztelako.

Produktu erradio-toxikoek nola deformatzen dituzte denbora eta espazioa?

Har dezagun, lehenik, espazioa. Istripu nuklearra gertatu da eta babes-jantzidun pertsona batzuk datoz hesiak eraikitzeko materialarekin. Gune kutsatua hesitzen dute eta arriskuaz ohartarazten duten panelak jartzen dituzte ezker-eskuin. Banaketa horrek pentsarazten du arriskua hesiaren alde batean dela, eta segurtasuna beste aldean; baina ez doa horrela. AEBetako Hanforden edo SESBeko Maïaken lantegiaren inguruko herritarrak konbentzituta ziren hesien beste aldean bizita eta eremu barrualdean segurtasun-prozedurak erlijioski gauzatuta babestuta zirela. Eta hala zen, neurri batean. Baina produktu erradio-toxikoak osasunerako arriskutsuak dira, hain justu ez direlako ez egonkorrak ez inerteak. Mugimenduan dira etenik gabe eta organismoek bizitzeko behar dituzten elementuak modu oportunistan imitatzen dituzte. Landareak eta animaliak toxina erradioaktiboz kargatzen dira, eta haiekin garraiatzen dituzte. Isotopo erradioaktiboak ur- eta lur-molekuletan finkatzen dira, eta korronteen eraginez hedatzen dira, baita ugaztunen digestio-hodietaraino ere. Hesiak berehala gainditzen dituzte. Hori horrela, kutsadura erradioaktiboaren hedaduraz informatzeko mapa biharamuneko zaharkituta da.

Ahabi bilketa Txernobyl aldean, biltzaileak eroslearen begiradapean. Argazkia: Kate Brown

Afera da 1990ean osasun publikoan Txernobylgo istripuaren eragina zehazteko enkargua zuten Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako (IAEA) zientzialariek jokatu zutela kutsadura-hedaduraren mapek eta hesiek errealitatea deskribatuko balute bezala. Lurralde “sano” eta “kutsatuetako” biztanleak alderatzeko ikerketa egin zuten. Hiru asteko misio horretan Nazio Batuen Erakundeko aholkulariek 1.600 pertsona aztertu zituzten. Ondorioztatu zuten gune kutsatutako eta gune “kontrolatutako” herritarren osasuna txarra zela eta degradatuz zihoala kasik 200 milioi curie askaturik zituen Txernobylgo istripuaz geroztik. Zientzialariek ondorioztatu zuten herrietako –kutsatutakoak zein kontrolatutakoak– jendeen sufrikarioak ez zirela erradiazioari lotuak, hain justu, dosi txikiegiak zirelako osasun arazoak sortzeko –erreferentzia, une horretan, bonba atomikotik bizirik ateratakoek xurgatutako dosiak ziren, anitzez handiagoak–. Nazio Batuetako zientzialariek ondorioztatu zuten antsietateak, elikadura txarrak eta gehiegizko alkohol kontsumoak zituztela biztanleak kaltetzen.

Zesioa, estrontzio erradioaktiboa eta, batzuetan, plutonioa, erregularki atzematen dira AEB-etako eta Errusiako biztanleen gorputzetan 

Baina afera da erradiazioarekiko esposizioa ez dela distantziara mugatzen. Arrisku handiko eremuetan bizi zen jendeak gobernuaren laguntza izan zuen beste leku batzuetan ekoiztutako eta kamioien bidez bideratutako elikagaiak erosi ahal izateko. Laborariek ekoizpenekin segitu zuten, eta ekoitzitakoa kontsumitu beharrean, inguruko herrietako merkatuetan saltzen zuten, hau da, erregistratutako kutsadura txikiagoa zuten herrietan. Kasu honetan, irradiazio handiko eremuetatik urrunago ziren biztanle batzuk hurbilago bizi zirenek baino esposizio handiagoa izan zuten. Distantziak ez ditu babestu. 

Nola deformatzen dute erradiazioek denbora?

Eremu erradioaktiboetan denbora ez da uniformeki iragaten: aurreikusi ez daitekeen modu batean puzten edota uzkurtzen da. Txernobylgo suhiltzaile eta langileentzat denbora azkartu egin da, erradiazioaren ondorioz behar baino lehenago zahartu dira. Oihan Gorriaren kasuan –sutan zegoen erreaktorearen hautsek gogorki kolpaturiko hamar kilometro koadroko pinu gorrien oihana–, denbora moteldu egin da: urte gutxiren buruan deskonposatuta behar ziren zuhaitzek han segitzen zuten bi hamarkada beranduago, deskonposiziorako intsektu eta mikrobio gutxi zegoelako. Plutonioa ekoizten den eremuetan ere gertatu da gizakien zahartze azeleratua; baina gune militarrak izanda, horri buruzko datu gutxi argitaratu da.

