Azaro, azaro, erein eta itxaro.

Zatoz bertso bazkari berezira, ilargiari begiratzen dioten baratzezaleekin ospatzera

Ilargia eta landareak 2027 agenda laster izango dugu eskuetan. Ilargiaren arabera sasoi bakoitzean landareekin zer lan egin azaltzen duen agenda honek urteurren biribila beteko du, gainera: hamargarren agenda izango da. Hori ospatzeko bertso bazkari berezia antolatu du ARGIAren Bizi Baratzea ildoak. Irailaren 26an, Azpeitiko (Gipuzkoa) Azoka Plazan, bertako elikagaiekin prestatutako bazkaria dastatuko dugu, agendaren egile Jakoba Errekondoren azalpenekin eta Antton Olariagaren iruditegi umoretsuarekin ilustratuko gara eta Maddalen Arzallus eta Unai Agirreren bat-bateko bertsoekin eta bertso zaharrekin gozatuko dugu. Biribildu agendan hitzordua eta erreserbatu zure txartelak.


2026ko irailaren 02a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Irailaren 26an aurkeztuko da Ilargia eta landareak izeneko hamargarren agenda, 2027 urteari dagokiona. Fruitu arbolak izango ditu gai gisa.

Aurkezpena baino, jaia izango da, ilargiaren, baratzearen eta orokorrean landareen zaleek giro ederrean elkarrekin gozatzeko bazkaria, hain zuzen. Azpeitiko (Gipuzkoa) Azoka Plazan eta 14:00etan hasita, barrenak goxatuko dizkigu 150 kilometroren bueltan ekoiztutako elikagaiekin Elikaguneak prestatutako bazkariak. Bazkalostean, gozatuko dugu Maddalen Arzallusek eta Unai Agirrek landareak gaitzat hartuta kantatuko dituzten bertsoekin: bertso-jarri zaharrak batetik, eta uneak inspiratutako bat-batekoak, bestetik. Eta, nola ez, Jakoba Errekondok fruitu arbolei buruzko azalpenak emango ditu eta bertaratutakoen galderak erantzungo ditu. Entzuteko bezala izango da ikusteko saioa, Antton Olariagak agendarako propio egindako ilustrazioak erakutsiko baititu, umore finez.

Bertso bazkari berezi honen txartela 28 euroan dago salgai, eta haurren txartela 15 euroan. Egin erreserba ARGIAren Azokan, edo ARGIAra deituta: (+34) 943 37 15 45 zenbakian. Beste aukera, Azpeitiko Elikagunea dendara joan eta bertan erreserba egitea da.

Aurreko urteetako agendaren aurkezpen bereziak

Aurreko urteetan ere emanaldi bereziak izan dira Ilargia eta landareak agendaren aurkezpenak, hainbat artista eta alor uztartu dituztenak. Esaterako:

Iazko azaroan Biriatuko (Lapurdi) Arbolaren Bestan aurkeztu zuten agenda Jakoba Errekondok eta Antton Olariagak, eta ordukoan ere Maddalen Arzallus aritu zen bertso kantari. Hemen daude irakurgai sortu ziren solasaldiak, eta hemen deskargatu daiteke Arzallusek kantatu zituen bertsoak biltzen dituen liburuxka.

2022ko urrian Alegian (Gipuzkoa) egin zen agendaren aurkezpen berezia: Jakoba Errekondo eta Antton Olariagaren azalpenei gehitu zitzaizkien Eñaut Agirre eta Unai Agirreren bozak bertso-jarriak bi ahotsetara kantatzean, eta animaliei buruzko Iñaki Sanz-Azkueren azalpenak. Kronika honetan hitzaldiaren bideoa ere badago ikusgai.

Aurkezpen berezi horietan sortu zen giro goxoak bultzatuta antolatu dugu bertso bazkari berezia aurten, landarezaleei bilgune atsegin bat eskaini asmoz.

Ez duzu Ilargia eta landareak agenda ezagutzen?

Etxean, baratzean edo basoan landareak badituzu, edo, besterik gabe, naturarekiko jakinmina baduzu, agenda honekin gozatuko duzu. Izan ere, agenda erabilgarria izateaz gain, baratzean egiteko oinarriak azaltzen ditu Jakoba Errekondok, eta, horrez gain, orri bakoitza plazer hartzeko elementuz eta xehetasunez josia da. Hor dira egun bakoitzean ilargia ze fasetan dagoen azaltzen duten infografiak, Antton Olariagaren ilustrazioak, esaera zaharrak... Urtero agendak gai bat izaten du ardatz eta 2027koaren gaia fruitu arbolak izango da.

Irailaren 26an Azpeitian, bertso bazkari berezian, eskura egongo da 2027ko agenda.

Laborantza herrikoiak edo agroekologiak klima hoztu dezake
2026-07-26 | Estitxu Eizagirre
Ekainean astebetez egon garen moduan, 40 gradutan maiz egon beharko badugu, gure etorkizunak desiragarritasuna galtzen du, guztion ongizatea urtzen sumatzen dugu eta zimeltzen diren landareei... (+)
"Gipuzkoako Aldundiak ez du basabizitza balioan jartzen, etekina atera behar zaionaren pentsamenduz kudeatzen du"
2026-07-14 | Estitxu Eizagirre
Edurne Huesa Otegik Aralar parke naturaleko patronatuan Landarlaneko kide gisa hartzen du parte eta Aitziber Sarobe Egigurenek Pagoeta parke naturaleko patronatuan Arkamuka ordezkatzen du. Biak... (+)
Kontserbazio ekologikorako aurreikusia zegoen Gipuzkoako Markesbaso basoa egurgintzara bideratu nahi du Kutxabankek, salatu dutenez
2026-07-09 | Estitxu Eizagirre
Kutxabankek Markesbaso finkarako aurreikusita zegoen jatorrizko proiektutik aldentzea erabaki duela salatu dute 36 talde ekologistak eta kontserbazionistak. Zestoa eta Azpeitia artean dago Kutxabanken jabetzakoa den 290... (+)
Kobre meatzeak zabaltzeko lehen urratsak Lizarraldean eta Zangotzan
2026-07-06 | Estitxu Eizagirre
Sorladako Udalak (Nafarroa) baimena eman dio Iberian Copper S.L.U. enpresari lur komunaletan meatzaritzarako egokia den jakiteko ikerketa lanak egin ditzan. Ekologistak Martxan eta Lurgorri Lizarraldeko... (+)
Politika publikoekin nola bultza elikadura burujabetza?
2026-06-10 | Estitxu Eizagirre
Arlo juridikoa izango du erdigunean ekainaren 19an Azpeitian (Gipuzkoa) egingo den Udako Euskal Unibertsitatearen Lurra, legea eta elikadura. Nekazaritza eta elikadura-sistema ikuspegi juridikotik politika publikoetan jardunaldiak.... (+)
gora