Astelehenero 8:00etan zure epostan
Uda honetako bero boladen, sute erraldoien eta lehorteen ostean, galdera batek obsesionatu behar lituzke Europako agintari politikoak: nola atera suntsidura eragiten duen sistema honetatik? Nahiago dute, ordea, betiko trapu zaharrak astindu: austeritatea, immigrazioa, fiskalitatea... eta bien bitartean, uztak kaltetzen ari dira, gudak borrokatzen, fertilizanteak garestitzen eta oso gogorra izango den El Niñoren kapitulu berri bat iristear da, mundu mailako elikadura segurtasuna arriskuan jarrita. Astindu berri bat indar hartzen ari da, eta horrek beste su bat sor lezake planeta osoan: amorrua.
2007an hasi zen ARGIAko lantaldean, aurretik erreportaje batzuk argitaratuta kolaboratzaile gisa.
Egilea: Lesueur anaiak
Txantxa gutxi Mohamed Larbi Bouguerrarekin, bereak dira goiko hitzak. Tunisiako Beit al-Hikma Zientzia, Letra eta Arteen Akademiako kidea, Frantziako CNRS ikerketa-zentro nazionaleko zuzendari ohia eta unibertsitateko irakaslea da egun. Munduko elikadura katean negatiboki eragiten ari diren faktore garrantzitsuak bildu ditu iraileko Le Monde Diplomatique aldizkarian. Erreportaje zorrotz horretan bildu dituenak laburbildu ditugu ondorengo lerroetan.
Hasteko, uda honetan ia urtu gaituzten bero boladak aipatzen ditu. 40ºC-tik gora ibili gara Euskal Herrian bezala, Europako leku askotan, batez ere mendebaldean. Mundu mailan inoiz erregistratu den abuzturik beroena izan da aurtengoa eta hori suteentzat bazka izan da. Euskal Herritik iparraldera eta hegoaldera suak kiskali ditu, adibidez, Frantziako eta Espainiako milaka hektarea baso, aurreko urtean baino askoz ere gehiago, Europar Batasuneko datu ofizialen arabera. Hori baino lehen, Ipar hemisferioa udan sartu aurretik, hegoaldean suteen erregistro guztiak hautsiak zituzten. Argentinatik Australiara, Hegoafrikatik pasata, maiatzerako 163 milioi hektarea inguru kiskali ziren, 2012-2025 aldiko batez bestekoa (110 milioi) baino askoz gehiago.
Bigarrenik, lehorteak. Aurten ibaien ur eskasiek marka historiko ugari hautsi dituzte. Rhin, Danubio, Po, Loira eta Tamesis bezalako ibaiek inoizko mailarik baxuenak izan dituzte, eta ondorioak sentitu dira energian, garraioan, nekazaritzan eta edateko uraren horniduran. Euskal Herrian ere joera bera izan da eta, adibidez, Arcelor Mittalek Gipuzkoan bere labe nagusia 48 orduz gelditu behar izan du udan Oria ibaiak zeraman ur emari txikiagatik. Nagore Irazustabarrena lankideak Ikusten banauzu, egin negar erreportajean jaso zuenez, Europako Elba, Rin, Mosel, Mündesee edo Weser ibaietan data batzuk idatzita dituzten harriak daude, soilik ikusten direnak uraren maila izugarri jaisten denean: 1616, 1746, 1842... “Ikusi ninduenak negar egin zuen. Orain ikusten nauenak negar egingo du”, gisakoak dauzkate idatzita. Lehorte –eta gosete– urteak dira; uzta katastrofikoen, prezioen igoeren eta eskasia orokortuen markak. Harri horiek agerian daude egun.
Bero boladek eta ur eskasiak eragin dramatikoa dute uztetan, eta ekoitzitako elikagai kopuruetan jaitsiera orokorrak aurreikusten dira. NBEren Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak (FAO) 2026ko munduko zereal-ekoizpenaren aurreikuspena, adibidez, 3,4 milioi tonatan jaitsi du uztailaren ondoren. Kopurua aurreko urtekoa baino %2 txikiagoa da, eta 2018az geroztik izandako jaitsierarik handiena da. Artoa izango da kaltetuenetakoa: munduko ekoizpena 1.309 milioi tonatan aurreikusten da, eta jaitsiera nagusia Europar Batasuneko uzta txarrak eragingo du, batez ere Frantziakoak eta Poloniakoak. Garia, berriz, 810 milioi tonatan aurreikusten da, aurreko urtekoa baino %3,8 gutxiago. EBko zereal-ekoizpena 2026-27 epean, aurreko denboraldian baino %8 gutxiago izatea aurreikusten da. Ipar-mendebaldeko Europako patata-ekoizpena %25 jaitsiko da aurten, Frantzian %23...
Munduko elikagaien hornikuntzararako oztopo dira gudak, nola ez. Ez da alferrik esaten gerla urte, gose urte. Aipatu behar da Errusiak eta Ukrainak esportatzen zutela munduko gari eta garagar osoaren herena, eta Ukrainak, berak bakarrik, gudaren aurretik banatzen zuela Europa osoko zereal guztien ia erdia eta Europara inportatutako etxeko hegaztien laurdena. Hori dena gainbeheran dago bi herrialdeek elkarri eginiko erasoengatik. Horri, gainera, gehitu behar zaio AEBek eta Israelek Iranen kontra martxoan abiatutakoa guda.