Itzul gaitezen Gerra Hotzera. “Heroi xumeak” deitzen dituzun pertsonek plazaraturiko gertakarien berri ematen duzu Txernobyl frogaren bidez liburuan. Txernobylgo hondamendia eta haren ondorioak ikertu dituzte, erakundeen babesik gabe, baliabide propioekin eta arriskuak hartuz. Zer diozu pertsona horiez?

Eguneroko heroi horiek zoragarriak dira! Natalia Lozyts’ka, demagun. Fisika irakasten zuen Kieven. Geiger neurgailu bat zuen eskura, eta istripuaren biharamunetan, bere seme-alabek eguzki kolpe moreak eta zorabioak zituztela ohartu zen. Etxe-atariko lanpasako erradioaktibitatea neurtzen hasi zen, baita bere etxe aitzineko patiokoa ere. Gune oso erradioaktiboak aurkitu zituen, eta erradioaktibitatea orduko 3 milli-Roentgen baino altuagoa zuten partikula ñimiñoak erauzi zituen paleta batekin. Paper-orri batean arakatu zituen laginak, non eta noiz hartuak ziren zehaztuta. Horien erradioaktibitatea neurtu zuen egunero, eta partikulak desegin ahala barnealdean zegoen erradio-nukleido kopurua kalkulatu ahal izan zuen. Istripuaren ondoren erradioaktibitateari buruzko informazio falta erabatekoa zen, eta lagin erradioaktibo ñimiño horiek erabili zituen Kievetik 170 kilometrotara gertatutakoa ulertzeko. Erradioaktibitatearen espektro oso bat aurkitu zuen, eta hortik ondorioztatu zuen erreaktorea ez zela lehertu lurruna askatzeagatik edo erreakzio kimiko batengatik, nahiz eta Sobietar Batasuneko agintariek hala adierazi. Errealitatean, leherketa nuklear bat izan zela argitu zuen. 2016. urtea arte ez zen baieztatua izan, hots, Lars Erik de Geer eta bere iker-taldearen puntako laborategiak berretsi zuen arte. Hain zegoen bere aurkikuntzagatik kezkatuta, inguruko herrietako erradioaktibitatea neurtzen hasi zela Lozyts’ka. Beraien sintoma durduzagarriei buruz hitz egiten zioten baserritarrek –eztarriko minak, sudurreko odoljarioak, zorabioak...–. Buruzagiei idatzi zien ikerketen berri emateko, baina ez zuen erantzunik jaso. Gutun anitz bidali zituen, gerora nik artxiboetan aurkituko nituenak. Azkenean, etsituta eta mezua bai ala bai zabaldu nahian, garbitzailez mozorrotu eta Txernobylgo istripuaren ondorio sanitarioei buruzko lehen konferentziara sartu zen 1988ko maiatzean –mundua lasaitzeko, Moskutik antolatutako ikuskizuna izan zen–. Bere dokumentuak AEBetako ordezkari bati helarazten ari zela atxilotu zuten KGBko hiru agentek eta manu militari kanporatu. Horrek ez zuen uxatu, eta informazioa zabaltzeko beste bide batzuk aurkitu zituen gerora.

Alexandre Komov da beste heroi bat, artxiboetan topatu dudana. Txernobyldik urrun egon arren, Rivni probintziako esnea kontsumitzeko kutsatuegia zegoela ez zuten sinesten Kieveko agintariek. Azkenean, kamioi bat esne-brikaz bete eta Kieveraino eraman zuen agintari eszeptikoek beraien baitatik proba zezaten.

Ukrainako Zhytomyr hiriko Pavel Chekrenev medikuak deskubritu zuen larrugintzako fabrika batek botatako ura gorenean baimendutakoa baino sei aldiz erradioaktiboagoa zela. Zhytomyrko ur edangarri erreserbara isurtzen zen ur hori. Larrugintzako fabrika geldiarazi zuen, 19.000 larruren tratamendua etenda. Hori egiteagatik, profesionalki graduz jaitsi zuten, baina, irabazi ere zuen: kutsatutako larruak ez zituzten ondu, eta beraz hiriko ur edangarria babestu zuten, kutsadura iturri gehigarri bat saihestuz Zhytomyrko biztanleei.

Txernobylen, laborariek ekoizpenekin segitu zuten, eta ekoitzitakoa kontsumitu beharrean, inguruko herrietako merkatuetan saltzen zuten, hau da, erregistratutako kutsadura txikiagoa zuten herrietan

“Eguneroko heroi” horiek anitzez presentzia txikiagoa ukan dute Plutopia-n. Nolaz?

Galdera bikaina da. Zergatik ez dira Plutopia-n? Existitu beharko lirateke. Berrogei urtez, Hanford eta Maïakeko lantegiek tonaka hondakin erradioaktibo isuri dituzte beraien inguruetara, 350 milioi curie inguru lantegi bakoitzak. Lantegi horietako langileek istripuak ukan zituzten, eritu ziren, hil ziren. Hori kontatzen dut Plutopia liburuan. Hori jakinda, zergatik dugu erresistentzia arrasto hain gutxi bonba arriskutsu eta kutsagarrien fabrika horien kasuan? Gune militarrak ziren Maïak eta Hanford. Urtero leialtasun-zina sinatzen zuen bertara sar zitekeen pertsona orok. Maïakeko langile ohi bati galdetu nion, hain justu, zergatik nehor ez zen kexatzen, eta erantzuna izan zen: “Kontratua izenpetzerakoan inork ez gintuen erradioaktibitatearen ondorioez informatu. Ez genekien ere ez zer zen. KGB zen beldurtzen gintuen bakarra”. KGBko agenteek “plutonio” eta “erradiazio” hitzak isilarazten zituzten, baina baita arazo sortzaile ziren pertsona guztiak ere. Washingtongo Hanfordgo langileek ere beldurra zioten guneko segurtasun zerbitzuari. Kuriositatea erakustea bera ez zen ongi ikusia. Betsy Stuartek gogoan du bizilagun batek lagun bati galdetu ziola ea bere senarra zein lanetan zebilen. Senarraren lanaz ezin zuela hitz egin erantzun zionean, erran behar ez zuen zeozer erantzun zion besteak. Hurrengo goizean desagertuta zegoen. “Sinetsi nazazu”, erran zidan Stuartek, “elkartzen ginenean egiten genuenaz ez ginen sekula mintzo. Etengabean entzunak izatearen sentsazioa genuen”.

«Ez kezkatu», Geiger neurgailu batek erradioaktibitate maila adierazten du Pripyaten, Txernobylen.

Gerra Hotzaren garaiari dagokionez, alerta emaile bakarra aurkitu izan dut. 1962An KGBren eskualdeko bulegoko buruak ohartarazi zuen Maïakeko filtratu gabeko gas erradioaktiboek Ozersk inguruko soldaduen eta langileen bi herri kutsatzen zituztela. Hau da bakarra. Hanfordgo lantegiaren kasuan, aldiz, desadostasun zantzu bakar bat ere ez. Kontra-intuitiboa dirudi: erregimen autoritarioa SESB zen, galdera gehiegi egiten zituen jendea atxilotu, espetxeratu eta exekutatzen zuena. Beren nagusiengan konfiantza zuten Hanfordgo langileek eta gizarte ireki eta asketzat zuten beraiena amerikarrek.

Bai, arraroa da.

Segurtasun zerbitzuen beldurraz gain, galderak eta protestak itotzen zebiltzan Richlandeko bestelako indar batzuk ere. AEBetako industria-aberastasuna emendatuz zihoan, baita langile-familien oparotasuna ere, eta horrek zekarren zientzia, teknologia eta kultura elkar elikatzen zirela, lehiakortasun-, esperientzia- eta konfiantza-mezu bat zabalduz. 

Hor ohartzen gara kulturalki eragiteko subentzionaturiko azpiegituren garapenak eta landa-industrializazioaren estrategiak funtzionatu dutela. Aberastasunaren, hezkuntzaren, trebetasunaren, hierarkiaren eta araudien errespetua, hori da Richlandeko kulturaren bizkarrezurra, eta zalantza, beldur, zurrumurru baita gertakari oro isilarazteko balio izan die. Langileen seme-alaben hezkuntzara bideratu dute inbertsio handia Hanfordgo agintariek, eta aurrerapen zientifikoarekiko atxikimendu sakona izan da horren emaitza. Egoiliar batek horrela oroitzen du: “Richlanden, urtean 300 egunez egiten zuen distira eguzkiak. Biztanle orok zituen etxetik hurbil farmazia, janari-denda, beisbol-zelaia eta gasolindegia. Mediku onak genituen. Belaze bakoitza moztuta zegoen, etxe bakoitza pintatuta. Richlandeko ume guztiek dituzte donut beroak, CC Andersongo erosketak eta Bomber Bowlgo ospakizunak gogoan. Zergatik izan ziren hain urte ederrak? Babestuta geundelako. Hiri atomiko hartan hezten zituzten beraien seme-alabak, gaitzetik urrun, delinkuentziatik eta degradazio sozialetik urrun. Lasaitasuna, ongizatea eta gatazkarik eza nagusi ziren”.