Elikagaien garraioa oztopatu den gisan, nekazaritza eredu industrialarentzat ezinbesteko diren fertilizanteak sortzeko oinarrizko materiena ere erabat baldintzatu da Ormuz eta Bab al-Maneb itsasarteen itxierarekin. Prezioen garestitzea eta mundu mailako produkzioa jaistea ekarri du horrek. FAOko ekonomista buru Máximo Torerok adierazi du Iranen aurkako guda eragiten ari dela “azken urteotako asaldurarik larrienetakoa oinarrizko produktuen munduko fluxuetan", eta horrek ondorio garrantzitsuak uzten dituela elikagaien segurtasunean, nekazaritzako ekoizpenean eta munduko merkatuetan. Bi adibide jartzearren, nekazaritzarako fertilizanteak egiteko urea eta azufrea behar dira, eta bi material hauek Golkoko herrialdeetatik hornitzen dira mundura kantitate erraldoietan. Gaur egun garraioa oso baldintzatuta dago. Le Monde Diplomatique-ko erreportajean jasotzen denez, ondorioak sumatuko dira Egiptoko garian, Indiako arrozean, edo Brasil eta Afrikako herrialde esportatzaileetan, herrialde horien fertilizanteekiko menpekotasuna medio. Eskasiaren erakusle da Txinak bere fertilizante garrantzitsuenei dagokienez, "zero esportazio" politika indarrean jarri izana martxoan, eta handik egun gutxira AEBek Venezuelako eta Bielorrusiako fertilizanteei zigorrak altxa izana. Lurrarentzat ongarri faltan geratzen ari da, beraz, orain gutxi arte horretarako kaka eta pixa erabiltzen zuen gizakia –soluziorik erraz, merke, garbi eta jasangarriena, Pello Zubiriak 2018an Simaurraren gorazarrez Larrunean azaldu zuenez–. Paradoxikoa bada behintzat.
Ikuilua behiez gainezka eta artaldea ere bertan sartu nahi. El Niño fenomeno klimatiko ziklikoa da, Ozeano Barearen tenperatura berotzearekin batera sortzen da eta denboran irauten duten ondorioak ditu. Eurite handiak eragiten ditu Abya Yala edo Amerikako kontinentean, lehorteak eta suteak Australian eta Asiako hego-ekialdean, eta tifoiak Ekialde Urrunean. Duela mende eta erdi, 1876 eta 1878 artean, erregistratuta dagoen El Niñoren fenomenorik gogorrena ezagutu zuen munduak. Lehorte gogorrak eragin zituen Txinan, Afrika erdialdean, Brasilen, Egipton eta Indian, herrialde batzuk aipatzearren. Aurtengo El Niño fenomenoa “orain arteko bortitzena” izan daitekeela dio Munduko Meteorologia Erakundeak. Baliteke ehunka milioika pertsona elikadura segurtasunik gabe geratzea urtea amaitu aurretik.
Eta osatu dugun argazkia ez balitza nahikoa beltza, azken faktore bat aipatu du Larbi Bouguerra adituak: elikagaien espekulazioa. “Nekazaritzako lehengaien merkatuak menderatzen dituzten eragileek krisien eraginak areagotzen dituzte gosearekin espekulatuta, eta egoera horiei probetxua ateratzen diete. Joera kezkagarri hori oso ezaguna egiten zaigu”. Aurreikus daiteke, eskrupulurik gabeko jende horrek, ez diela beren irabaziei ukorik egingo, nahiz eta horrek gosearen atzaparretara bota mundu osoko Los Nadies, Eduardo Galeanok izendatu zituen bezala.
Ikusiak ikusi, beren erabaki politikoekin mundua krisi erraldoi honetara daraman gosearen gobernuak ez dirudi kontzientzia arazorik izango duenik pertsona batzuk gosez hiltzen badira, milioika izanik ere, beren bunkerretatik urrun. Iraganari erreparatu besterik ez dago hori hala dela ikusteko: Indiako Bengalan, adibidez, britainiarrek sei milioi pertsona utzi zituzten gosez hiltzen 1943an –independentzia eskuratu baino lau urte lehenago–, bertatik 70.000 tona arroz baino gehiago esportatu zituzten bitartean; eta Irlandan ere berdin jokatu zuten 1845tik 1852ra. Hala ere, aberats aseezin hauek kontziente izango al dira gosea dela mendeetan zehar matxinadak piztu dituen arrazoirik indartsuenetakoa? Erreportajea ilustratzeko erabili dugun lana horren lekuko, 1789an Frantzian izan zen ogi-eskasia eta gosetea irudikatzen ditu, eta berehala Iraultza hasi zen. Goseteak asko izan baitira munduan, baina gose-matxinada deiturikoak ere ez dira gutxi izan. Izan ere, Brasilen dioten gisan, Gose denak, presa du.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545