Txernobyl hiriko etxe abandonatu bat. Argazkia: Kate Brown

Azken gertaera geopolitikoek lotura dute zure liburuek dakartenarekin. Ukrainako Zaporizhjiako zentral nuklearrari eraso egin dio Errusiako armadak, eta Israelek eta AEBek instalazio nuklearrak bonbardatu dituzte Iranen –kutsadura erradioaktiboari dagokionez ezezagunak diren ondorioekin–. Aldi berean, hainbat herrialdek, tartean, Frantziak, Hungariak, Poloniak eta Eslovakiak, nuklear zibila berritzeko asmoa iragarri dute –azpiegitura berriak eraikitzeko eta parke nuklearren iraupena handitzeko asmoa dute–. Proiektu horiek babesten dituzte, batetik, ekonomiaren deskarbonizazioaren izenean nuklearra babesten duten eko-modernistek, eta, bestetik, politikoki eskuinean edota eskuin muturrean direnek, berriztagarriak gorroto baitituzte. Historialariaren ikuspegitik, konfigurazio hori berria da ala eskema zaharragoetara bueltatzen gara?

Berritasun guti dugu tonu nuklearra duten gaur egungo gatazketan eta nuklear zibilaren birsortzean, nahiz eta osagai bat baden berria: energia nuklearra helburu ekonomikoetarako ez, baizik eta politikoetarako instrumentalizatzen duten politika nazionalista eta xenofoboen areagotzea. Energia nuklearra eguzki-energia eta energia eolikoa baino hiru edo bost aldiz garestiagoa da, kilowatt-orduka. Zentral nuklear bat eraikitzeko hamarkadak behar dira, eguzki-panelak edo aerosorgailuak jartzeko, berriz, aste batzuk edo hilabete batzuk. Alde handia da, urgentzia klimatikoaren kontuari begiratzerakoan. Instalazio nuklearren zaurgarritasuna agerian utzi du Ukrainiako gerrak; etsaiak hartuz gero bonba kutsatzaile erraldoi bihur daitekeelako. Irangoak, eta aitzinetik Irakekoak, erakutsi digute erasoaldiak justifikatzeko orduan zein erraza den instalazio nuklear zibilak eta militarrak nahastea. Botere

Aberastasunaren, hezkuntzaren, trebetasunaren, hierarkiaren eta araudien errespetua, hori da Richlandeko kulturaren bizkarrezurra, eta zalantza, beldur, zurrumurru baita gertakari oro isilarazteko balio izan die

ekonomiko, politiko eta militarra ekarriko zioten promestzat izan zuten nuklearra Gerra Hotzeko indar kontserbadoreek. Gaur egun ere hala da, nahiko modu irrazionalean gainera. Hau da, ekonomia-burujabetzaz eta erresilientziaz kezkatua den edonork argi du berriztagarriak merkeagoak, seguruagoak, garbiagoak eta garatzeko azkarragoak direla. Bonba nuklearraren produkzioak eta Txernobylek erakutsi digute promes ekomodernista horiek ez direla sinesgarriak. Paisaia pozoituak, jende erituak eta amaigabeko deskontaminazio-betebeharrak uzten dituzte ordainean. Emily Callaci historialari feministak Wages for Housework (Soldata bat etxeko lanarentzat) liburuan erakusten digu klima-aldaketaren eta bestelako hondamendi antropogenikoen testuinguruan “garbiketa-lanak” doan dabiltzanen esku gelditzen direla: kutsatu gabeko janaria kontsumitzeko aukera bilatzen dutenak, auzoko txoko kutsatuenak saihesten dituztenak, erabat osasuntsu ez den umea edota haurdun gelditu ezinean den heldua zaintzen dituztenak... eta hortik urte batzuetara, minbiziak edo eritasun kronikoak jotako senidea zainduko dutenak.

Fruta biltzen duten haurrak, lana egin ondoren. Argazkia: Kate Brown

Proiektu nuklear horiek garatu ahala, geroz eta isotopo erradioaktibo gehiago bada munduan, eta “likidatzaile nuklearren” gisara [Likidatzaile deitzen zaie Txernobylgo hondamendiaren kalteak gutxitu nahian, istripuaren biharamunetan bertan lanean aritu ziren 600.000 lagun ingururi. Suhiltzaileak zein bestelako langileak, suteak itzali eta sarkofagoa eraikitzeaz arduratu ziren] kitorik lanean gabiltzan geroz eta gehiago gara. 

gora